Galdera

 

Hasi daiteke esaldi bat eta juntagailuarekin?

 

Data: 2015/11/03



Erantzuna

 

Bai: eta joan daiteke esaldiaren hasieran.

 

Eta juntagailua, perpaus barruan ez ezik, perpaus hasieran ere agertzen da sarri. Halakoetan, batzuetan, hura bakarrik ikusiko dugu, eta, beste batzuetan, testu mailako ñabarduraren bat ematen duen lokailuren batek lagundua.

Hona hemen Berria egunkaritik eta Argia aldizkaritik ateratako adibide batzuk:


Gaur egun zaharraren zaharrez hiltzen gara normalean. Eta normalean, gaixotasun edo mendekotasun epe luze bat pasa ondoren.


Espainiak 1958an izendatu zuen 53. probintzia Mendebaldeko Sahara, “penintsularen zabaleraren erdia zuen lurraldea“. Eta artean Espainiako kolonia zela hasi ziren sahararrak autodeterminazioa aldarrikatzen...


Sareak hirugiharrezko lazoz beteta ikusi ditugu, eta egin dira txisteak kontu honen inguruan. Eta, beste behin, benetako protagonistekin inor ez da gogoratu, gure sabelak bizio hutsagatik betetzeko erabiltzen ditugun animaliekin, geure etekinerako hazi, akabatu eta saltzen ditugunekin.


Euskal Herritik iritsitako loreak, ordea, ez dira lore Ameriketako Estatu Batuetan. Hemen, Flowers deritzo Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmari. Eta hala adierazita dago, letra handiz, filma iragartzen duen kartelean ere. Oscar sarien 88. ekitaldian, ingelesez besteko pelikula onenaren atalean, Espainia ordezkatuko duela argitzen da bertan. Eta segidan, Miami Herald, The Hollywood Reporter eta Variety argitalpenetatik ateratako filmari buruzko aipuak: «Gatibugarria. Maitasun eta galeren esplorazio sinfonikoa», «Emozionalki zehatza, erromantze eta oroitzapenen esplorazio isil, liluragarri eta sotila»...

 

Gauza bera gertatzen da baina eta edo juntagailuekin ere:


Baliabide naturalak ere kolonoek ustiatzen dituzte: fosfatoa, arrantza, petrolioa —fosfatotik urtean 200 milioi dolarren irabaziak ditu Marokok—. Baina kolonizazio eta asimilazio politika haratago doa.


Akzioak erosten ari bazara, enpresa nora doan aztertu behar duzu lehenik. Baina burtsan akzioak ez diren beste gauza asko daude.


Gol horrekin hobera egin zuen Realak, eta behera Celtak. Urduritasunak kenduta, konfiantza gehiagorekin jokatzen hasi ziren David Moyesen jokalariak. Baina gutxi iraun zien pozak eta lasaitasunak.


Akatsak akats, Retegik hainbestean eutsi zion Irujori partida erdialdera arte, eta berdinketa ugari egon ziren: 11na, 12na, 13na eta 14na. Baina gero ihes egin zuen Iberokoak.


Matematikako zenbakiak, berriz, barbantzuak, babarrunak eta botoiak manipulatuz osatzen genituen. Edo kartetan jokatzen genuen, “eskobara”, eta kartetan batuketak lantzen genituen!

 

Bukatzeko, ohartxo bat egin nahi dizugu: aurreko batean eta juntagailuarekin eta puntuazioarekin lotutako beste kontsulta bat egin ziguten, eta emandako erantzuna irakurtzea ere interesgarria izan dakizuke.