33 ezkil

Aitzurrean dabilela, baserriko nagusi Ferminek burezur bat aurkitu du. Abiapuntu harrigarri honen ostean, hezurrak, suizidioak, oraineko eta iraganeko heriotzak kateatuko dira Miren Gorrotxategik idatzi duen opera prima honetan. Nobelan aurrera egin ahala, urteetan zehar lurpean isildutako familia-sekretuak azaleratuko zaizkigu.
Misteriozko nobela omen du gustuko idazleak, irakurleoi paper aktiboa eskatzen digulako. Honela mantenduko gaitu bere lanak: beti erne.  Asmatu du Gorrotxategik informazioa dosifikatzen, eta kapitulu baten amaieran  hurrengoaren zain uzten du irakurlea.
Narrazioak atzera eta aurrerako jauziak egiten ditu denboran, iragana eta oraina txandakatuz, baina, azken batean, kontakizun bakar baten piezak baino ez dira. Izan ere, oraineko ezohiko gertaerek iraganean izango dute azalpena, eta iraganak lagunduko dio Nestor baserriko semeari familiaren misterioa argitzen.
Misterioarekin batera, hainbat gai agertuko zaizkigu nobelan: baserri-munduak jasan duen aldaketa sakona, belaunaldi ezberdinen arteko talka, bikotekideen arteko inkomunikazioa, emakumeak aurrera egiteko daukan indarra, gorrotoak, errudun-sentimenduak eta adikzioak. Hau guztia elkarrizketa eta flashbacketan bikain moldatuz eta prosa arin eta dotore batez.
Hurrengo nobela noiz argitaratuko ote duen zain gaudela esatea baino ez zaigu geratzen. Etorkizun literario emankorra opa diogu idazle gazte honi.
Amaia Ribera (2017)