Galdera

 

Zerekin ala zerez? ‘Irribarre batekin’ ala ‘irribarre batez’?: Zein da zuzena?


Data: 2015/11/03



Erantzuna

 

Galdetu diguzu “bakea irribarre batekin hasten da” edo “bakea irribarre batez hasten da” esaldi bi horietatik zein erabili behar den. Beste modu batean esanda, zer kasu erabili behar den: ZEREKIN edo ZERTAZ/ZEREZ.

 

Erantzuna: Biak dira zuzenak, baina, gure ustez, “Bakea irribarre batEKIN hasten da” forma da egokiena.

 

1/ ZERTAZ edo ZEREZ kasu instrumentalak tresna edo bitartekoa adierazten du:

Buruz ikasten ditu matematikako eragiketak.

Eskuz jo du pilota.

Segaz moztu du belarra.

 

 

2/ NOREKIN edo ZEREKIN kasu soziatiboak konpainia edo kidetasuna adierazten du.

Itsaso bere amonarekin bizi da.

Atzerritar batzuekin joan da Donostiara.

 

Dirudienez, instrumentalaren eta soziatiboaren arteko nahas-mahasa bizkaierazko –a(ga)z soziatiboaren (NOREKIN kasuaren) markarekin sortu da.  Izan ere, hizkuntza mintzatuan –AZ ebakita laburtzen da bizkaierazko marka: «(ezkerreko) eskua(re)kin/ eskua(ga)z (jo)».

 

 

3/ Halaber, NOREKIN kasua modua, kausa edo instrumentaltasuna adierazteko ere erabil daiteke. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) obran argitzen da:

«Makila honekin jo dut.

Liburu harekin, dakidan euskara guztia ikasi dut.

Soka ebaki zuen labana batekin.

Bero honekin ezin da lanik egin.»

Hortaz, guztiz zuzena, jatorra eta egokia litzateke “eskuAREKIN jo du pilota” edo “segAREKIN moztu du belarra” esatea eta idaztea.

 

Euskaltzaindiak azaltzen duenez, horiek gaur egun euskarazko esaldi jatorrak badira ere, aspaldian, «instrumental kasua erdi galdua zegoen tokietan, eta instrumentala berriro bultzatu nahian, batzuk soziatiboarekin erabilera horiek baztertuko lituzkete.» Bada, alfabetatze prozesuarekin, ezinbestean NOREKIN kasua erabili beharreko testuinguruetan ere sasiko instrumentala bultzatu izan da.

 

4/ Amaitzeko:

Hara eta hona bila ibili gara Kalkutako Teresaren esaldi ospetsua bilatzen, eta ikusi dugunez Interneten bi eratara agertzen da. Bada, bi formak egokiak lirateke.

 

“Bakea irribarre batEKIN hasten da”

 

 “Bakea irribarre batEZ hasten da”

 

Soziatibotik (-ekin) instrumentalera (–z) aldatzeko ez dago beti arrazoirik. Halaber, bizkaierazko soziatiboak -gaz laguntzen du sarritan halakoak belarrirako arrunt egiten, eta ez -z instrumentalak (EIMA Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak, 180.orrialdea):

 

“Bakea irribarre batEGAZ hasten da” (bizkaieraz)

 

 

5/ Hona hemen gure Galde-erantzunen datu basean jasotako antzeko bi zalantzaren erantzunak:

'TxartelAZ' ala 'txartelAREKin' ordaindu? ' sarrera.

'Gerrikoz lotu prakak' edo 'Gerrikoarekin lotu prakak'? sarrera.

 

 

Bibliografia lagungarria:

 

Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I (287.-294. or.)

EIMAren Kalko Okerrak (46.-48. or.)

EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (180.-184. or.)