Galdera

 

Nola deklinatzen dira TTIP, AEB eta EB siglak? (Berrian ‘TTIPen’, ‘TTIParen’, ‘AEBen’, ‘EBren’… irakurri ditut).


Data: 2016/05/26



Erantzuna

 

·         TTIPren

·         EBren

·         AEB: arazo handia dago sigla honekin.

Oharra: TTIP siglen gainean, kontsulta bat egin ziguten. Hona hemen non aurkitu dezakezun erantzuna: TTIP.

 

1/ Siglekin eta akronimoekin nola jokatu behar den ikusteko, irakurri kontsulta bati eman genion erantzun hau: “TDT-ri esker”, “TDT-ari esker”, “TDT-i esker”…: zein da zuzena?.

 

2/ Nola deklinatzen da TTIP (Transatlantic Trade and Investment Partnership = Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa?


Bi parametro hartu behar ditugu kontuan:

·         Izen arrunta da?

·         Nola irakurtzen da?


Jakina, izen berezitzat hartu behar dugu, itun berezi-berezi bat izanik. Eta [i-te-te-pe] irakurtzen dugu, letrak bana-banan irakurrita. Beraz, ‘-ren’ NOREN kasuko atzizkia dagokio, ez ‘-aren’ (izen arrunta balitz egokituko litzaiokeena: ‘DVDaren’), ez eta ‘-en’ ere (irakurtzean kontsonante batekin amaituko bagenu egokituko litzaiokeena: EUDELen).


TTIPren

TTIParen

TTIPen

 

3/ Nola deklinatzen da EB (“Europar Batasuna”, Euskaltzaindiak arautu duenez)?


·         Izen arrunta da? Ez, erakunde baten izena da: izen berezitzat hartu behar dugu.

·         Nola irakurtzen da? Letrak banan-banan irakurrita: [e-be]


Hau aurreko kasua bezalakoa denez, EBren.

 

4/ Nola deklinatzen da AEB (Amerikako Estatu Batuak)?


Erantzun laburrean esan bezala, arazo handia daukagu sigla honekin:


Batzuk gainerako siglekin jokatzen den bezala jokatzearen alde agertzen dira. Beraz, izen berezia delarik eta [a-e-be] irakurriko genukeelarik, ‘AEBren’ aldeko apostua egiten dute, aurreko bi kasuetan bezala. Esaterako, modu horretantxe jokatzeko arautu du EIMAk.

 

Beste batzuek, berriz, sigla honekin salbuespena egitea aldarrikatzen dute. Eta ez dira edonor. Berriaren estilo liburuak, esaterako, arau hau ezartzen du bertako langileentzat:


AEB. /a-e-be/ Ameriketako Estatu Batuak (USA*, EEBB*). Pluralean deklinatzen da. AEBak, AEBek, AEBetako. (Beraz, NOREN kasuan, ‘AEBen’)

 

Auzi honen gaineko adituen eztabaida oso interesgarria irakurtzeko prest bazaude, hona Itzultzaileen Irizpen Biltegira joateko esteka bat: http://www.eizie.eus/Argitalpenak/2tzul/siglen-deklinabidea-1.

 

5/ Guk geuk ez genuke jakingo nola jokatu: arazoa deskribatu baino ez dizugu egin.


Ikasmaterialak sortzean, EIMAren jarraibideak bete behar ditugu, eta beraz ‘AEBren’ idazten dugu horrelakoetan.

Baina badakigu forma bat edo beste nagusitzearen arrazoietako bat, guztiz pisuzkoa, hau dela: nola jokatzen duten zabalkunde handiko komunikabideek. Eta, kontuan hartuta Berriak, Elhuyar aldizkariak, eta hainbat idazlek (Iñigo Aranbarri, Harkaitz Cano, Juan Ignacio Pérez eta Pello Salaburu, Urtzi Urrutikoetxea, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta, Joseba Zulaika…) pluralaren alde egin dutela, barruntatzen dugu joera hori nagusituko dela. Ikasmaterialetatik kanpoko idazkietan, beraz, gutako bakoitzak berea aukeratzen du.

Dena dela, ‘AEBren’ zein ‘AEBen’ idatzi, ez dugu inoiz letraz letra irakurtzen sigla hori (baina bai beste batzuk) ahoz goran eman behar izaten dugunean: [(amerikako) estatu batuen] esaten dugu (bidenabar esanda, ‘19:30ean’ ahoz gora irakurtzean [(arratsaldeko) zazpi eta erdietan] esaten dugun bezala!).