Galdera

 

Zergatik idazten da <h>-z hilabete (esaterako), baina <h>-rik gabe ilargi, biek hil(e) dutelarik barruan?

 

Data: 2016/05/02



Erantzuna

 

Hizkera gehien-gehienetan, ilargiaren izena [i]-z hasten delako: [h]-a ahoskatzen duten gehienek, [ilhargi] ahoskatzen dute; gainerakook, zer esanik ez, [i…].

 

1/ Kontsultan diozun bezala, ilargiaren izenaren etimologiak badauka zerikusia hil(e) hitzarekin. Halaxe baieztatzen digu Orotariko Euskal Hiztegiak berak:

Etim. De *(h)ile (nombre antiguo de la luna y del mes) + argi.

 

2/ Euskaltzaindiak, hitzen forma finkatzeko, hainbat irizpide erabiltzen ditu: formarik erabiliena zein den, hitzen jatorria, forma bakoitzak zer hedadura daukan eta zer tradizio izan duen literaturan, zein euskalkitan erabiltzen den...

 

3/ Lau adibide eskainiko dizkizugu, áhñ-arekin zerikusia dutenak, ikusteko nola jokatzen duten:

a/ Esparru 

Etimologikoki [hesi + barru] izan arren, nola bizkaieraz –batez ere– eta gipuzkerazko zenbait hizkeratan baino ez den erabiltzen (gaur egun, komunikabideen eraginagatik zabalduz joan da, jakina), <h>-rik gabe idaztea erabaki zuten.

b/ Ertzain

Aurrekoa ez bezala, nahiko berria da (XIX. mendearen amaierakoa, sabindarren joera garbizaleen aldekoek asmatua. Etimologikoki [herri + zain] izan arren, Hego Euskal Herriko tradiziokoa baino ez delarik, <h>-rik gabe idaztea erabaki zuten.

c/ Hilerri

Etimologikoki [hil + herri] da, jakina. Kontua da Euskaltzaindiak kontsonantearen ondoko [h]-ak ez idaztea erabaki zuela:

[et(h)orri] > etorri; [ek(h)arri] > ekarri; [on(h)artu] > onartu; [er(h)i] > eri…

Salbuespenak alha (eta bertatik datozen hitzak: alhagia, alhatu, alhan izan…) eta burho dira, bai eta beste hizkuntza batzuetatik hartuak (anhidrido, menhir, dirham…) eta jentilizioak (ainhoar, zunharretar…) ere, jakina.

Egia esan, hitz baten barruan bi [h] zeudenean, haietako lehena ez da ahoskatzen (euskaraz bezala beste hainbat hizkuntzatan); hori dela eta, [hilerri] ahoskera baino askoz zabalduagoa da [ilherri]! Beraz, bazeukan Euskaltzaindiak áilerriñ idazkera proposatzea, baina ez zuen hala jokatu, seguruenik guztiz gardena delako guztiontzat zein den hitzaren etimologia.

d/ Ilargi

Etimologikoki, [hil(e) + argi] da, goian esan bezala. Kontuan hartu ez dela aurreko kasu bera, hitz elkartuaren bigarren elementuak ez dauka-eta [h]-rik: argi da, eta ez hargi.

Baina, azentu kontuak direla eta (ez gara luzatuko haiek deskribatzen, baina kontuan hartu [jóko] ebakitzen dela noski, baina [jokhátu]), zenbait hitz elkartutako bigarren elementua [h]-z ahoskatzen da, nahiz eta etimologikoki arrazoirik egon ez:

[onherran], [onheritzi] (baina erran eta eritzi!), [larhargi] (larru + argi), [ilhargi]…

Bigarren elementuak [h]-a garatzen duenez, lehenengoa desagertu egiten da:

honherran, honheritzi, hilhargi…