3 Mariak

 

Maritxuri, 79 urteko emakumea, alargun geratu da: Joxe, senarra, itsasgizona zen eta alzheimerrak jota hil da. Tanatorioan, Marigorri ikusten du, eta kontatzen du txikitan hiru lagun zirela: jendeak “hiru Mariak” esaten zien beti elkarrekin joaten zirelako. Hirurek zeukaten Maria izena, baina izengoitiak erabiltzen zituzten: Mari Txuri, Marigorri eta Marihandi.
Joxeren erraustea bukatu, eta Txuri Gorriren gurasoena izandako etxean bizi izaten hasi zen, Gorrik nolabait erabaki baitzuen bete egin behar zutela txikitan elkarrekin bizitzeko egindako promesa hura, eta Txurik ez zuen bere etxera itzuli nahi —ez baitzuen bakarrik bizi nahi—. Hurrengo egunean, Gorrik Txuriri hitzeman zion Marihandi bilatzen hasiko zirela. Bizitzak eta gerrak banandu zituen, eta berrogeita hamar urte pasa dira elkar ikusi gabe; beraz, horixe dute orain xede. Eleberriak hauxe kontatzen du: Txuriren bizitzako urtebete, alargun geratu zenetik 80 urte bete arte. Ospatzeko, festa prestatuko dute, eta gurari hau dute: Marihandi aurkitzea Txuriren festa baino lehen.
3 Mariak zahartzaroari eta adiskidetasunari buruzko eleberri alaia eta esperantzaz betea iruditu zait. Gaur egungo zahartzaroa ez da aurreko belaunaldikoena bezalakoa, eta Mariek zahartzaroa bizitzeko beste modu bat aukeratu dute. Bizitzak beste aukera bat ematen die, eta liburuaren mezua da inoiz ez dela berandu bizitza berri bat hasteko. Estilo xumea, naturala eta irakurtzeko atsegina hautatu zuen Arantxa Urretabizkaia idazleak. Guztiz gomendagarria!
Sara (2018)

 

Unibertsitate garaitik ezer irakurri barik nengoen eta R-300 hasi eta lehenengo egunean, liburu bat irakurri behar genuela esan ziguten. Liburutegira joan ginen, eta apal batean 3 Mariak liburua ikusi nuen. Hasiera batean, arreta eman zidana liburuaren azala izan zen, baina izenburua irakurri nuenean burura nire amuma eta bere ahizpak etorri zitzaizkidan. Maria Pilar, Maria Julia eta Maria Mercedes; beti hirurak elkarrekin, goizetan erosketak egiten eta arratsaldetan kartetan jolasten. Partida kafeinagabeko kafea edo mantzanila hartu ostean hasten zen beti. Kikarak mahaitik kendu, tapetea eta tantoak hartu eta hor hasten zen beraien gozamena.
Eleberri honetako gai nagusia zahartzaroa da, baina beste hainbat gai ere agerian uzten ditu Arantxak: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna… besteak beste. Istorio samurra baina indartsua da, ohiko topikoak apurtzen ditu eta pertsonaia ederrak sortu ditu, ondo perfilatuak, liburuan zehar garatuz doazenak. Nire ustez, Urretabizkaiak ondo aurkezten ditu gure aitita-amamak izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak, XX. mende hasieran jaio eta orain gutxi ezkutatu zaigun belaunaldi horren arima. Horrekin batera, hala ere, zaharra izateko beste modu bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.
Arantza, 2017

Arantxa Urretabizkaiak 3 Mariak 2010ean argitaratu zuen EREIN argitaletxearekin.

Zahartzaroa da gai nagusia eleberri honetan, baina beste hainbat gai ere agertzen dira: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna…  Zahartzaroa bere aje guztiekin erakusten digu Urretabizkaiak, baina bizipozaz. Baikortasunez blai dago 3 Mariak.

Pertsonaia nagusiak Maria Txuri eta Maria Gorri dira, eta besteen artean Maria Handi, Kalo eta Laida daude.

Istoria bi emakume edadetuen eguneroko bizitza da. Maria Txurik 79 urte ditu eta alargun geratu da. Hainbat urte seme-alabak hazten igaro ondoren, azken urteotan bikotekide gaixoa zaintzeaz arduratu behar izan da. Senarra hil eta beilatokian dela, txikitako lagun bat agertu da, Maria Gorri, hainbat urtez herritik kanpo bizi izandakoa. Nola ez dakitela ere, biak elkarrekin bizi izatera joango dira, Gorriren gurasoena izandako etxera. Zaharrak dira, bai,  baina ez daude prest heriotzari eserita itxaroten geratzeko. Bizitzeko gogoz  eta proiektu asko gauzatzeko asmoz daude.

Bere estiloa xumea iruditu zait, idazkeran zein teknika narratibo aldetik. Protagonista batek, Maritxurik, bere buruak jasotako bizipenak kontatzen dizkigu era kronologiko batean. Bere bizitzako urte bat kontatzen du.
Nik uste dut Urretabizkaiak ondo aurkezten dituela XX. mendean zehar gure aitite-amama izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak. Horrekin batera, zaharra izateko beste modu bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.

Liburua interesgarria eta egokia iruditu zait. Nahiz eta euskaraz irakurtzen oso aditua ez izan, gustura irakurri dut.


Adita, 2016

 

Nire lagun bati liburu bat irakurri behar nuela azaldu nion eta berak pare bat prestatu zizkidan, haien artean Arantza Urretabizkaiaren 3 Mariak; bereziki, horixe irakurtzea gomendatu zidan. Badakit denok ez ditugula gustu berak, baina besteen iritzia oso interesgarria da, abiapuntu bezala bederen, eta liburu hau irakurri izanak ideia hori baieztatu dit.
Liburuaren protagonistak laurogei urte inguruko hiru emakume dira eta hirurak Maria izenekoak, baina bakoitzak bere izengoitia dauka: Maritxuri, Marigorri eta Marihandi.
Kostaldeko herri batean gertatzen da istorioa. 3 Mariak, txikitan, eskolako lagun minak ziren; gaztetan, elkarrengandik urrunduta bizi izan ziren, eta zahartzaroan, umetan egindako promesa bete nahirik, berriz ere elkartu egingo dira. Lehenik, gerrak eta, gero, bizitzak banandu zituen. Maritxuri herrian bertan geratu, eta arrantzale nazionalista batekin ezkondu zen; Marigorri Frantziara joan zen lan egitera eta, azkenean, Mexikora alde egin zuen, eta Marihandi militar frankista batekin ezkondu zen eta, hura enbaxadore izendatu ondoren, hainbat herritan bizi izan zen.
Lehenengo Maria, Maritxuri, narratzailea da eta istorioa bera alarguntzen denean hasten da. Azken urteetan, gaixo zegoen senarra zaintzeaz arduratu behar izan zuen. Senarra hiltzean, gorpua erretzen ari zirela, jende artean Marigorri agertuko da eta haren bizitza ikaragarri aldatuko da.
Topaketa horrekin hasten da txikitan egindako promesaren abentura, zahartzaroan hirurak elkarrekin bizitzeko ideiarena. Momentu hartan Marihandi faltako da bakarrik, eta hura bilatzea eta harekin elkartzea premiazko helburu bihurtuko da.
Gustura irakurri dut liburua. Nobela ikaragarri xumea, irakurterraza eta goxoa iruditu zait, bai hizkuntza aldetik, eta bai gaia lantzeko moduagatik.
Gai dramatikoak agertzen dira, haien artean honako hauek: zahartzaroa, gerra, bakardadea… Hala ere, dramatik urrundu egiten da eta era atsegin eta itxaropentsu batez tratatzen ditu gaiak. Zahar hitza askotan agertzen da liburuan zehar, baina gutxiespen zentzurik gabe, normaltasun osoz.
Alde txarrik aipatzekotan, amaiera aipatuko nuke. Liburua bukatzean, zerbait falta zela iruditu zitzaidan: gehiago jakin nahi nuen. Dena den, handik gutxira bururatu zait, agian, Arantzak apropos egin duela amaiera horrela; hortik aurrera, egiaz, 3 Marientzat bizitza berri bat hasiko dela adierazi nahi izan du beharbada. Azkenean, ideia horrekin geratu naiz.

Sonia (2015)


Liburua aukeratzeko, Amaiak liburutegira eraman gintuen. Han, liburuen antolamendua erakutsi zigun eta hasi zen galdetzen ea zein liburu mota genuen gustuko: bidaia-liburuak, biografiak, nobela beltzak, historikoak… Mota bakoitzeko batzuk ateratzen zituen, berari interesgarriak iruditzen zitzaionak. Horrela, norberak bere gustuaren arabera hartzen zuen liburua. Egia esan, ez nekien zein liburu aukeratu, eta ez nuen bat ere hartu. Atsedenaldian bueltatu nintzen eta beste irakasle batek liburu hau atera zuen. Titulua atsegin nuen eta hartu egin nuen. Orduan, beste ikasle bat agertu zen liburu honetaz galdezka, eta neuk aukeratu nuela esan nion, hots, lapurtu egin nion liburua, hark nik baino grina handiagoa baitzuen  liburua irakurtzeko.

Tituluak esaten duenez, liburua hiru emakumeri buruzkoa da eta Maria dute izena. Txikitan,  kostaldeko herri batean bizi zirela, beti elkarrekin egongo zirela agindu zioten elkarri, baina bizitzak banandu egin zituen: lehena Frantziara joan zen (neskame, hasieran; gero, jostun; eta Gerra Handia baino lehen, Amerikara alde egin zuen); bigarrena militar frankista batekin ezkondu zen eta enbaxadore egon ziren hainbat herritan; hirugarrena herrian bertan geratu, eta arrantzale nazionalista batekin ezkondu zen. Izen berbera zutenez eta beti elkarrekin zeudenez, herrian honako izen hauekin ezagutzen zituzten: Gorri, Handi eta Txuri; ile gorria zuelako, handia zelako eta ile zuria zeukalako, hurrenez hurren. Zahartu zirenean, Gorri Txuriren senarraren hiletan agertu zen eta elkarrekin bizitzen hasi ziren, Handi ere haiekin biziko zelako itxaropenarekin.

Eleberri hau zahartzaroari buruzko hausnarketa da, eta bi izaera desberdin ikusten dira: batak iragana begiratzen du eta ez du ezer berririk itxaroten bizitzan; besteak, ordea, unea bizi du eta bizitzeko grina du. Pixkanaka-pixkanaka, lehenengoa aldatzen hasten da eta bigarrenaren bizimodura hurbiltzen da. Gainera, oso ondo moldatzen dira elkarrekin, eta hori harrigarria iruditzen zaio jendeari: zahar xelebreak bihurtzen dira herrian. Bestalde, gazte eta zaharren, senideen eta arrazen arteko erlazioak gainbegiratzen dira eta oraingo eta lehengo ohiturak gainbegiratzen dira.

Amaitzeko, honako bi arrazoi hauengatik gomendatzen dut liburua: batetik, nire ustez, oso ondo idatzita dago eta nahiko erraz irakurtzen da, hitz batzuk ezagutzen ez badira ere; bestetik, gaiak pentsarazi egiten du, eta goxotasun zaporea uzten du irakurlearengan.

Aintzane

                                                ******************************************************


Zahartzarora hurbildu ahala, asmoak gutxitu egiten dira; ohitura sendoak gustatzen zaizkigu eta errutina behar dugu. Horrela, konturatu barik gure bizitzeko grina galtzen dugu, eta dena triste, txar eta negargarri bihurtzen da. Baina, iritzi hori oso tradizionala da, eta, zorionez, desagertzeko zorian dago; hori dela eta, modu berria aurkitu behar dugu aurrera joateko.
Liburuko protagonistek tradizioari uko egiten diote, beste modu batean  bizitzeko; beraz, aurrera begiratuko dute ilusioak eta asmoak betetzeko eta bizirik egoteko, hau da, haien etorkizunaren jabeak izateko.
3 Mariak zahartzaroaren aldarrikapena da: zahartzaroa nor bere moduan bizitzeko. Dena den, gai horiekin lotuta beste batzuk agertzen dira: tolerantzia eza, askatasuna, adiskidetasuna…; horiek guztiek istorio atsegina eta sentimenduz josia eraikitzen dute.

Paz