Galdera

 

Ipuin bat kontatutakoan: zuzena da publikoari esatea “Espero dut zuen gustukoa izana”?


Data: 2015/02/02



Erantzuna

 

Gure ustez, bai. Guk, ordea, bestela formulatuko genuke: “Espero dut gustatu izana”, “Espero dut gustura geratu izana”…

 

1/ Gramatika kontuetan, gure erreferentzia Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak obra izaten da. Obra horretako zazpigarren liburukian (EGLU-VII Perpaus jokatugabeak) aurkituko duzu zure kontsultari dagokion informazioa; zehazkiago, 442.-444. orrialdeetan).

Jakina, perpaus osagarri jokatugabeek aspektu burutugabea zein burutua izan dezakete:

·         Burutugabea: “Ipuin bat irakurriko dizuet, eta espero dut asko gustatzea”

baina…

·         Burutua: “Espero dut irakurri dizuedan ipuina asko gustatu izana”

Bi aukera daude burutuetan: ‘-TUA’ nahiz ‘-TU IZANA’ erabiltzea:

·         Damu dut honen garaiz etorria = Damu dut honen garaiz etorri izana

·         Akordioa apurtua kritikatu du Imanolek = Akordioa apurtu izana kritikatu du Imanolek

Izan aditza, berriz, salbuespena da. Ez da bigarren aukerarik:

izatea  [+burutua] => izana (eta ez izan izana)

Dena dela, “izan izana”rekin Google-n kata bat egiten baduzu, hainbat eta hainbat adibide daudela ikusiko duzu, nahiz eta Euskaltzaindiaren arabera ez-zuzena den.

 

2/ Edozein modutan ere, beste asko bezala, gu ere zalantzetan ibili garela aitortu behar dizugu. Horrexegatik idatzi dizugu erantzun laburrean bestela formulatuko genukeela –zer gerta ere– zure esaldi hori; hain zuzen ere, izan ez beste aditz bat baliatuta: gustatu, geratu…:

·         Espero dut gustatu izana.

·         Espero dut gustura geratu izana.

·         Espero dut gozatu izana.

·         Espero dut asko sufritu ez izana (kar-kar).