Galdera

 

Eskatu aditzarekin, nola? Egitea eskatu edo egiteko eskatu?

 

Data: 2015/12/15



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak, baina ez dira berdin erabiltzen; eta egiteko eskatu da forma erabiliena.

Euskaltzaindiaren EGLU-VII (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak) liburuan ageri da azalpena (569.-578. or.), eta hortik jasotako informazioarekin saiatuko gara zure galderari erantzuten.

 

1/ EgiTEKO eskatu egiturarekin, nolabait, agindu bat ematen da (norbaitek zerbait egiteko eskatu/agindu/esan norbaiti):

o   Zuzendariak gelak lehenago irekitzeko eskatu die atezainei.

o   Maleta egiteko eskatu dit.

o   Azkar etortzeko eskatu genion medikuari.

Aginduak edo eskaerak egiteko subjuntiboa ere erabil daiteke, antzeko esaldiak osatzeko:

o   Zuzendariak gelak lehenago ireki ditzatela eskatu die atezainei.

o   Maleta egin dezadala eskatu dit.

o   Azkar etor zedila eskatu genion.

 

2/ Zerbait egiTEA eskatu egitura ere badago, baina askoz erabilera mugatuagoa dauka.

o   Gelak lehenago irekitzea eskatu du zuzendariak.

Kasu honetan, ez da agertzen NORI kasuan doan pertsonarik: “zuzendariak” ez dio pertsona jakin bati eskatzen “gelak lehenago irekitzeko”. Inpertsonaltzat hartuko genuke hor, baina ager daiteke subjektu espliziturik:

o   Atezainek/irakasleok/zuek gelak lehenago irekitzea eskatu du zuzendariak.

Baina:

o   Atezainei gelak lehenago irekitzeko eskatu die zuzendariak (edo: eskatu digu irakasleoi / eskatu dizue zuei).


3/ Bestalde, bada –TZEA eskatu esamolde berezi bat beste esanahi bat duena:

o   Atezainen lanorduak aldatzea eskatuko luke horrek [gelak lehenago irekitzeak].

 

Horrelako esaldietan, eskatu aditzaren subjektua abstraktua da:

horrek (Patxik) zerbait eskatu horrek (hori egiteak) zerbait eskatu

 

Subjektu abstraktuzko eskatu hori, hain zuzen, honela parafraseatu daiteke:

horretarako (hori egiteko), zerbait beharrezkoa izan

Alegia, -TZEA eskatu esamoldearekin adierazten dugu, besteak beste, aldaketaren bat egin behar dela, zerbait adierazi behar dela, hutsuneren bat bete behar dela edo bestelako behar bat dagoela.

 

4/ Gure ohiko iturrietara jo dugu argibide bila, eta hona hemen zer aurkitu dugun.

  • Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian ageri denez, zerbait egiteko eskatu da egiturarik ohikoena. [Son frecuentes las construcciones del tipo zerbait egiteko eskatu 'pedir hacer algo'; las del tipo zerbait egitea eskatu son menos usuales, especialmente en los textos modernos.]

 

  • Ereduzko Prosa Gaur-en bilaketa egin dugu, eta erabilerari dagokionez, alde handia dago batetik bestera. Hona hemen emaitzak:

 

a)      egiteko eskatu

 

o   Ikastetxe bakoitzean bullying-ak duen eragina jakiteko, azterketak egiteko eskatu du EILASek.

o   Hauteskundeekin batera AHTri buruzko herri kontsulta egiteko eskatu du EABk.

o   Ez dizut berba egiteko eskatu.

o   Eta anaiak abarkak egiteko eskatuko dio bere txikientzat. [Kontu-jaten, Arantxa Iturbe, Alberdania, 2006]

o   Gizona hantxe utzi eta alde egiteko eskatzen zidan barrenak. [Ihes betea, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2006]

 

b)      egitea eskatu

 

o   Gaur egun gisa honetako testu baten itzulpenari heltzeak, beraz, abiaburutik bertatik aukera jakin batzuk egitea eskatzen du.

o   Orain, legeak aldatu dira, eta funtzionarioei, modu batera edo bestera, euskaraz egitea eskatzen zaie.

o   Martin Hursonekin hitz egitea eskatu dut.

o   Eskatu dut hemen lo egitea.

 

5/ Amaitzeko, EGLUn egiten diren bi ohar jarriko dizkizugu hemen.

 «(honelako) esaldiak ez zaizkie onargarri gertatzen hiztun gehienei:

??? Horregatik eskatu behar dizut mesedez pixka batean isilik egotea.»

«Bada, hala ere, esamolde bat beti –TZEA joskeraz eraikitzen dena, nahiz eta datiboa agertu:

Hain jostailu merkeari ezin zaio/diozu eskatu iraunkorra izatea.»