Galdera

 

Zatikietako izendatzaileei esateko, badira zuzenak biren, hiruren eta lauren formak, gero eta irakasle gehiagok erabiltzen dituzten bezala?


Data: 2015/01/29



Erantzuna

 

Ez. Orain arteko ohiturari eutsi behar diozu: erdi, heren eta laurden dira forma zuzenak.

 

 

1/ Kontsultan diozu orain arte erdi, heren eta laurden erabili dituzula, ikasleei zuzendu egin diezula biren, hiruren eta lauren esaten zuten bakoitzean, baina zalantza jarri zaizula, ikusirik gero eta lankide gehiagok biren, hiruren eta lauren esaten dutela.

 

Bada, gure aholkua da orain arte jokatu duzun moduan jarraitzea jokatzen, eta are gehiago: ikasleei zuzendu diezun moduan, irakasle horiei ere zuzendu egin behar diezula.

 

 

2/ Hizkuntza askotan gertatzen den bezala, kontzeptu ohikoenak izendatzen diren hitzak irregularrak izaten dira (konturatu zaitez zein desberdinak diren izan aditzaren formak euskaraz edo ser aditzarenak gaztelaniaz!).

 

Izendatzaileen izenekin gauza bera gertatzen da:

·         Euskaraz, salbuespenak dira erdi (2), heren (3) eta laurden (4); hortik gora, denak dira erregularrak, arau honen gainean eraikiak: [zenbakia + (r)en] ® zortziren, hamabiren…).

·         Gaztelaniaz, salbuespenak dira medio eta tercio, 10era bitartekoak ordinalak dira, eta hortik gora ‘-avo atzizkia gaineratzen zaie zenbakien izenei.

 

 

3/ Zer dira orduan biren, hiruren eta lauren?

Analogiaz sortu diren berbak; [zenbakia + (r)en] araua aplikatuta sortuak, hain zuzen ere (gaztelaniazko rompido berbaren pareko zerbait). Matematikako terminologian ez dute lekurik, bestelako erabakiak hartu baitziren garai batean.

Euskara batuan, bi, hiru eta lau zenbatzaileen NOREN kasuko formak, ez besterik.

 

 

4/ Heren, jatorriz, hirugarren esateko beste modu bat baino ez da (herenegun, heren ordena, herenamona, heren azkena…). Baina gaztelaniaren kasuan ikusi dugunez, ordinalak erabiltzen dira zenbaitetan zatikien izendatzaileei esateko; hala, gehienbat Ipar Euskal Herriko hizkeretan ere, zatia adierazteko erabiltzen da (Leizarragak berak ere erabili zuen XVI. mendean), eta forma horixe aukeratu dugu Matematikako termino modura.

 

5/ Bizkaiko zenbait hizkeratan, laurden esan beharrean, lauren esaten da, baita ordua ematen denean ere (“bostak eta laurenetan geratuko gara tea hartzeko”). Beraz,baliteke ingurumari horietako irakasle askori lauren ateratzea oharkabean; baina jakin beharko lukete hizkera formalean, euskara batua aplikatu behar denean, laurden dela forma zuzena.