19 kamera

 

Jon Arretxek 2012an argitaratutako eleberri beltz honetan, bi istorio dauzkagu: alde batetik, protagonistak, Toure izeneko afrikar etorkinak, zer bizi duen, eta, bestetik, udaltzainek Bilboko San Frantzisko kalean jarritako hemeretzi kamerek zer ikusten duten.
Toure Burkina Fasotik, Afrikatik, San Frantzisko auzora etorri zen bizitzera. Osman eta beste batzuk  ditu pisukide. Egun batean, La Palanka auzora hurbiltzen da auzoa hobeto ezagutzeko asmoz.
Tourek oraindik ez du paperik lortu, eta txartel batzuk prestatzen ditu lana topatzeko: igarle ospetsua dela dio txarteletan, gezurra bada ere. Liburuan zehar, detektibe-lanak egiten ditu.
Tourek lehenengo deia jasotzen du:Txaro izeneko emakume dirudun batek deitzen dio. Kafetegi batean elkartu, eta hiru gauza proposatzen dizkio: batetik, detektibe-lan bat egitea —hain zuzen, bere gizona behatzea—; bestetik, berarekin sexua izatea, diruaren truke, eta, azkenik, Bilboko koruan ahots-proba bat egitea. Horiek horrela, dirua emango dioten hiru  biderekin egiten du topo.
Beste dei bat ere jasotzen du: adingabeko prostituta beltz baten ahizpak, Adak, deitzen dio laguntza eske, ahizpa topatzeko detektibe-lanak egin ditzan. Musutruk izan behar du, ordea, berak ez baitauka dirurik.
Eleberri erakargarri eta entretenigarri hau irakurtzera gonbidatzen zaituztet. Jon Arretxek, nobelaren idazleak, nobela ugari argitaratuta dituen arren, urrutiko lurraldeetan oinarritu ditu denak. Honako hau, berriz, Euskal Herrian girotu du: 'San Fran' aukeratu zuen, ze hortxe bertan daukagu Afrika txiki bat, kontinente beltzera joan beharrik gabe. Auzo horretan zortzi hilabetez ikusitakoa kontatzen digu. Irakurtzeko erraza izan da, elkarrizketa asko baititu. Gainera, nahiz eta gordina izan, umoretsua ere bada. Horrez gain, Bilboko auzoen errealitatea ezagutzeko aukera ematen du. Hauek dira gai nagusiak: arrazakeria, poliziaren bortizkeria, desagerpenak, hilketak, droga-trafikoa, prostituzioa, dirua, laguntasuna eta elkartasuna.
Haizea (2018)

 

2012an argitaratu zuen Jon Arretxek eleberri beltz hau. Idazleak, Toure afrikar etorkinaren eskutik eta udaltzaingoak auzoan jarri dituen 19 kamerek ikusten dutenaren eskutik, Bilboko San Frantzisko kaleen marjinaltasunean murgiltzen gaitu.
La Palanka auzoa, orain dela 40 urte inguru, auzo langilea zen egunez;  gauez, ostera, Las Vegas txikia bihurtzen zen.  Putetxeez gain, taberna eta jatetxe dotoreak zeuden. Euskal Herri osotik etortzen zen jendea ondo pasatzera eta jai-gauak hango lokaletan bukatzera. Gaur, ostera, dekadentzia eta marjinaltasuna dira ezaugarri nagusi.
Toure, San Frantzisko auzoan bizi da Osman eta beste pisukideekin. Ogibide bat izan behar du; horretarako, panfleto batzuk prestatzen ditu, eta bertan igarle eta mago ospedun gisa iragartzen da. Batez ere auzoko kaleetan dauden prostituten artean banatzen ditu parper horiek.
 “Supaldiak* 2 eurotan” iragarkia irakurtzen du Tourek Mozoilo Baltzaren tabernako sarreran, eta, jakin-minaz jota, sartzen da. Barraren atzean Loles dago, eta, mahai baten eserita, prostituta zahar eta alkoholizatu bat. Loles eta atsoak San Frantzisko auzoaren inguruko istorio interesgarriak kontatzen dizkiote Toureri, eta, garagardoen eta istorioen artean, Tourek tabernan dauden eskailera estuetatik gora egitea erabakitzen du. Zer motatako emakume gizajoa egongo da goiko pisuan?
Kristina ilegorridun gazte ederra da; Toureri zerbitzua egin eta gero, infusio bi prestatzen ditu, eta bertan erlazio berezia sortuko da, giro beltz eta dekadente horren erdian.
Tourek lehenengo deia jasotzen du, Txaro da, atso diruduna eta edadetua. Zabalburuko dastaleku baten geratzen dira. Txarok hiru gauza proposatzen dizkio Toureri: detektibe-lan bat, sexua diruaren truke eta Bilboko koru baten ahots proba bat egiteko aukera. Hiru bide zabaltzen zaizkio Toureri, dirua emango dioten bideak.
Bigarren dei bat ere jasoko du. Auzoan prostituta adingabe beltz bat desagertu da, eta haren ahizpak laguntza eskatuko dio Toureri.
Arrazakeria, gizarte-mailen arteko desberdintasunak, poliziaren bortizkeria edota arduragabetasuna, droga-trafikoa, prostituzioaren inguruko mafiak, dekadentzia, marjinaltasuna, Bilboko dirudunen ustelkeria…, baina laguntasuna eta auzokideen arteko elkartasuna ere badira gai nagusi.
Eleberri erakargarria eta entretenigarria benetan; agian, pertsonaia eta argudioaren ildo batzuk borobildu barik geratzen dira, baina, halan da guztiz ere, liburu gomendagarria.
Elba (2016)

 

Lan hau genero beltzeko eleberria da. Istorioa Bilboko San Frantzisko auzoan gertatzen da, eta bertako bizimodua zein jatorri askotako populazioaren ezaugarriak islatzen ditu. Trama paralelo batzuek osatzen dute eleberria, eta umorea eta gordintasuna konbinatu egiten dira. Auzoko errealitatean oinarrituta, Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde batek egindako jipoi eta hilketa eta horrelako gertakizunak narratzen dira.

Istorioaren ardatza Toure izeneko mutila da, auzora Gineatik heldu berria. Protagonistak berak auzokideekin zein Bilbo zuriko biztanle batzuekin dituen  gorabeherak azaltzen dizkigu. Halandaze, idazleak auzoaren egungo egoera zein azken hamarkadetan izan duen bilakaera ezagutzeko aukera eskaintzen digu.

Deigarria iruditu zaigu testuaren trataera, bi testu mota erraz bereiz daitezke eta. Alde batetik, eleberriaren atal nagusia dago, protagonistaren kontakizuna, lehen pertsonan azalduta. Testu narratibo xumea da, elkarrizketaz beterik, irakurterraza. Edukiari dagokionez, atal hori egoera bitxiz osatuta dago eta umore kutsua erraz soma daiteke. Bestetik, noiz edo noiz beste testu mota batzuk tartekatzen dira, testu nagusiaren izaera eta ildoa ere apurtuz. Pasarte laburrak dira, narratiboak eta deskribatzaileak, narratzaile ezezagun batek adierazitakoak. Horietan auzoaren errealitatea modu gordinagoan islatzen da, umoretik urrun.

Gure ustez, entretenigarria da, erraz irakurtzekoa, umore kutsuak  ditu eta auzoaren errealitatea ezagutzeko aukera eskura jartzen digu.
Amada Llamosas eta Maria José Risoto (2016)


Erraz irakurtzen den eleberri bat eskaintzen digu egileak. Alde batetik, nobela beltzaren egitura topatzen dugu; oso dinamikoa da, eta hurrengo orrialdeak ezkutatzen duenaren zain uzten gaitu idazleak. Beste aldetik, irakurketa lasaia eta sakonagoa egiten badugu, hausnarketa egiteko aitzakia paregabea ematen digu egileak.
Eleberriaren bilbeak Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen gaitu. Lehendabiziko protagonista ezkutuan dago, auzoan segurtasuna ziurtatzeko aitzakiaz kameren atzean dagoen morroia da. Pasarte laburrak dira, hozkeriaz beteak, eta sano argi adierazten da haren erabakiek zenbateraino baldintzatzen dituzten hainbaten bizitzak; George Orwellen 1984 lan arrakastatsuarekin paralelismo itzela topa dezakegu.
Benetako protagonista Toure izeneko etorkin bat da, Burkina Fasotik etorri berria. Toureren bizipenez baliaturik, Bilbon topa ditzakegun errealitate ugari deskribatzen dizkigu egileak. Alde batetik, San Frantzisko auzoko errealitatea: droga, prostituzioa… Beste aldetik, maila soziokultural ertaineko izengabekoen errealitatea. Eta bukatzeko, auzoko dirudunen giroko pasadizoak, gugandik San Frantzisko bezain urruneko bizimodua.
Nire ustez, Jon Arretxek maisutasunez lortu du idazle askok dauzkaten hainbat helburu: batetik, irakurleen interesa piztea (jende asko auzoa ezagutzera hurbildu da); bestetik, bere bidaietan eta ikerketetan ikasitakoa transmititzea; azkenik, bizimodua ateratzea (ale asko saldu ditu, eta lau eleberrik Toure izan dute protagonista).

Iban Sáez, 2016

 

Liburutegian geundela, ez dakit nola, Jon Arretxeren 19 kamera eskuetara ailegatu zitzaidan. Liburuaren azal beltza, protagonista afrikarraren argazkia eta kaleko zaintze-kamerak ikusteak eleberria irakurtzeko gogoa piztu zidan; beharbada, San Franzisko auzoan bizi izanak ere,izango zuen eraginik erabakian. Dena den, gaia oso gustuko nuen.
Jon Arretxek, nobelaren idazleak, hogei bat liburu argitaratuta ditu, eta horietako asko urrutiko lurraldeetan oinarritu ditu. Gehienetan, lurralde haietara bidaiatu izan du inspiratzeko eta bertan idazteko asmoarekin.  19 kamera eleberriaren aurkezpenean honela esan zuen idazleak: “Azken liburuak atzerrian zeuden girotuta, beraz, ordua zen Bilbon garatzen zen istorio bat egiteko. Horregatik, 'San Fran' aukeratzea oso naturala izan zen; eta auzo horretara, zortzi hilabetean, joan nintzen bizitzera".
Nobela bat idazteko San Franzisko auzoa aukeratzea oso ulergarria da: auzoan, hamaika istorio bitxi gertatzen da egunero, munduko toki askotatik etorritako jendea bizi da −horrek kultura, pentsatzeko era eta bizitzeko modua gurearekin zerikusirik ez izatea dakar−; eta, gainera, droga eta betiko prostituzio-gunea izan ohi da. Horregatik guztiagatik, normala ikusten dut Arretxek nobela bat, bi edo bost idaztea San Fran eta bere biztanleen inguruan.
19 kamera liburuan Touré da protagonista: Burkina Fasotik duela urtebete etorritako gaztea. Beste askoren antzera, etorkizun hobearen bila etorri da. Paperik gabe eta dirurik gabe “pisu patera” batean bizi da. Ogibidea bilatzera behartuta igarle gisa saiatzen da lehenik; baina, auzoan banatzen dituen txartelei ezker, bestelako proposamen bitxiak sortuko zaizkio.
Auzoko istorio batzuek osatzen dute nobela: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, droga trafikoaren kontrola, talde batzuen jipoiak eta hilketak, prostituta baten desagerpena… Baina protagonistak pertsona “zuriak” ere ezagutuko ditu: atso dirudun bat, haren senarra, senarraren inguru aristokratikoa… Pertsonaia horiek Bilboko boteretsuenen miseriak erakusteko baliatuko ditu Arretxek.  
Eleberria lehengo pertsonan idatzita dago eta elkarrizketa da nagusi; horregatik, erritmo bizian doa kontakizuna. Batzuetan, istorioa irakurtzen ari garela,  Kameren irudiak ikusiko bagenitu bezala, hirugarren pertsona erabiltzen du Arretxek auzoko gertaerak kontatzeko eta ikusarazteko. Kamerek begiek ikusten ez dutena erakusten digute,  baina, askotan, irudiak ezabatu egiten dira agintarien eskuetatik pasa orduko.
19 kamera eleberria kontrastez josita dago: umorea eta gordintasuna, fantasia eta errealitatea, Bilbo “zuria” eta Bilbo “beltza”, goi mailako gizartea eta behartsuak, Ledesma kalea eta Sanfran auzoa… Mutur horiek modu arinean eta umorea erabiliz uztartzen dira kontakizunean. Eta azkenean, istorioa itxi ordez, irekita uzten du idazleak: Touré San Frantzisko auzoan jarraitzen du oraindik.
Nik asko disfrutatu dut irakurketarekin: barre egin dut, hunkitu naiz eta Sanfran auzoaren inguruan gehiago jakiteko gogoz geratu naiz. Zalantzarik gabe, irakurtzera animatzen zaitut. 

Lorea Arlegi