Galdera

 

Kontuz izan: badago lokuzio hori euskaraz?


Erantzuna

 

 

Ez. Baina badira kontu izan eta kontuan izan, zein bere esanahiarekin.

 

1/ Hainbat lokuzio eraiki dira kontu izenaren gainean, baina ez zuk aipatu diguzuna. Hona Elhuyar hiztegitik ateratako zerrenda bat:

·         -i kontu hartu: Zaindu, begiratu. Egokia izan liteke gaizkile horri etengabe kontu hartzea, ez ditzan errepikatu lehengo delituak.

·         kontu atxiki (Ipar Euskal Herriko hizkeretan): Aintzat eduki. Lukuztar hautetsiak hitz-emaiten du jendearen ikusmoldeaz kontu atxikiko dutela departamenduan afera aitzinera pusatzeko tenorean.

·         kontu eduki: Erne egon. Kontu eduki behar da piperrak eta saltsa lehor ez daitezen.

·         kontu egin: 1 Kasu egin, arduratu. Umekeria hutsa zelakoan, ez zion konturik egin lehenbizikoan. 2. (Subjuntibozko eta aginterazko adizkiekin) Demagun, ema dezagun. Kontu egizu ezen orain berrogei urte dituzula, hogei izan beharrean. 3. Zaindu, begiratu. Bere zaldiari arretaz kontu egiteko esan zion ostalariari.

·         kontu hartu: Azalpenak eskatu. Zilegi al da ikasleari ikastetxetik kanpo edo eskola orduetatik kanpo egiten duenagatik kontu hartzea?

·         kontu izan: Argi, erne, kontuz ibili. Kontu izan behar da legeak gauzen berezko izatearen kontra ez egiteko.

·         kontu/kontua(k) atera: Kalkulatu; zerbaitetik halako ondorioa atera. Komeni da ezkondu aurretik kontuak ateratzea, bikoteak banandu behar badu zer gerta litekeen.

·         kontu/kontua(k) eman: Zerbaiten azalpena edo arrazoiak eman. Udabiltzan egin zuten lanari buruz kontuak eman beharko dizkiote Amorotoko alkateak, Pasaiako, Andoaingo eta Dimako alkate ohiek, sei zinegotzi ohik eta bi presok.

·         kontua(k) garbitu: Zorrak kitatu, zorrak berdindu. Alabaina, nolabait esateko, zuk eta biok badugu konturik garbitzeko, ausardia barkatzen badidazu.

·         kontuak egin: Irabazien eta xahutzeen zenbatekoa kalkulatu. Horretarako, urteroko kontuak egin behar ditu, eta horietan erakutsi behar du aurrez aipatutako jarduera nola egin duen.

·         kontuak bihurtu/errendatu: Zerbaiten azalpena edo arrazoiak eman. Hil behar dutela eta hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pentsatzen.

·         kontuak esan: Berbetan jardun, hizketan ibili, elkarrizketan ari izan. Jexux etxean egoten den bezala zegoen hura ere han, telebista aurrean zuela kontuak esaten eta entzuten, gaueko futbol partiduaren zain.

·         kontuak eskatu: Egindako zerbaiten azalpenak eskatu. Eta erantzukizuna harena den arren, PSOEri inork ez diola konturik eskatu uste du, «doan» atera zaiola.

·         kontuak galdetu/galdegin (Ipar Euskal Herriko hizkeretan): Egindako zerbaiten azalpenak eskatu. Nagusia etxera itzuli zen eta morroiei kontuak galdetu zizkien.

·         kontuak hartu: Egindako zerbaiten azalpenak eskatu. Kontuak hartu dizkidate [...] euskal idazle bakoitzari liburu batean opa nizkion edo ez nizkion lerroak direla eta.

·         kontuan eduki/izan: Aintzat eduki. Irakurleak kontuan izan gabe idazten dute zenbaitek.

·         kontuan egon: Erne egon. Martin Txiki kontuan egoten zen deabruak noiz ereiten zuen artoa.

·         kontuan erori/jausi: Zerbaitez konturatu, jabetu. Lagun maitia, nola etzera / kontuan jausi gaurdaño, / bei batek esne geiago dula / amar idi parek baño?

·         kontuan hartu: Gogoan hartu, gogoan izan. Hark ez zuen kontuan hartzen gu ere hara joango ginela.

·         kontuan jarri/ipini: Gaztigatu, abisatu. Osaba kontuan jarri nuen arriskutsua izango zela ezkutalekua egun hartantxe uztea.

·         kontura erori/jausi: Zerbaitez konturatu, jabetu. Begiratu bat egin orduko, kontura erori naiz horrela izan behar zela.

·         kontuz ibili: Argi ibili, erne ibili. Halakoetan badago gu gaizki aritzeko aukera, partida arriskutsuak dira, eta kontuz ibili beharko dugu.

 

2/ Beste alde batetik, kontuz adizlaguna da (arretaz, artarekin direlakoen sinonimoa), eta printzipioz edozein aditzekin joan daiteke (zentzua izanez gero, jakina). Adibide gutxi batzuk ekarriko dizkizugu hona:

Entzun kontuz / Bizi gaitezen kontuz / Orduko idazleek kontuz erabili zituzten hitz asmatu berriak / Kontuz gidatzeko gomendatu zuten, batez ere bigarren mailako errepideetan / Kontuz emandako pauso bakoitzak ozen egiten zuen oihartzun horma itzaltsuetan / Kontuz-kontuz sartu nituen bi eskuak zulotik barrena, bi besoak, eta kristoren kopetakoa hartu zoruaren kontra / Kontuz baino kontuzago ibili behar da horretan / Ahalik eta kontuzen ibili, Naranjo eskalatuko baduzu.

 Orotariko Euskal Hiztegian, gure hiztegi nolabait historikoan, ez dugu adibiderik aurkitu kontuz izan balizko lokuzioarena, ez eta Ereduzko Prosa Gaur-en (prosa modernoko adibideak biltzen dituen gordailuan) ere. Uste dugu guztiz esanguratsua dela adibiderik aurkitu ez izana gure erreferentziazko iturri horietan. Dena dela, Interneten kata bat egin, eta aurkitu ditugu adibide gutxi batzuk, baina ez dakigu oso fidagarriak ote diren…