12etan bermuta

 

Irakurri berri dudan liburu honen lehen aipamena irratian entzun nuen. Aurkezpen horretan, hainbat pasarte irakurri zituen aurkezleak, eta irakurtzea merezi zuela pentsatu nuen. 

Liburuaren azala erakargarria  iruditu, eta haren orrietan kontakizun sentsualen bat aurkituko nuela pentsatu nuen. Liburua erosi eta irakurtzen hasi nintzenean, konturatu nintzen sentsualtasun gutxi zegoela, eta etsita dagoen emakume baten kontakizuna aurkitu nuen.

Berta etsita dago, eta bere bizitzaren ibilbide pertsonala egiten du. Bere emozioetatik abiatuta, berarentzat garrantzitsuak diren senide guztiei buruz hitz egiten du. Familia-sistema osoa ukitzen du: ama, aita, amama, senarra, alaba, maitalea, anaia eta laguna. Guztiei esan beharrekoa sentimenduekin lotuta dago, eta, horrela, maitasuna, zeloak, inbidia, plazera… agertzen dira zertzeladaka idatzita dagoen liburu honetan. Berta denboran atzera eta aurrera doa, eta nahastu egiten ditu sentsazioak eta oroitzapenak. Azken finean, bere buruaz hitz egiten du.

Jasone Osorok oso testu sinpleak idatzi ditu: esaldi laburrak eta erraz ulertzeko modukoak; kalean erabiltzen dugun hizkuntza, alegia. Zehaztasunetan oinarrituta dago kontakizuna, zeinetan zertzelada guztiek mosaiko esanguratsua osatzen duten.

Izenburuari dagokionez, bermuta sarri agertzen da liburuan. Bertak atseden horixe du. Jasone Osorok elkarrizketa baten azaldu zuenez, «Ez da beste ezer existitzen bermuta hartzen ari zaren momentuan».

12etan bermuta oso interesgarria iruditu zait. Batzuetan gozoa, beste batzuetan gordina, baina erakarri egiten du irakurlea, eta pasarte batzuetan identifikatuta sentitzen du bere burua.

Liburu honetan bizitza bera kontatzen da. Plazer handiz irakurtzen da 12etan bermuta.
Edurne Estankona, 2016


Jasone Osorok argitaratutako azken liburua, 2015ean. Berta, adin ertaineko emakumea, bizitzan zehar nabarmenak izan diren pertsonekin solasean ari da.
Liburua 9 kapituluz osatuta dago, eta, bakoitzean, protagonistak elkarrizketa sakona egiten du dagokion pertsonaiarekin. Paragrafo laburren bidez eta hitz-jokoen bidez sentimenduak azaltzen dira: emozioak, hausnarketak eta burutazioak burura datozkion bezala; ideiak arrapaladan botatzen ditu, modu kaotikoan, hain zuzen ere. 
Lehenengo kapituluan, amarekin izan zuen harreman berezia kontatzen digu; bigarrenean, aitarekin izandakoa; hurrengo ataletan senarrarekin, alabarekin, maitalearekin, anaiarekin eta lagunarekin izandakoa; bukatzeko, bere buruaren deskribapen subjektiboa egiten du.
Bermutak badauka bere papera liburuan: bermuta hartzen duen uneak lasaiak dira, eta protagonistari pentsamendu onak dakarzkio.
Oso titulu erakargarria duelako hartu nuen, nahiz eta gero gogorra iruditu; hala ere, nire uztez, ondo dago, pentsarazten baitu; niri, behintzat, hala gertatu zait!
Elvira, 2016