Galdera

 

.  Perpaus nagusiak eta mendekoak subjektu bera dutenean, zein aditzekin egin behar du komunztadura subjektuak?

.  Nola puntuatzen dira esaldi horiek?

 

Data: 2016/03/15



Erantzuna

 

·         Perpaus nagusiak eta mendekoak subjektu bera dutenean, perpaus nagusiko aditzarekin egin behar da komunztadura.

·         Faktore askoren menpe dago.

 

Oharrak

·         Kasuistika osoa emateak luuuuuze emango luke; beraz, saiatuko gara ideiak asko laburtzen

·         Adibide guztietan, kontsultari dagokion bezala, subjektu bera da bi perpausetan; puntuazioa aldatu, eta subjektua aldatu egiten dela adierazten dugu kontraadibideetan.

·         Puntuazioaz diogun guztia helburu honekin diogu: sistema bat eskaintzea. Beraz, liburuak eta agerkariak irakurrita, konturatuko zara hainbat eta hainbat testugilek ez dutela errespetatzen sistema hori; zoritxarrez, maizegi, ez dutelako inolako sistemarik: testuinguru berean, gertatu liteke pasarte batean modu batean puntuatzea eta oso bestela beste pasarte batean.

 

 

1/ Hasi gaitezen denbora gutxian heldu zaizkigun bi adibideekin:

 

 

a/ Zuzena da “Mikelek auzokidearekin hitz egin eta gero etxea garbitzen hasten da” esaldia?

 

Ez: erantzun laburrean esan bezala, perpaus bietako subjektua berbera bada, aditz nagusiarekin egin behar da komunztadura:

 

a.1 Mikel, auzokidearekin hitz egin eta gero, etxea garbitzen hasten da.

a.2 Mikelek, auzokidearekin hitz egin eta gero, etxea garbitzen hasten da.

 

Oso bestelako esanahia hartuko luke esaldi honek puntuazioa aldatuta:

a.3 Mikelek auzokidearekin hitz egin eta gero, etxea garbitzen hasten da [beste norbait].

 

 

b/ Zuzena da “Alferra nekatuta dagoela esaten du lanik ez egiteko” esaldia?

 

Perpaus bietako subjektua berbera bada komunztadura aditz nagusiarekin egin behar denez, honela behar luke:

 

b.1 Alferrak nekatuta dagoela esaten du(,) lanik ez egiteko.

b.2 Lanik ez egiteko, nekatuta dagoela esaten du alferrak.

 

Oso bestelako esanahia luke esaldi honek:

 

b.3 Alferra nekatuta dagoela esaten du [beste norbaitek](,) lanik ez egiteko.

 

3/ Puntuazioa

 

Aurreko adibideotan, bide batez saiatu gara azaltzen nola puntuatzen diren esaldiak; baita, puntuazioa aldatuta, esanahiak aldatu egiten direla ere. Sistematizatu dezagun:

 

 

a/ Normalean, mendeko perpausa eta perpaus nagusia komen bidez bereizten dira:

·         Nola puntuatu behar den ondo ikasteko, ikasleek testu asko idatzi behar izaten dituzte.

·         Ikasleek, nola puntuatu behar den ondo ikasteko, testu asko idatzi behar izaten dituzte.

·         Ikasleek testu asko idatzi behar izaten dituzte(,) nola puntuatu behar den ondo ikasteko.

Baina

·         Ikasleek nola puntuatu behar den ondo ikasteko, testu asko idatzi behar izaten dituzte [beste norbaitek].

 

 

b/ Mendeko perpausa erlatibozkoa, konpletiboa edo galdegaia denean, berriz, ez da komaz bereizten:

·         Erlatibozkoa: [Atzo goizean nirekin egon zen] lagunak ez zuen joateko asmorik.

·         Konpletiboa: Mikelek etengabe esaten du [Ipar Koreara joan nahi lukeela].

·         Galdegaia: Mikel Gaur Egun ikusi eta gero hasten da egunero etxea garbitzen (←Noiz hasten da Mikel..?).