Galdera

 

Laranja: nola ahoskatu euskara zainduan?

 

Data: 2016/05/02



Erantzuna

 

Euskaltzaindiak ez du erabaki oraindik zein den laranja hitzaren ahoskera euskara estandarrerako. Beraz, araua eman bitartean, bietara ahoskatu zenezake.

 

 

1/ Kontsultan diozun bezala, Euskaltzaindiak 87. araua (“Euskara batuaren ahoskera zaindua”) plazaratu zuen erreferentzia tresna modura euskara estandarrerako.

 <j>-z idazten diren hitzen kasurako, honela dio, gutxi gorabehera:

 

Oro har [y] ahoskatuko da joan [yoan], jai [yai]...

·         <j> hitz hasieran [y] ahoskatuko da: jan [yan], jokalariak [yokalariak], jatekoa [yatekoa], jator [yator], jabe, jasan, jaun, jo...

Badira, hala ere, [x] belareaz ahoska daitezkeenak ere: jertsea, jipoia, jira

·         <j> hitz barruan gertatzen denean [y] da ahoskera zainduena. Hala ere, badira erdarazko [x] belarea eta Iparraldeko [ξ] bezala ahoska daitezkeenak ere: garaje, ijito, moja, gizajo, kontzejupe...

 

 

2/ Ez dakigu salbuespen horien guztien zerrendarik ote dagoen. Guk, behinik behin, ez dugu aurkitu. Baina zerrenda luzeago bat eskainiko dizugu: 2014an, EIMAk Ahoskera liburuxka argitaratu zuen (EIMAren Estilo Liburuaren parte), Andres Alberdik paratua. Liburuaren lehen atalak (Euskara batuaren ahoskera zaindua”) Euskaltzaindiak emaniko arauak tratatzen ditu, eta zenbaitetan haiek zabaltzen eta sakontzen ditu, aholku berri batzuen bidez; betiere, Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko kideen onespenarekin. 

 

Hala, 22. eta 23. orrialdeetan, <j> grafiari dagokion ahoskerari heltzen dio:

 

Ahoskera zainduan, [y] ahoskera da arau orokorra:

<jaia> [yaya], <jaio> [yayo], <jakin> [yakin], <jan> [yan], <jaso> [yaso], <jendarme> [yendarme], <jende> [yende], <jenio> (buru-argitasun berezikoa) [yenio], <joan> [yoan], <jokatu> [yokatu], <Maju> [mayu], <Josu> [yosu]...

Badira, hala ere, inongo euskalkitan [y] ahoskatzen ez direnak, eta, beraz, salbuespen gisa, beste ahoskera bat dagokienak euskara estandarrean ere:

1.    (-aje) amaiera duten hitzak ez dira berdin ahoskatzen Hegoaldean eta Iparraldean, eta inon ez dira [y] ahoskatzen. Hegoaldean, [x] ahoskera belarra dute (gazt. jamón) eta Iparraldean, berriz, [¿] ahoskera sabaiaurrekoa (fr. jambon):

adaje, bisaje, engranaje, fuselaje, garaje, ilaje, lumaje, makillaje, masaje (>masajista), paraje, pausaje, portzentaje, sabotaje, zuraje...

 

2.    Hegoaldeko hitz batzuek gaztelaniazko ahoskera belarra [x] dute beti:

aje (ondoez, akats, bestondo), alproja (alfer, pikaro), antiojo (betaurreko), erloju (ordulari), esponja (belaki), forja (burdin jotze), ijito (buhame), jela (izotz, horma), jenio (aiurri), jertse (trikota), jipoi (zafraldi), jira (bira), jota (kantu zein dantza, baina ez alfabetoko letra), kalejira (biribilketa), korrejidore (agintari mota), traje (jantzia)...

bejondeizula, bejondeiala...

majo (jator/dexente), [mutiko] pijoa (trebea, behar bezalakoa), [neska]

gajoa, [mutil] gizajoa...

ja-ja-ja, je-je-je, (j)i-ji-ji, jo-jo-jo, (j)u-ju-ju (ha-ha-ha, kar-kar-kar...)

iji eta uju (barreka, algaraz)

 

 

3/ Laranja ez da zerrendotan ageri. Jakina, ez du -aje amaiera (eta, beraz, ez da aurreko puntuko lehen saileko adibidea). Ez dakigu Hego Euskal Herriko hizkera guztietan ahoskatuko den gaztelaniaz bezala. Eta Ipar Euskal Herrian, [y]-tik hurbileko hots batez ahoskatzen da aldaera guztietan (liranja, zabalduena).

 

Erantzun laburrean ohartarazi bezala, Euskaltzaindiak ez du erabaki oraindik zein ahoskera lehenetsi; Hego Euskal Herriko hizkera guztietan gaztelaniaz bezala ahoskatuko balitz, onartu beharko luke ahoskera belarra ere euskara estandarrerako, gure ustez. Ezer erabaki bitartean, bi ahoskerak erabili ditzakezu.

 

 

4/ Bitxikeria gisa. Bada hainbat hizkuntzatako berbak nola ahoskatzen diren erakusten duen web bat, munduko 50 onenen artekoa, Time entzute handiko aldizkariaren arabera: http://eu.forvo.com/.

 

Bertan, behin hizkuntza aukeratuta (gure kasuan, euskara), bilatzailean nahi duzun hitza idatzi, eta audio bat eskainiko zaizu. Guk proba egin dugu laranja hitzarekin, eta… zuk zeuk deskubritu: http://eu.forvo.com/search/laranja/eu/.