Galdera

 

Aurreratu: “Egokitze prozesuan asko aurreratu da [Leyla ikasle etorri berriaz]”: zuzena da?


Data: 2016/04/18



Erantzuna

 

Gure ustez, “Egokitze prozesuan asko aurreratu du [Leylak]” behar du.

 

 

1/ NOR sailekoa (aurreratu da) edo NOR-NORK sailekoa (aurreratu du) da aurreratu aditza, baina esanahia aldatu egiten da, zein sailetakoa den.

 

2/ Zure kasuan, [aurreratu = aurrerapenak egin, aurrerapenen bat lortu…] adieran erabili nahi duzu, eta kasu horretan du moduko aditz laguntzaileak erabili behar dituzu, Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen duenez. Euskarazko zenbait agerkaritatik ateratako adibideak ekarriko dizkizugu hona:


·       Horren harira, azken urteotan eskola publikoak baliabide materialetan eta pedagogikoetan asko aurreratu duela nabarmendu zuen.

·         Zientziak eta teknologiak asko aurreratu dute eta horri esker areagotu dira erretserbak.

·         Boto kopuruan asko aurreratu dugu, baina parte-hartzea oso handia izan denez, horrek beste alderdi batzuei mesede egin die.

·         Euskal Herrian, aldiz, ezer gutxi aurreratu da Europaren aurrean herri gisa agertzeko. (Inpertsonala, noski)

·         Hala ere, horretan gutxi aurreratu da, besteak beste, erabiltzen zituzten molekulak inhibitu behar ziren proteinak baino dezentez txikiagoak zirelako. (Inpertsonala, noski)

 

“Egokitze prozesuan asko aurreratu da” esaldia, beraz, zuzena da; baina, adiera horretan, inpertsonala denean bakarrik!

 

 

3/ Noiz erabili orduan aurreratu da eta haiek bezalakoak? Bada, adibide hauetako adieretan:


·       Itsaslabarreko ertzeraino aurreratu zen, kaioen habiak hobeto ikusteko. [≈ hurbildu zen]

·         Lakers 2-1 aurreratu da Minnesotaren aurka. [≈ aurretik jarri da]

·         Zergatik aurreratu da drogen kontsumoan hasten direnen batez besteko adina? [≈ jaitsi da]

·         Harmaila guztiak jaitsi baino lehen aurreratu zitzaion. [≈ aurretik jarri zen]