Galdera

 

Nola deklinatzen da BAT “batez besteko aldakuntza tasa” sigla?


Orokorrean, nola deklinatzen dira siglak eta akronimoak?


Data: 2016/05/16



Erantzuna

 

Izen arrunta balitz bezala, gure ustez. Beraz, marratxorik gabe eta dagokion deklinabide atzizkiarekin.

 

1/ Siglekin nola jokatu behar den jakiteko, EIMAren Ortotipografia liburuxkan duzu informazioa, 33.-35. orrialdeetan. Bertatik aldatu dizkizugu hona zure kontsultari doazkion pasarteak:


a/ Deklinatzerakoan (eta ahoskatzerakoan), kontuan izan sigla batzuk letraka irakurtzen direla, eta beste batzuk, silabaka.


·         EHU (e-hatxe-u): Euskal Herriko Unibertsitatea

·         EGA (e-ga): Euskararen Gaitasun Agiria

Oharra: Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen den siglarik ere: PSOE (pe-so-e).


Gure kasuan, silabaka irakurtzen da: BAT ([bat]).

 

b/ Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.


·   UEUn, hizlarietako batzuk ETBko kazetariak dira; beste batzuk, berriz, EHUtik joandako irakasleak.

·         BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren diru laguntza.


Beraz, zure kontsultari dagokionez, BATari, BATak, BATetik, BATeko

 

c/ Deklinatzerakoan, izen berezitzat hartzen da sigla, eta leku izen bereziak bezala deklinatzen, izen arrunt gisako siglak izan ezik.


·         EUDELeko arduradunak AEBra joan dira, Renoko agintariei-eta hemengo udalen berri ematera.

·         EUTGko irakasle asko Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak dira.

 

Izen arrunt gisako siglak, ordea, hitz arruntak bezalaxe deklinatzen dira. Sail horretakoak dira NA (Nortasun Agiri), BEZ (Balio Erantsiaren Zerga), CD (Compact Disc), PC (Personal Computer), GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) eta abar, eta baita hiztegi berezietako DM (datu mota), DMA (Datu Mota Abstraktu) eta beste asko ere.

 

·         Non grabatu duzu CDa?

·         Nork itzali ditu PCak?

·         Zenbat ordaindu duzu BEZa?

·         Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra.

 

Zalantza puntu bat badaukagu izen berezitzat edo izen arruntzat hartu behar dugun BAT, baina ia seguru gaude izen arrunt moduko erabilera dela egokiena (ez da erakunde baten izena, esaterako; funtzio bat eta tarte bat – edozein direlarik ere– emanda, balio bat edo beste hartzen du…). Beraz:

 

·         BATari, eta ez BATri

·         BATak, eta ez BATk

·         BATaz, eta ez BATz…

 

2/ Erakusteko nola jokatuko genukeen guk kasu praktikoa batean, hiru adibide emango dizkizugu:


·         f(x) funtzioaren batez besteko aldakuntza tasa (BAT) [a, b] tartean (non a<b den), formula honen bidez definitzen da:

 

·         Hori jakinda, kalkulatu ezazu f(x) = 2xlnx x funtzioaren BATa [1,3] tartean.

 

·         Hori jakinda, kalkulatu ezazu zein den f(x) = 2xlnx x funtzioaren BATaren balioa [1,3] tartean.