Galdera

 

“Deiari itxaron diot” ala “deia itxaron dut”: zein da zuzena?


Data: 2016/05/12



Erantzuna

 

Bietako bat ezinbestean aukeratu beharko bazenu, “deia itxaron dut” erabiltzea proposatuko genizuke.

Baina guk “Deiaren zain egon naiz” edo haren pareko zerbait esango genuke.

 

 

1/ Euskaltzaindiak, bere 39. arauan (“Zenbait aditzen erregimena”) heltzen dio gai horri:


Laburbilduz, honela dio: itxoin eta itxaron aditzek NORK-NORI eskatzen dute objektua dutenean: “Mireni itxoin zioten eguerdiraino”. Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute: “Egongelan itxoin dute goiz osoan”.

 

Horren arabera, “deiari itxaron diot” litzateke zuzena.

 

Zoritxarrez, Hiztegi Batuko azken edizioan, Euskaltzaindiak aldatu egin zuen araua:


itxaron. 1 dio ad. [objektu biziduna denean]: Mireni itxaron diogu luzaz. 2 du ad.: itxaroten dut hilen piztuera.


Horren arabera, berriz, “deia itxaron dut” litzateke zuzena.

 

Gure ustez, horixe da nagusitzen ari den joera. Hala, Berriaren estilo liburuan kontsultatu, eta horrela jokatzeko aholkua irakurriko duzu:


itxaron. Bizidunekin, 'itxaron dio'; bizigabeekin, 'itxaron du'. Iboni itxaron dio. Saria ez zuen itxaroten.

 

Zer gertatzen da orduan “Autobusari itxaron diot” bezalakoekin? Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzura eraman zuten galdera: “Zuzena al da autobusari itxaron behar diot esaldia?

Eta hona zer erantzun zioten:


Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ageri denez, itxaron aditza dio sailekoa da "objektu biziduna denean" bakarrik (adib. Mireni itxaron diogu), gainerakoetan du sailekoa izanik (adib. itxaroten dut hilen piztuera).

Horren arabera, badirudi autobusari itxaron behar diot txartzat eman behar dugula; baina autobusa nolabaiteko biziduntzat har daitekeenez (berez mugitzen den ibilgailua delako), esaldi hori txartzat ematea desegokia iruditzen zait. Beraz, ez nuke esango okerra denik autobusari itxaron behar diot esaldia.

Gainera, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak (ikus IX. lib. 693. or.) honako argibide hau dakar itxaron sarreran: "el complemento va siempre en dativo si se trata de seres animados; por lo demás, el complemento suele ir tanto en caso absoluto como en dativo". Beraz, ontzat ematen da datiboa (NORI kasua) erabiltzea izen bizigabeekin.

Data: 2008/10/20 Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

 

Beraz, tradizioan bi erabilerak gertatu dira bizigabeen izenekin, eta beraz zaila da NOR-NORI-NORK saileko adizkiak ez-zuzentzat ematea.

Adibidez, arakatu dezagun EHUren Egungo Testuen Corpusean nola erabili den itxaron aditza objektua erantzun izena duela ( erantzuna / erantzunari itxaron).

Berria egunkaritik ateratako adibideak baino ez dizkizugu hona ekarriko; estekan, beste asko eta asko dituzu:


·         O. isiltasun osoz mantentzen zen une batez entzuleen erantzunARI itxaroten.

·         Sententzia behin-behinean indarrean jartzeko eskatuko dio orain ezker abertzaleak epaileari, partzuergoaren helegiteari goragoko epaitegiek eman behar dioten erantzunARI itxaron gabe.

·         Baina, karta eskuratu baino lehen ere, aukera horrek beste ondorio bat izan dezake: prefekturak Edehentzat Nigeriako Lagos hiriburura joateko erreserbatua duen biharko bidaia deuseztatzea, administrazioak agentziaren erantzunARI itxarotea onartzen badu.

·         Foro Sozialetik ETAri eginiko gomendioei buruzko erantzunA itxaroten gaude.

·         Noiz arte zaude Madrilen erantzunA itxaroteko prest?

·         Polizia etxera joan nintzenean uste nuen babesa emango zidatela, eta lasai eta pozik nengoen, erantzunA itxaroten hiru urte pasatu eta gero uste nuelako lortuko nuela behingoz.

 

Dena dela, berriz diogu: esan liteke bizigabeekin NOR-NORK saileko aditzak erabiltzeko joera nagusitzen ari dela, eta horixe proposatzen dizugu.

 

2/ Hori guztia, itxaron aditzari dagokionez.


Erantzun laburrean esan bezala, ordea, guk beste modu batean esango genuke hori. Zain egon, begira egon... horrelako aditzak erabiltzen ditugu testuinguru horretan:


·        Imanolen deiaren zain egon naiz.

·        Zain egon naiz Imanolek noiz deituko.

·        Imanolek deitu zain egon naiz.

·