Galdera

 

Oso liburu interesgarria ala Liburu oso interesgarria?

 

Data: 2015/01/18



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak. Eta ez dago alderik batetik bestera.

 

1/ Oso mugikortasun handiko maila-adberbioa da, datozen adibideotan ikusiko duzunez. Ikusi dezagun zer aukera dauden:


a/ Izenaren eta izenondoaren erdian (Orotariko Euskal Hiztegiko adibide batzuk jarriko dizkizugu)


·         Gizon oso ona zen.

·         Biztu bear dogu amore oso eragingille bat.

·         Ordu oso luzeak igaro bear izaten zituen.

·         Nobelista oso gaizto bat zan au.

·         Baketsua da ta azikera oso onekua.

 

b/ Izenaren aurretik (Orotariko Euskal Hiztegiko adibideak)


·         Oso izakera kementsukoa da.

·         Oso gauza arrigarria

·         Oso umore onez pasa zuen eguna.

·         Oso abegi ona egieutsien batak besteari.

·         Oso bide zuzenetik nekiala uste nun.

 

c/ Hirugarren aukera bat ere badago: izenondoaren eskuinean. Kasu honetan, badirudi enfasia ematen diogula esaldiari (Orotariko Euskal Hiztegiko adibideak).


·         Garixti da oso.

·         [Lo-gelak] estutxoak, argi gutxikoak, baña garbiak oso.

·         Txikito de Aia pizkorra da oso / berak pentsatzen dunian.

·         Olerki egilea gaztea degu, oso.

·         Lubizi-bildurra dagon tokietarako egokia da oso.

·         Baserri ori, Orbelaun, menditsua da oso.

 

 

d/ Aukera horiez gain, aditzaren aurrean ere joan daiteke bera bakarrik (Oraingoan, gaur egungo literaturatik ateratako adibideak aldatuko dizkizugu hona).

 

·         Eitb24-ren kontaketa, oso da grafikoa (Hizlandia, Iñigo Aranbarri)

·         Norberak arrazoitu eta aurkariaren arrazoiari aldi berean erantzutea oso da zaila (Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua)

·         Ezina zirudiena egina ikustea oso da pozgarria, eta horixe da euskara batua: XVI. mendeaz geroko amets gauzatu ezina (Euskara Batua, Koldo Zuazo)

·         Kontatuko dudana oso da arrunta, badakit, baina ondo argitzen duelakoan nago komenientziak zer nolako indarra duen gizakion gobernuan (Ihes betea, Anjel Lertxundi)

 

2/ Gehiago jakiteko:

Euskaraz, aditzondoen edo izenondoen maila adierazteko honako adberbioak ditugu:


a.       Goi maila adierazteko: oso, guztiz, biziki, txit, arrunt, arras, erabat, zeharo, izugarri, gogorki, itsuski, hagitz, txoil, ondo, ongi, anitz, franko, lar, sobera.

b.      Nahikotasuna adierazteko: nahiko, samar, aski, asko, dezente.

c.       Ezeztapenetarako: batere.

 

Elementu horiek, gehienetan, izenondoaren (edo aditzondoaren) ezkerrean jartzen badira ere, beste leku batzuetan ere jarri ditzakegu, goian azaldu dugunez. Dena dela, maila adberbio hauek guztiek ez dute zeharo banaketa bera, baina euskalkien araberako erabilera desberdinagatik oso zaila gertatzen da gauzak xeheki azaltzea.