Galdera

 

Gutxienez lokailua erabiltzeko, kopuru bat izan behar du: “Lau gutxienez etorri dira”. Behintzat eta bederen lokailuak, edozein kasutan erabil daitezke, edo zenbatzaile bat agertuz gero, ezingo genituzke erabili? "Lau behintzat etorri dira" ongi legoke?


Data: 2016/06/06



Erantzuna

 


Gutxienez lokailuak zenbatasuna adierazten du batez ere, baina ez beti.

"Lau behintzat etorri dira" zuzena da, bai.

 

 

1/ Informazioa biltzeko, hona hemen erreferentzia batzuk:

       

.   EUSKALTZAINDIA: Euskal Gramatika: Lehen Urratsak III (Lokailuak), Bilbo, 1990. (64.-78. or.)

.   EHU: «"Behintzat", "bederen", "behinik behin", "bederik"» artikulua, in Sareko Euskal Gramatika.

.   EUSKALTZAINDIA: Euskaltzaindiaren Hiztegia, 2012.

 

Bertan kontsultatu dezakezu emendiozko lokailuen gaineko informazioa. Hiztunak jakiten du arazorik gabe zer-nolako erabilera duen bakoitzak, baina zaila izaten da erabilera horiek mugatzea: iruditzen zaigu gramatiketan ez dagoela oso ondo azalduta, kontu latza baita ondo azaltzeko.

 

2/ Gure ustez, behintzat delakoaren balio nagusia (ohikoa) hau da: “esan denari buruz mugatzeren bat adierazteko erabiltzen den hitza = “besterik ez bada ere”.

 

Eta gutxienez delakoarena, berriz, “behetik jota”: hori dela-eta da nagusi zenbatasuna adierazten duten elementuekin agertzea.

 

Hona bi adibide, erakusten dutenak ohiko adiera horiek zertan diren:


.   Ez dakigu zenbat joango diren, baina Julia behintzat joango da.

.   Gutxienez lau liburu idatzi ditu.

 

3/ Behintzat, gramatiketan esaten den bezala, maiz erabiltzen da zenbatasuna adierazten duten elementuekin, eta, beraz, hartu dezake “behetik jota” adiera ere.

Hala, eman dezagun honelako esaldi bat:


.   Bi urtez behintzat egongo da lanean kontratu horrekin.


Nolako intonazioa ematen diogun, adiera bat edo beste hartu dezake:

 

.   Bi urtez behintzat egongo da lanean kontratu horrekin [= Sikiera, bi urtez egongo da lanean kontratu horrekin… Gaitz erdi!]

.   Bi urtez behintzat egongo da lanean [= Bi urtez egongo da lanean kontratu horrekin, baina seguruenik gehiago]

 

 

4/ Gutxienez lokailuak zenbatasuna adierazten du batez ere, baina ez beti:


.   Bilerara joanda, gutxienez jakingo dugu ikastaro berria zertan den.

.   Ez zaitez gutxienez agur esan gabe joan.

.   Gutxienez ahalegindu da!


Gaurko literaturako adibide hauetan ere, ez dago inolako erreferentziarik kopuruari edo kantitateari:


.   “Zapalkuntzatiko askapen gutxienez morala […]”. Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza, Lanku, 2009.

.   Funtzio hitza, hizkuntza arruntean, ez da inoiz libratzen asmo, helburu edo, gutxienez, zerbaitetarako baliagarritasunaren zentzutik”. Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (itzul.), EHU-ZIO bilduma, 2007.

 

Gainera, zenbait hizkeratan behinik behin, gutxienez-ek hartu du behintzat-en lekua. Hona hemen gaur egungo literaturatik ateratako beste adibide batzuk:


.   “Beñardo, berriz, zera... eskribaua-edo izan litekek, idazten eta irakurtzen ikasiko balu; egia da eskribauek ez dutela izen onik inguruotan, baina ez dik goseak hilko gutxienez”. Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien, Elkar, 2008.

.   Nik aurreikusi bezala erantzun zuen Joycek berri haren aurrean, gutxi gorabehera, baina gutxienez ez ninduen Roryren ekintzen erantzule egin; horixe nuen kezka bakarra une hartan. Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana (itzul.), Alberdania, 2006.

 

5/ Oharrak

.   Ezin ditugu bi lokailuok sakon aztertu: non jartzen diren esaldiaren barruan, galdegaiaren eta mintzagaiaren jokoan zer funtzio betetzen duten…

.   Behintzat-ek baditu beste bi erabilera edo adiera ere (gutxienez-ek hartu ez dituenak): “lehenik” edo “hasteko”, batetik; eta, bestetik, “bai, noski” edo horrelako zerbait, harridurazko perpaus batzuetan.

.   Bi lokailu horiekin batera, badira bestelako lokailu batzuk ere gutxi-asko sinonimotzat hartu litezkeenak: segurik, bederen, behinik behin, bederik, badere… Ez dute noski banaketa dialektal bera, eta bestelako adiera batzuk hartu ditzakete (esaterako, bederen kontzesiboa izan liteke).