Galdera

 

'Esnea eztiarekin / eztirekin edango dugu': mugatua ala mugagabea?

 

Data: 2016/05/02



Erantzuna

 

Esnea eztiarekin edango dugu: mugatu singularra.

 

1/ Euskaraz, izen arruntak determinatzailea (mugatzailea, zenbatzailea edo nolakotzailea) eskatzen du. Horrenbestez, ez dira zuzenak esaldi hauek:

 

*Emakume ibili da zure bila

*Etxe erosi du Ean

*Oilasko jan dugu

 

Honela behar dute izan:


Emakumea ibili da zure bila / Emakume bat ibili da zure bila / …

Etxea erosi du Ean / Etxe txiki bat erosi du Ean / Bi etxe erosi ditu Ean / …

Oilaskoa jan dugu / Oilasko errea jan dugu / …

 

Beraz, zure esaldiko izen sintagmaren aldaera gramatikal batzuk hauek izan daitezke:


Esnea eztiarekin (mugatzailea)

Esnea ezti pixka batekin (zenbatzailea)

Esnea bi koilarakada eztirekin (zenbatzailea)

Esnea edozein eztirekin (nolakotzailea)

 

2/ Badira, hala ere, salbuespenak:


·         Aditz batzuen (bihurtu, bilakatu, aukeratu, izendatu…), predikatu osagarria

Miren ikasketaburu izendatu dute

Hauts zara eta hauts bihurtuko zara

Gai naiz aldi berean bi gauza egiteko


·         Aditz elkartu batzuen osagai den izena: barre egin, min eman, parte hartu

Hitz eman digu bihar ekarriko duela

Min hartu du ukondoan (baina: Egundoko mina hartu du ukondoan)


·         Zenbait izenen leku-kasuetan, testuinguruaren arabera: eguzkitan, sutan, odoletan, zorretan

·         Instrumentalarekin joera nabarmena dago mugatzailea ez erabiltzeko: buruz, oinez, gauez, kolore argiz

 

3/ Baliteke zure zalantza euskara eta gaztelania alderatzetik sortu izana, gaztelaniaz ez baita artikulurik erabiltzen pareko izen sintagmetan.


Euskaraz

Gaztelaniaz

Esnea eztiarekin

Leche con miel

Kafea azukrearekin

Café con azúcar

Arrautza frijituak patatekin

Huevos fritos con patatas

Solomoa piper berdeekin

Solomillo con pimientos verdes

 

Beraz, artikuluak Europa mendebalde osoan garai bertsuan sortu baziren ere (betiere, erakusleetatik abiatuta), bistan dago balio desberdinak hartu zituztela euskaraz eta gaztelaniaz, esaterako. Hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak ditu!


·         Gaztelaniaz, gehienetan, erreferente jakina behar izaten da artikulua erabiltzeko (ez beti, baina: “debo dejar el alcohol”):

con la miel eta con miel ez da gauza bera

Euskaraz, ikusi bezala, ez.


·         Pluraltasuna, euskaraz, artikuluari lotuta doa formaren ikuspuntutik. Hala, bestelako partikula batek mugagabea erabiltzea zilegitu ezik (zenbatzaile batek –hiru, dozena bat, asko, franko…–, edo neurria adierazten duen sintagma batek –bi gramo, hiru zaku…–), ezinbestean deklinatu behar da mugatu pluralean:


asko gustatzen zaizkit patatak / gatz gehiegi bota diet patatei / gaur ditugu bazkaltzeko arrautza frijituak patatekin, ez atzo / patata egosien purea jarri zidaten solomoaren alboan…


            Gaztelaniaz, berriz, plurala eta aldi berean artikulurik gabea izan daiteke sintagma bat:


Te voy a dar tres bofetones (**Te voy a dar tres bofetón)


·         Gaztelaniaz, izen sintagma baten barruan, erredundanteak dira numero eta genero markak:

las fieras leonas

Euskaraz, kontrara, behin bakarrik jartzen da determinatzailea:

patata frijituak (**patatak frijituak)