Galdera

 

Barre eragin eta barre eginarazi: sinonimoak dira?

 

Data: 2015/01/29



Erantzuna

 

Gure ustez, sinonimoak dira; hizkera batzuetan barre eragin eta beste batzuetan barre eginarazi esaten dute. Dena dela, Euskaltzaindiak dio barre eragin dela forma zuzena euskara baturako.

 

 

1/ Interesgarria da kontsultan aipatzen duzun bereizketa:

·         Zerbait barregarria bada, zerbait horrek barre eragiten dizu.

·         Argazkian politago irteteko, esaterako, behartu egiten zaituzte barre egitera: barre eginarazten dizute.

 

Baina, gure ustez, banaketa dialektala baino ez dago barre eragin eta barre eginarazi (eginazo, eginarazo, eginerazi…), eta zure bereizketak badu artifizialetik zerbait, interesgarria delarik ere: aditz faktitiboak egiteko, hizkera batzuetan eragin aplikatzen zaie sistematikoki aditzei (eta ez dute erabiltzen ‘-arazi’ edo antzeko atzizkirik); beste batzuetan, berriz, sistematikoki aplikatzen zaie atzizkia, baina inoiz ez eragin.

 

 

2/ Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak markatzen du zein diren euskara batuko formak. Bertan barre hitza kontsultatzen baduzu (esaterako, Euskalbar tresna-barran edo txertatu dizugun estekan), honako hau irakurriko duzu:

 

barre eginarazi* e. barre eragin

 

Hau da: euskara batuan, barre eginarazi ez da forma zuzena (horixe adierazten baitu izartxoak); erabili ezazu barre eragin (horixe adierazten baitu ‘e.’ laburdurak).

 

 

3/ Hiztegi Batuan, gainera, barre eragin bezala beste sarrera lexikal hauek topatuko dituzu:

·         lan eragin (eta ez lan eginarazi)

·         kalte eragin (eta ez kalte eginarazi)

·         alde eragin (eta ez alde eginarazi)

·         behar eragin (eta ez behar eginarazi)

·         behaztopa eragin (eta ez behaztopa eginarazi)

·         bekatu eragin (eta ez bekatu eginarazi)

·         bultza eragin (eta ez bultza eginarazi)

·         (eta beste hainbat eta hainbat)

 

Gutxitan ageri dira bi formak batera; are gehiago, esango genuke hiru salbuespen hauek baino ez direla:

·         hitz eginarazi eta hitz eragin

·         irri eginarazi eta irri eragin

·         negar eginarazi eta negar eragin

 

Nola egin dugu bilaketa? Hiztegi Batua jaitsi egin dugu Internetik, PDF formatuan, eta “eragin” sartu bilatzailean, eta banan-banan aztertu dugu zein izenekin ageri diren bi formak. Saiatu zaitez zu zeu, merezi du eta!