Galdera

 

Kalkoak: badago zerrendarik?


Data: 2016/02/22



Erantzuna

 

Ez dago kalkoen zerrenda osoa egiterik, baina bi baliabide eskainiko dizkizugu: Kalko okerrak liburukia eta EHUren “Kalkoen Behatokia”.

 

 

1/ Batetik, kalko okerrak eta kalko zuzenak bereizi beharko lirateke. Guk beti aldarrikatu dugu norbaitek kalko zuzenen gaineko monografia bat egin beharko lukeela, hizkuntzaren egitura bortxatu gabe kontzeptu askoren berri eman daitekeelako kalkoen prozedura erabilita.

Hala, jator-jatortzat jotzen ditugun hainbat esapide eta gramatika baliabide kalkoetatik sortuak dira, eta guztiz naturalizatu ditugu euskaran; esaterako, baliteke gaur egun geroaldia egiteko daukagun baliabidea hizkuntza erromantzeetatik kalkatu izana; jai zubiak izaten ditugu tarteka, eta ezin da kasualitatea izan noski erdaraz puente (festivo) esatea…  

 

2/ Kalko okerren gaineko liburuki bat EIMAk argitaratu zuen: Juan Garziak prestatutako Kalko okerrak; EIMAren estilo liburuaren bigarren atala, hain zuzen ere. Asko ikasi dugu hura irakurrita (esaterako, hitzaurrean ematen diren ideiak oso argigarriak dira); baina, irakurritakoan, segituan konturatu ginen askoz ere luzeagoa izan litekeela, eta espero dugu noizbait norbaitek Kalko okerrak (II) prestatzea eta argitaratzea, zenbait esapideren desegokitasuna salatzeko.

 

3/ Oso baliabide interesgarria egingo zaizu EHUk Sareko Gramatika sailean txertatu duen Kalkoen Behatokia atala: bertan 439 fitxa (2016/02/22) aurkituko dituzu beste horrenbeste kalko oker salatzen dituztenak, arloka sailkatuta, eta bilatzaile batekin.

 

Adibide bat:

 

HOBETZEKOA

Gutxienez 65 pertsona hil dira eta 335 zauritu dira hainbat bonba lehertu ondoren Asam Estatuko hainbat herritan.

HOBETUA

Hainbat bonba lehertuta/lehertzearen ondorioz, gutxienez 65 pertsona hil dira eta 335 zauritu dira Asam Estatuko hainbat herritan

 

KALKO MOTA

4.4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK - Perpausaren mailatik gorakoak

AZALPENA

EiTB: Euskarazko albistegietarako esku-liburua (II) (Ikus Hikea)


3.3.4. AHOLKUA: Istripu eta ezbeharren testuingurua azaltzeko, "-ta" duten perpausak erabil daitezke.