Galdera

 

Encuestas de satisfacción: nola eman euskaraz? Zuzena da gogobetetze inkestak?

 

Data: 2016/04/21



Erantzuna


Gure proposamena: “gogobetetze maila neurtzeko inkestak”.

 

1/ Baliteke zuzena izatea euskaraz zure proposamena, gogobetetze inkestak, baina arazo nabarmena dauka: erdaraz encuestas de satisfacción entzuten edo irakurtzen duenak berak asmatu behar du zer harreman mota dagoen encuestas eta satisfacción hitzen artean, nolabaiteko metonimia suertatzen baita sintagma horretan; era berean, gogobetetze inkestak hitz elkartuak ez du argi uzten (askotan gertatzen den bezala) zerk lotzen dituen bi elementuak.

 

Egia da forma bat behin eta berriro erabilita hiztunari berdin zaiola azkenean zein den harreman hori: ulertzen du, eta kitto. Horregatik, gogobetetze inkesta eta asebetetze inkesta formak erruz aurkituko dituzu nonahi: erabiltzaileak, gehienetan erdarara salto eginez, ulertzen ditu, eta beraz bermatuta dago komunikazioa.

 

2/ Baina guk, horrelakoetan, nahiago izaten dugu sintagma gardenen alde egitea. Hau da, encuestas de satisfacción horren azpian zer dagoen interpretatu eta bi hitzen arteko harremana agerian uzten duen sintagma eraikitzea:

“gogobetetze maila neurtzeko inkestak”.

 

3/ Interneten kontsultatu, eta konturatu gara beste askok eta askok aukeratu dutela gu aldarrikatzen ari garen bidea. Adibide batzuk ematearren:

 

·         Ertzaintzak etengabe egiten ditu inkestak gogobetetze-maila neurtzeko, ziurtatuta dauzkan prozesu guztietan bezeroei ematen dizkien zerbitzuei dagokienez (www.ertzaintza.net)

·         Asebetetze Maila Neurtzeko Inkesta. Encuesta Grado De Satisfaccion Torneo Futbol-7 “Errenteriako Udal Kirol. Patronatua” (kirolak.errenteria.net)

·         Erabiltzaileen eta familiakoen gogobetetze-maila neurtzeko, 2008an 1.195 inkesta egin… (www.navarra.es)

·         Zerbitzu publikoen inguruko asebetetze maila neurtzeko inkesta eta ikerketak (www.bizkaia.eus)

·         Gogobetetze-maila neurtzeko inkesta bat bete beharko da; eta horrela, hamabigarren edizioan izandako alderdirik onenak zeintzuk izan diren... (www.deia.com)

·         Gainera, imajinatzen dut, seihilekoaren amaiera aldera, asetze maila neurtzeko inkestak bete beharko dituztela ikasleek, eta ezin naiz gehiegikerietan sartu. (Euskaldun guztion aberria, Iban Zaldua, Alberdania, 2008)