612 euro

Lehenengo mementotik argi izan nuen erakartzen ninduen zerbait erraza irakurri behar nuela. Aspalditik ez nuen euskaraz irakurtzen, baina buruan neukan Jon Arretxeren idazteko era (institutu-garaiko liburu arin horiek) eta 19 kamara liburua (nire auzoan oinarritutako liburua, hau da, irakurtzen jarraitzeko jakin-mina piztu ahal zidan horrek). Zoritxarrez, norbait aurreratu zen, liburu hori ez zegoelako liburutegian; baina, hori sorpresa!, Gotzonek jakinaraztean nobela beltza pentalogia baten lehenengo liburua zela eta ez zegoela arazorik bigarren liburua irakurtzeko: 612 €.
Espero nuen bezala, liburua irakurtzen hasi, eta, konturatu nintzenerako, hamaika orri irakurrita nituen! Pertsonaiak, lekuak, gertaerak… auzoari bizitza ematen dion guzti-guztia!
Pertsonaiak asmatutakoak izan arren, ziurtatzen dizuet liburuan agertzen diren pertsona guztiak inoiz ikusi ditudala kaletik: Toure, Kristina, Sira, Cisse , Garan, Idi, Marisa... Tourek, pertsonaia nagusiak, oso ondo deskribatzen ditu Bilbo zuriaren eta Afrika txikiaren arteko harremanak, bere ikuspuntutik.
San Frantzisko auzoa eta inguruak ondo ezagutzen ez dituena hurbilduko du mundu erreal batera, Toureren Afrika txikira eta beste pertsonaia batzuen garai bateko auzora (meategiak, Gorte kaleko giroa, SanFraneko dendak eta galdutako glamourra…). Liburuan zehar aipatzen diren lekuak benetakoak dira, eta, nahi izanez gero, gaur egun ere haietaz disfrutatu ahal duzu.
Nobela beltza da eta umorea nabaria da Arretxeren lan honetan. Gertaera batzuk surrealistak izan arren, ulertarazi digu nolakoa den Toure bezalako etorkinen egoera (hemengo familia, beste herrialde batean bizi den familia, dirua lortzeko arazoak, paperak…).
    Aitortu behar dut ez naizela oso irakurle ona, ezta aditua ere, baina, nire ustez, gomendatzeko moduko liburua da, oso arina eta entretenigarria delako.
Irantzu (2018)

Irakurri nuen euskarazko azken liburua Kutsidazu bidea,Ixabel izan zen. Euskaltegian irakurri nuen, orain dela  hamabost urte. Gotzonek liburu bat irakurri behar genuela esan zigunean, beldurtuta geratu nintzen, baina, liburua bukatu eta gero, harro sentitzen naiz. Euskaraz irakurtzeko izua apurtxo bat kendu dut. Oso erraz irakurtzen da Jon Arretxeren liburua, eta batzuetan ez nintzen konturatzen euskaraz irakurtzen ari nintzela. Oso liburu arina da, euskara garbia erabiltzen duelako. Lehen orrialdetik sartzen zara istorio barruan, eta bukatu arte zure arreta guztia mantentzen da liburuan.
612 euro trilogia baten bigarrren liburua da. Hogei liburu baino gehiago idatzita dauzka egile polifazetiko eta arrakastatsu honek. Haren lanen artean genero mota desberdinak aurki ditzakegu;  umorezko istorioak, beldurrezkoak eta nobela beltzak, besteak beste. Genero beltzaren trama du eleberriak, baina misteriozkoa eta umorezko egoerak  ere badaude Arretxeren eleberrian
Bilbon kokatuta dago liburua; San Francisco kalean, hain zuzen ere. Datu hau aipatzekoa da, zeren eta liburuan agertzen diren lekuak, tabernak, giroak, dendak… ezagunak dira; horrek hurbiltasuna sortzen laguntzen du. Liburuak San Francisco auzoko bizitza nolakoa den ere erakusten digu.
Pertsonaia nagusia Toure paperik gabeko etorkin afrikarra da. Liburuan garrantzi handiko beste pertsonaia batzuk ere badira (bere ustezko anaia, Cisse, eta bere sei urteko loba, Gara). Eleberrian etorkinen bizitzan sartzen gara eta jasan behar dituzten egoerak aipatzen dira. Mundua afrikar inmigranteen begietatik ikusita kontatzen digu. Bolada txar bat pasatzen ari da gure protagonista, eta edozein lan egiteko prest dago bizitzari aurre egiteko. Memento horretan agertzen da bere bizitzan ustezko anaia, eta era guztietako arazoak sortzen dira.  
Aurreko guztiak kontuan hartuta, irakurtzea gomendatzen dut: une dibertigarriak pasatzeko zein hausnartzeko mementoak agertzen dira liburuan.
Borja Martinez (2017)


Jon Arretxeren liburu bat irakurtzea aholkatu zidaten klasean, eta 612 euro  irakurtzeari ekin nion. Aspaldion, ez nuen euskarazko libururik irakurtzen, eta eleberri arin batekin nire euskal irakurzaletasuna berpiztu nahi nuen. Horrez gain, Bilboko San Franziskon garatzen da istorioa, nire arbasoen azken hiru belaunaldien erreferentziako auzoan, hain zuzen. 70.eko hamarkadan azken senideek alde egin zuten, eta, horregatik, antzinako auzo zuriaren oroitzapenak baino ez nituen. Orain, liburuari esker, egungo errealitatera hurbiltzeko aukera izan dut. 

Genero beltzaren trama du eleberriak. 19 Kamera eleberri arrakastatsuaren ondoren dator  612 euro. Saga horretako bigarren nobela hau Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantzisko auzoan. Instituzioek behartsuenei hilero 612 euro ematen diete, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.
Pertsonaia nagusia Toure da, paper gabeko afrikarra. Detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria, polizientzat mespretxagarria eta irakurleentzat estimatua da. Edozein lan egiteko prest dago bizitzari aurre egitekoBolada txar batetik pasatzen ari den unean, ustezko anaia baten bisita jasoko du Tourek. Hori da abiapuntua. Bat-batean, kanpoko elementu bat agertuko da Bilbon. Ospitalitatea sakratua da afrikarrentzat, hots, ezin dute senide bat kalean utzi. Tourek lekua egingo dio bere patera-pisuan. Orduan, anaiarekin batera, arazoak iritsiko dira eta dena korapilatuko zaio. Erabaki horren ondorioz, lapurretak, droga-trafikoa eta hilketa bat sortuko zaizkio.
Nahiko egoera gordinak kontatzen dira, baina hori dena umorearen bidez gainditzen da, umore afrikarraren bidez, hain zuzen.

Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du; in crescendo doa. Pelikula bat bezala, oso zinematografikoa da. Gordintasuna eta umorea konbinatuz, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu, eta amaiera arte oharkabean daramana.

 Nahiz eta nobela beltzaren jarraitzailea ez izan, oso gomendarria da. Oso gustuko izan dut, gure munduaren barruan dagoen beste mundu baten berri izan dut eta. Ni Miribillan bizi naiz, “Sanfranetik” oso hurbil.  Etorkin horiek gure auzokideak izan daitezke. Kalean haiekin topo egiten dugu. Batzuetan, mesfidantzarekin; beste batzuetan, indeferentziarekin, eta, askotan, penarekin begiratzen diegu. Eta zer dakigu haien eguneroko bizipenei buruz? Toureren eskutik, lehenengo pertsonan, oso umore bereziarekin eta dramatismorik gabe kontatzen digu Arretxek.
Itziar Arnaiz  (2016)

 

612 euro liburua, Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen den trilogia baten bigarren liburua da. Jon Arretxek tokiak, kaleak, giroa... oso zehatz deskribatzen ditu. Euskara garbia eta arina erabiltzen du.
Liburu honetan hainbat gai jorratzen dira: etorkinen eta bertakoen arteko harremanak, polizia, droga trafikoan dabiltzanak, etxe-jabe batzuen eskrupulu falta…
Liburu beltza da, misteriozkoa, baina tarteka umorea ere badago. Liburu arina da, eta oso erraz irakurtzen da.
Edonori gomendatzeko modukoa.


  Maite
(2014)

 

612 euro nobela beltza da. Mundua afrikar immigranteen begietatik ikusita kontatzen digu. Etorkinen ikuspuntutik azaltzen dira zenbait gauza: San Frantzisko inguruan dagoen giroa, kaleak, bizimodua eta Bilbo Zuriaren eta Afrika Txikiaren arteko desberdintasuna.
    Nobela beltzaren ezaugarriak betetzen ditu: kaleko hizkuntza darabil, narratzailea batzuetan lehen pertsonan, kritika soziala egiten du, pertsonaia nagusia sasi-detektibea da, gordintasuna agertzen da eta hirian kokatuta dago.
    612 euro eleberria 19 kamera nobelaren jarraipena da.  Lehenengo nobelan, Touré pertsonaia eta San Frantzisko auzoa dira ardatz nagusiak; bigarren nobela honetan, berriz, trama da garrantzitsuena, nahiz eta umorea ere agertzen den nobelan zehar.
    Eleberri honetan, lehenengo eta gaurko San Frantzisko auzoak agertzen dira: alde batetik, antzinako auzoa (lehen hurbil meategiak zeuden, langile giroa...) eta orduko giroa erakusten da nobelan pertsonaia baten bidez: azken meatzaria izan zena; beste aldetik, oraingo auzoa, non autoktono gutxi eta etorkin asko bizi diren; beti poliziaren kontrolpean eta kaleak kameraz josita.
    Eleberrian zehar ikusten dira etorkinek jasan behar izaten dituzten hainbat egoera:  eskrupulu gabeko sasi-abokatu batzuen jokaera; diru truke beharrezkoak diren paperak lortzeko promesak; pisu-patera batean bizitzeko beharra...Dena den, tartean umorezko egoerak agertzen dira, lehen esan dudan bezala.
    Euskara aldetik, ulerterraza da eta interesa mantentzen du amaitu arte, beraz, irakurtzea gomendatzen dut, une dibertigarriak pasatzeko, baita hausnartzeko ere.


Josune (2014)