Galdera

 

Egia esan ala Egia esateko?

 

Data: 2015/01/18



Erantzuna

 

Lokuzio biak dira zuzenak eta ez dago haien arteko alderik.

 

1/ Zuzenak direla egiaztatzeko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo dezakezu, berak markatzen baitu zein diren forma zuzenak euskara batuan. Hala, ‘egia’ kontsultatuz gero, ikusiko duzu hainbat lexia (lokuzio) daudela haren pean:

·         egia erran

·         egia errateko

·         egia esan

·         egia esateko

·         egia esatera 'egia esan'

 

2/ Orotariko Euskal Hiztegian begiratzen baduzu –euskararen hiztegi nolabait historikoan–, kontsultako bi aukerak eta aurreko puntuko beste aldaerak aurkituko dituzu: egia erran, egia erraitera, egia errateko, egia esanda, egia esatera… Adibide batzuk aldatuko dizkizugu hona:

·         Egia erran, banuke gogoa [...] sail ttipi bati lotzeko.

·         Ez dute, egia-erran, holako oroitzapen minen beharrik urruñarrek Sokorrirat etortzeko.

·         Sainduaren bizar handiak poxi bat min egiten zautan, egia erran.

·         Eta egia erraitera premia handitako gauza da haur.

·         Ta egia esatera, deskansuzko bizi gozoagorik munduan iñork eztu.

·         Egia esateko, geiago eiten dot elduteko neure zereginai.

·         Ezen egia errateko yelosiak narama.

 

2/ Ohartu, bestalde, esaldiaren hasieran, tartean edo amaieran kokatu daitekeela (Orotariko Euskal Hiztegitik daude hartuta adibide hauek ere).

·         Egia esan, ni, orren urteak nituenean, enintzan gai.

·         Ni, egia esan, etxetik ere dexente ikasita joan nintzan orazioak.

·         Beharra ere bazegoen, egia esan.