Galdera

 

Galderetan, noiz erabiltzen da 'zer' eta noiz 'zein'? Adibidez: 'Zer helburu du?' ala 'Zein helburu du?'

 

Data: 2015/11/03



Erantzuna

 

Galderak hautatzearen esanahia badu , zein; bestela, zer. Dena dela, esan liteke bi-biak erabili daitezkeela askotan.

 

1/ Ahoz,Ze helburu du?” esaten dugu hiztun askok eta askok. Eta literatura idatzian ere erabili da “ze” hori, Orotariko Euskal Hiztegian ikusten dugunez.

Euskaltzaindiaren Hiztegian (2012) honela jasota dago:

ze 1 lok. (Lgart.). Ezen, zeren.

2 adlag. (Lgart.). Zer; zein.

Beraz, ze ontzat ematen du Euskaltzaindiak, baina “lagunartekoa” dela adieraziz. Hizkuntza-maila neutrorako edo jasorako, berriz, beste hauek proposatzen ditu: lokailua denean, ezen edo zeren; adizlaguna baldin bada, berriz, zer eta zein.

 

2/ Bi kasu horietatik, bigarrena dugu aztergai; hortaz, jo dezagun hiztegiko sarrera horietara.

zer 1 (Determinatzailea) (Galdetzailea). Izen baten aurrean, honen nolakotasun edo xehetasun ezezagun bat ordezkatzen duen hitza. Zer gauza dira aingeruak? Etxean zer lan egiten duzu? Zer adin zuen? Zer begiramen zor dio, bada, idazleak irakurleari? Zer gizon modu dugu andaluziarra? Zer bidetatik hara joan uste duzu?

 

zein 1 (Determinatzailea) (Galdetzailea). Mota bereko zenbait gauzaren edo gauzakiren artean hautatzeko hitza. Zein euskalki hartu duzu oinarritzat hiztegirako? Zein ur, geldia ala lasterra? Oraingo zein gaztek ikusi du hori? Zein baserritan ikasi ote du “kontuan erortzen” esaten? Bizkaiko hitza omen da, eta Mogelek (baina zein Mogelek eta non?) darabilena.

 

 

Hortik, ondorio honetara iritsi gaitezke:

 

a)     Zer helburu du sailkatzeak?” galdera irekia da, eta espero dugu  helburua(k) deskribatzea edo.

 

b)    Zein helburu ez d(ir)a bete ikasturte honetan?” galdera itxia da, eta espero dugu aldez aurretik ezarrita genituen helburu guztietatik bat edo batzuk aipatzea.

 

Hala ere –hizkuntzan maiz gertatzen den bezala– zalantza izango dugu kasu askotan, bi eratara interpretatu dezakegulako galdera. Zer ote da gure “ze” hori: zer edo zein? Bietatik, zein?

 

Interneten bilaketak eginez gero, islatzen da guztion zalantza hori.

 

Zer

baina…

Zein

a.       Zer helburu ditu industria farmazeutikoak?”

a.         “Ez nuen zalantzarik egin: banekien nora nentorren eta zein helburu dituen taldeak.”

b.      Zer egunetan eta zer ordutan atera ditzaket altzariak?”

b.         “Berehala ikasten dute zein egunetan joan behar duten.”

c.       Zer adinetan da zilegi botoa ematea?”

c.         Zein adinetan emango zenioke sakelakoa haur bati?”

d.      “Nafarroako zer eskualdetan gertatu da istripua?”

d.        Zein eskualdetan kokatu behar da Legorreta: Tolosaldean ala Goierrin?”

e.       Zer ordutan hasiko da hitzaldia?”

e.         Zein ordutan esnatzen zara?”

f.       “Ikasgaia hasi baino lehen ez nuen guztiz garbi zer irakasle mota izan nahi nuen.”

f.          Zein irakasle mota izango gara?”

g.      “Kalkula ezazu zer distantzia dagoen ondoz ondoko bi puntuen artean baldin eta (…)”

g.         “Zenbat denbora behar du harrapatzeko eta zein distantzia egingo du?”

 

 

3/ EIMAren estilo-liburuaren zazpigarren liburukian (Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak), badago auzi honen gaineko ataltxo bat (91.-92. or.), eta salatzen du «egungo hizkeran eta testuetan, behar baino gehiagotan zein erabiltzeko joera». Ez ditu ontzat ematen honelakoak:

 

*Zein ordutan esnatzen zara? > Zer ordutan…?

*Zein irakasle mota izango gara? > Zer irakasle mota…?

*Zein distantzia egingo du? > Zer distantzia…?


Onartzen du –guk gorago esan dugun bezala– batzuetan biak erabili daitezkeela, bakoitza bere esanahiarekin, eta adibide batzuk jartzen ditu, ohar bat erantsita:

 

Zer egunetan joan behar duzu mendira? // Zein egunetan joan behar duzu mendira?

Zer kolore erabili da gehien? // Zein kolore erabili da gehien?

Zer herritan bizi da Ane? // Zein herritan bizi da Ane?

 

«Hiru adibideotan ere, errazago da zer erabiltzeko testuingurua izatea, baina beste aukera ere zilegi izan daiteke: egun-aukera mugatua bada, koloreak aipatuak baditugu, herri multzo jakin batez ari bagara…»

 

Perpausa eratzeko moduaren arabera ere, bi aukerak (zer eta zein) ditugu. EIMAk bi adibideok ematen dizkigu:

 

Zer plan du Jainkoak gizaki guztiontzat? > Zein da Jainkoak gizaki guztiontzat duen plana?

Zer kolore duzu gogoko? > Zein da zure gogoko kolorea? / Zein duzu kolorerik gogokoena?