Galdera

 

Zein da zuzena: “Mikel ezkondu delako berria izan dugu” edo “Mikel ezkondu denaren berria izan dugu”?

 

Data: 2015/10/27



Erantzuna

 

Mikel ezkondu delako berria izan dugu” da zuzena.

 

1/ Zure galderari bete-betean erantzuten dio Euskaltzaindiaren 116. arauak (-eLAKO eta –eN atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan). Hona aldatuko dizugu arauaren laburpena.

 

 

ARAUA


Hortaz, literatur tradizioaren lekukotasuna ikusita, hau da Euskaltzaindiaren erabakia izenak gobernatzen dituen perpaus osagarri jokatuetan erabili beharreko atzizkiez:

 

Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru... eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan –eLAKO eta –eN atzizkiak erabiliko dira euskara batuan:

 

Ekonomia gaizki doalako berriak ez gintuzke harritu behar.

Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zelako ustean.

Nork zabaldu du Maite eta Koldo banatu direlako zurrumurrua?

Euskara Afrikatik datorrelako hipotesiak indarra galdu du azken urteotan.

Berriro elkar ikusiko dugulako esperantza ez dut galdu.

Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa.

 

Berriro elkar ikusiko dugun esperantza ez dut galdu.

Maite gaituzten seinale da egin diguten harrera beroa.

 

 

Baina euskara batuan ez da egoki perpaus osagarriotan –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea, ez baitute literatur tradizioan aski den adinako lekukotasunik. Beraz, gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan:

 

*Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar

*Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zeneko ustean

*Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa

 

 

 

Ikusten duzunez, zure esaldiaren lehen aldaera (“ezkondu delako berria”) ontzat ematen du, eta bigarrena (“ezkondu denaren berria”), ostera, ez.

 

2/ Esaldi hori zuzena izan arren, ez da asko erabiltzen den forma. Naturalagoak eta egokiagoak izan litezke beste hauek:

 

Mikel ezkondu dela jakin dugu.

Mikelen ezkontzaren berri izan dugu.

 

 

3/ Hiztegietan begiratzen baduzu edo testuetan bilatu, ikusiko duzu nola erabiltzen den berri izan (= berri jakin): [Izena (NOREN kasuan) + berri izan] edo [Erlatibozkoa (NOREN kasuan) + berri izan].

 

Antolatzen ditugun jardueren berri izan nahi duzu?

Beste eraso sexista baten berri izan dugu.

Parlacatalà elkartearen berri izan du Euskaltzaindiak.

 

Etorkizuna eraiki ahal izateko, historian gertatu denaren berri izan behar dugu.