Galdera

 

Zein da zuzena: “fikzio-zientziako filma”, “fikzio-zientziazko filma”, “zientzia-fikzioko filma” edo “zientzia-fikziozko filma”?


Data: 2016/03/07



Erantzuna

 

“Zientzia fikzioko filma” edo “zientzia fikziozko filma” (marratxoarekin ere idatzi dezakezu: zientzia-fikzio).

 

 

1/ Nola da, “zientzia fikzioa” edo “fikzio zientzia”?

Euskaraz, mota askotako hitz elkartuak dira: sudurgorri, ama-alabak, ikasgela…; ikusi Euskaltzaindiaren 25. araua horren berri izateko. Gehien-gehienak, berriz, hitz elkartu arruntak dira (arauaren II.4 atalekoak: marratxoa jartzea aukerako da): behor gidari, harri jasotzaile, diru bilketa, odol ateratzea

Horietan guztietan, bigarren elementuak  markatzen du zertaz ari garen:

·         talde lan diogunean, lanaz ari gara.

·         lantalde diogunean, berriz, taldeaz ari gara.

·         fisika irakasle

·         eztei bidaia

Zertan da ingelesez sortu zen science fiction kontzeptua? Guk honela definituko genuke gutxi gorabehera: “zientzian oinarritutako fikzioa (fizkiozko lanak)”. Beraz, fikzioa da eta ez zientzia (zentzu hertsian). Horrek esan nahi du, ingelesez gertatzen den bezala, bigarren elementua izan behar duela fikzio hitzak; beraz, zientzia-fikzio.

Bide batez esanda, erreparatu ingelesez euskaraz bezala jokatzen dela:

·         spiderman: gizona da, eta ez armiarma.

·         coffee break: etena da, eta ez kafea

·         milk cow: behia da, eta ez esnea.

Baina gaztelaniaz (askoz ere hitz elkartu gutxiago egiten dira modu honetakoak) kontrakoa gertatzen da:

·         hombre rana: gizona da, eta ez igela.

·         mujer bandera: emakumea da, eta ez enblema bat.

Baliteke, beraz, erdarazko ciencia ficción kalko okerra izatea (atzera bueltarik ez duena, noski), hizkuntza guztietan egiten baitira horrelakoak…

 

2/ Nola egin behar da lotura?: ‘-ko’ edo ‘-zko’, zein atzizkiren bidez?

Gure ustez, biak dira zuzenak: ‘-ko’ lotura soila da, eta ‘-zko’ beste modu bateko lotura, barruan pelikula ZERTAZ doan esanahia esleitzen diona.

Eman dezagun zientzia ez dugu aipatzen. Zer prozedura ditugu horiek izendatzeko?

·         fikzio filmak (hitz elkartu arrunta)

·         fikziozko filmak

Arazoa da lehen elementua bera hitz elkartu arrunta denean: orduan, lehen prozeduraren arabera hitz elkartu baten gainean beste hitz elkartu bat eraiki beharko genuke, eta hori ez da dotorea; horrelakoetan, lotura atzizki bat txertatzen da (kasu honetan, ‘-ko’). Bigarren prozeduran ez dago arazorik:

·         zientzia fikzio filmak ® zientzia fikzioKO filmak

·         zientzia fikzioZKO filmak

 

3/ Ereduzko Prosa Dinamikoa testu gordailuan kata moduko bat egin dugu, proposatu dizkizugun bietatik zein erabiltzen den gehien ikusteko. ‘-zko’ atzizkidun formak dira nagusi, baina aldea ez da oso esanguratsua.

Adibideak ikusteko, hona bi esteka:

·         zientzia fikzioKO

·         zientzia fikzioZKO