Galdera

 

“Zenbat maite nauzu?”: zuzena da galdera? Maitasuna ezin da neurtu…


Data: 2016/05/12



Erantzuna

 

Bai, guztiz zuzena da.

 

1/ Nola esan behar da, asko maite zaitut edo oso maite zaitut? Galdera hori egin zuten behin hala Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzuan, eta honela erantzun zuten:


Bai, zuzena eta egokia da erabilera hori [askoduna]. Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako liburuan (ikus 2012koaren 61. or.), horixe da, besteak beste, asko sarreran datozen adibideetako bat: Asko maite zaitut.
asko 3 adizlaguna. (Aditzaren osagarri, dagokion ekintza neurri handian gertatzen dela adieraziz). Horrek asko daki. Asko maite zaitut. Asko gustatzen zaion janaria. Asko argaldu zen. Asko lagundu zioten. Ez zait asko(rik) gustatu.
Gainera, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako horretan (ikus 657. or.), oso sarreran, adibideetako batek eranskin berezia dakar:
oso 10 adizlaguna. (Aditz bati dagokiola). (...)Banuen astakume polit bat oso maite nuena: asko maite nuena.
Eranskin horrek adierazi nahi du, noski, oso maite nuena zuzena izan arren, asko maite nuena erabiltzea hobesten dela batasunerako. Beraz, asko maite zaitut esatea zuzena eta egokia da.

Data: 20151008
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

 

2/ Beraz, ahaztu ezazu erabiltzen duzun logika hori (maitasuna ezin dela neurtu), horren arabera asko maite zaitut eta antzekoak ez lirateke-eta zuzenak.


Asko / gutxi / pittin bat... kuantifikatzaileei dagokien galdera, jakina, ZENBAT da. Beraz, ez dago beste modurik zure galdera egiteko: “Zenbat maite nauzu?” behar du.

 

3/ Ereduzko Prosa Gaur gordailuan, hainbat adibide aurkituko dituzu (gutxi batzuk baino ez dizkizugu aldatuko hona):


·         Irabazi-eta bihotz handi bat marrazkitu du lurrean eta han etzan erakusteko zenbat maite duen Parise. (Herria aldizkaritik)

·         Semeaz ari denean, begietan, keinuetan, ahotsean igartzen zaio Estherri zenbat maite duen. (Berria egunkaritik)

·         Biok bakarrik geratu ginen batean, eztiki besarkatu, eta txikitandik zenbat maite izan ninduen adierazi zidan, eta zenbat maiteko ninduen beti. (Juan Kruz Igerabide: Hauts bihurtu zineten, Alberdania, 2005)

·         Zenbat maite nauen esan dit gaur, bere gurasoen etxean, bere antzinako logelan larrua jo eta gero. (Eider Rodriguez: Eta handik gutxira gaur, Susa, 2004)

·         Imajinatzen diat zein erretratu erakutsi dizkiaten, eta heuk ere berorietatik ondoriozta dezakek zenbat maite dudan. (Josu Landa: Odolbildua, Susa, 2002)

·         Besarkatu egin dut, zenbat maite dudan behin eta berriz esaten niolarik. (Pako Aristi: Gauza txikien liburua, Erein, 2004)