Galdera

 

Ariketa batean, interpretazio bi egon dira.

Irakaslearen interpretazioa: liburu kopurua maketa kopurua baino handiagoa edo berdina da.

Ikasleen interpretazioa: maketa kopurua liburu kopurua baino handiagoa edo berdina da.

Nork dauka arrazoia? Nola birformulatu daiteke?

 


 

ARIKETA

Kiosko batean, liburuak eta maketak saltzen dituzte. Sakelan 120 € dauzkagu liburuak eta maketak erosteko, baina, gutxienez, maketa beste liburu erosi nahi ditugu.

Jakinik liburu bakoitzak eta maketa bakoitzak 30 € balio dutela, zein da diru horrekin erosi ditzakegun liburuen eta maketen kopururik handiena?

 


Data: 2015/11/23



Erantzuna

 

Interpretazio zuzena irakaslearena da.

1/ Ikusi dezagun zergatik.

Lehenengo esaldi hau esanahi bakarrekoa da:

·         Liburuak erosi nahi ditugu

Liburu horiei nahi adina zehaztapen ezartzeko aukera daukagu, aurrean zein atzean kokatuta:


·         [Matematikako] liburuak erosi nahi ditugu(nolakotasuna)

·         Liburu [sendoak] erosi nahi ditugu(nolakotasuna)

·         [Zure] liburuak erosi nahi ditugu (jabetza)

·         [Merkealdian dauden] liburuak erosi nahi ditugu (nolakotasuna)


Zehaztapenak gora-behera, kasu guztietan argi dugu liburuak erosi nahi ditugula.

Jakina, kopuruari dagozkion zehaztapenak ere eman ditzakegu perpausean; hots, zenbat liburu?


[x] liburu erosi nahi ditugu

·         [Zazpi] liburu erosi nahi ditugu

·         Liburu [gutxi] erosi nahi ditugu 

·         [Zuk baino] liburu [gehiago] erosi nahi ditugu

·         [Itziarrek adina] liburu erosi nahi ditugu


Kasu guztietan,  fokua –nolabait esan– liburuetan dago.

Ariketaren enuntziatuan, egitura berdina aurkitzen dugu:

·         [gutxienez  maketa beste] liburu erosi nahi ditugu

Bestela, esanda:


·         maketa beste liburu erosi nahi ditugu → liburu kopurua=maketa kopurua

·         gutxienez maketa beste liburu erosi  → liburu kopurua ≥ maketa kopurua


[gutxienez maketa beste] zehaztapena liburuei dagokie: liburuetan dago fokua, ez maketetan. Liburu kopuru bat erosi nahi dugu, eta erosi daitezkeen maketen kopuruarekin konparatzen dugu.

Ikasleen interpretazioa zuzena izateko, hauxe idatzi beharko genuen:


·         gutxienez liburu beste maketa erosi nahi ditugu

 

2/ Esanahian zalantzarik ez suertatzeko, perpausa bera argitu dezakezu formulazioan:


·         maketa beste liburu —edo gehiago— erosi nahi ditugu.

·         maketa beste liburu erosi nahi ditugu, edo gehiago.

·         ez dugu erosi nahi maketa baino liburu gutxiago.

 

3/ Sarritan, arazoak eragiten dizkigu adierazpen matematiko bat (proposizio bat) esaldi bakar batean trinkotuta emateak (estilo hori nagusitu da gaztelaniaz). Kontua erraza da: zergatik eman behar esaldi bakar batean (eta ez bitan edo hirutan)? Guk proposatzen dizugu ahalik eta hizkera naturalenera jotzea: esate baterako, adierazpide matematikoak idatzita dauden bezala irakurri beharrean, esanahiz hornitu eta azaltzea. Esate baterako:

 

Liburu kopurua = x        Maketa kopurua = y

Baldintzak:

 

Beharbada, gure blogeko post hau argigarri gertatuko zaizu.

 

4/ Aurreko puntuarekin lotuta, naturaltasunari eusteko, komeni da azken galdera ere birformulatzea, esanahia argiago gertatzen baita galdetzaileak erabiliz gero (zenbat liburu) eta ez gaztelaniazko formulazioaren kalkoak (liburu kopurua):

 

·         Jakinik liburu bakoitzak eta maketa bakoitzak 30 € balio duela, gehienez zenbat liburu eta zenbat maketa erosi ditzakegu diru horrekin?

 

5/ Amaitzeko, hona hemen gure proposamena, osorik:

ARIKETA

Kiosko batean, liburuak eta maketak saltzen dituzte. Sakelan 120 € dauzkagu liburuak eta maketak erosteko, eta maketa beste liburu erosi nahi ditugu, edo gehiago.

Jakinik liburu bakoitzak eta maketa bakoitzak 30 € balio duela, gehienez zenbat liburu eta zenbat maketa erosi ditzakegu diru horrekin?