Galdera

 

Perpaus koordinatuetan subjektu bera dagoenean eta adizki laguntzaile bat ezabatzen denean, zein aditzekin egin behar du komunztadura subjektuak?


Nola puntuatzen dira esaldi horiek?

 

Data: 2016/03/14



Erantzuna

 

·      Aditz laguntzailea agerian duen perpauseko aditzarekin egin behar da komunztadura.

 

·      Faktore askoren menpe dago.

 

Oharrak

·         Kasuistika osoa emateak luuuuuze emango luke; beraz, saiatuko gara ideiak asko laburtzen

·         Adibide guztietan, kontsultari dagokion bezala, subjektu bera da bi perpausetan; puntuazioa aldatu, eta subjektua aldatu egiten dela adierazten dugu kontraadibideetan.

·         Puntuazioaz diogun guztia helburu honekin diogu: sistema bat eskaintzea. Beraz, liburuak eta agerkariak irakurrita, konturatuko zara hainbat eta hainbat testugilek ez dutela errespetatzen sistema hori; zoritxarrez, maizegi, ez dutelako inolako sistemarik: testuinguru berean, gertatu liteke pasarte batean modu batean puntuatzea eta oso bestela beste pasarte batean.

 

 

1/ Perpaus koordinatuetan, diskurtsoa arintzearren, euskararen berezko baliabidea da aditzetako bat ezabatzea. Nola jokatu behar dugu ordukoetan?

Horrelakoetan, nahiz eta esanahiaren aldetik agian perpaus biak maila berekoak izan, adizki laguntzailea galdu duen perpausarekin menpekoa balitz bezala jokatu behar dugu.

 

 

2/ Erantzun laburrean ohartarazi dugun bezala, aditz laguntzaileetako bat ezabatzen badugu, jokatzen den aditzarekin egin behar da komunztadura (2.1 = 2.2 = 2.3):

 

2.1 Maddik liburua hartu zuen, eta berehala itzuli zen. [Aditzak ezabatu gabe]

2.2 Maddi, liburua hartu, eta berehala itzuli zen. [Lehen aditza ezabatuta]

2.3 Maddik liburua hartu zuen, eta berehala itzuli. [Bigarren aditza ezabatuta]

 

Egokia izan liteke horrelakoetan, galdegaia izan ezean, subjektua amaieran kokatzea (2.4 = 2.5):

 

2.4  Maddik, etxera itzuli, afaria prestatzen hasi, eta telefonoz deitu zidan. [Bi aditz ezabatuta]

 

2.5  Etxera itzuli, afaria prestatzen hasi, eta telefonoz deitu zidan Maddik. [Bi aditz ezabatuta]

 

 

Hartu dezagun berriz ere 2.2 esaldia eta kendu diezaiogun lehen koma. Orduan, bestela josi behar da, eta bestelako esanahia hartzen du (2.6 ¹ 2.1 = 2.2 = 2.3):

 

2.6  Maddik liburua hartu, eta berehala itzuli zen [beste norbait].