Galdera

 

Yo recuerdo lo que ha dicho el chico, que la chica siempre está sola”: nola eman euskaraz?

“Nik mutilak esan duena gogoratzen dut, neska beti bakarrik dago”, edo “Nik mutilak zer esan duen gogoratzen dut, neska beti bakarrik dago”?


Data: 2016/05/11



Erantzuna

 

Gure ustez, hauek dira ordain egokienak:


·         “Gogoratzen dut zer esan duen mutilak: neska bakarrik dagoela beti”

·         «Gogoratzen dut zer esan duen mutilak: “Neska bakarrik dago beti”»

Oharra: Arraroa egiten zaigu euskaraz ‘esan duen’ hori, baina baita erdarazko ‘ha dicho’; baliteke logikoagoa izatea ‘esa(te)n zuen’ eta ‘dijo/decía’.

 

1/ Zuk diozun bezala, behin hala “Antes de hablar, piensa dos veces lo que vas a decir”: nola eman euskaraz?” kontsultari eman genion erantzunean, esaten genuen kasu horietan guk geuk zehar galdera erabiliko genukeela zalantzarik gabe.

Ez gara ausartzen esaten erlatiboduna zuzena ez denik, baina argi daukagu euskaldun gehienok, erdararen interferentziarik gabe hitz egitean edo idaztean, zehar galdera erabiliko genukeela.

 

2/ Beste adibide batekin azalduko dizugu. Eman dezagun esaldi hau entzuten duzula:


 “Gogoratzen dut mutilak aipatu duena


Esaldia zuzena da noski, baina erdararen interferentziarik izan ezik, honela interpretatu beharko genuke:


“Gogoratzen dut mutilak aipatu duen pertsona / txakurra / bidaia…”, eta ez, areagoko informaziorik izan gabe, “Gogoratzen dut mutilak zer aipatu duen”.

 

3/ Erreparatu ezazu nola aldatu dugun zure proposamena, zehar galdera edo erlatiboa gorabehera.


·         Lehen esaldian aurreratu egin dugu aditza, pentsaturik baiezkotasuna izan litekeela galdegaia (“Bai, gogoratzen dut…”), edo besterik gabe haren osagarria perpaus bat delako (zehar galdera).

·         Bigarrena ere esaldia denez, uste dugu koma soila ez dela nahikoa biak lotzeko; gainera, lehenaren azalpena denez, uste dugu oso egokia dela bi puntuak erabiltzea.

·         Bigarren esaldia bitara eman daiteke: estilo zuzenean (hitzez hitz), edo zeharkakoan (konpletiboa erabilita). Hori adierazi dizugu erantzun laburrean.

·         Ahal dela, euskarazko esaldian ez da komeni elementu asko pilatzea aditzaren aurrean. Zure bertsioan, hiru elementu pilatu dituzu: NOR, NOIZ eta NOLA. Horrelakoetan, gure jokabidea da –elementu sinpleak direnean (ez perpaus menderatuak)– galdegaia jartzea aditzaren aurrean, eta zerbait eramatea aditzaren ondora. Gure kasu honetan, bi aukera ditugu galdegairako: bakarrik (seguruenik, benetako galdegaia) eta beti (operadore bat izanda, joera dauka aditzaren aurrean joateko). Beraz, bigarren zatirako aukera hauek proposatzen dizkizugu:

 

“Neska bakarrik dago(ela) beti”

“Neska beti dago(ela) bakarrik”