Ahaztuen mendekua


Irati basoan (Nafarroan) dabiltzala, Oskar eta Maite eztabaidatzen hasten dira, Maitek jakin duelako Oskarrek maitale bat duela. Tirabira horretan, Maite baso barnera sartu, eta Oskar, berriz, autora itzultzen da. Hortik aurrera ez da Maite bizirik ikusiko.
Hori da liburu honen abiapuntua. Alberto Ladronen beste polizia-eleberri bat dugu honako hau. Iruñean jaioa, idazleak Nafarroako hainbat leku ezagunetara eramaten gaitu: Irati basora, NUPera (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Iruñeko Corte Ingelesera…

Baina ez da intrigazko nobela bakarrik. Gai franko aipatzen ditu Alberto Ladron Aranak; homosexualitatea eta gerra zibila, besteak beste. Misterioari azken memento arte eusten dio.

Estilo aldetik, esaldi motzak eta elkarrizketa asko erabiltzen ditu. Batuan idatzita, hiztegi arruntaz eta sinpleaz baliatzen da. Udan irakurtzeko gomendagarria izan daiteke. Gustura irakurtzeko moduko suspense-nobela da hau.
Carmen F. (2017)

 

Eleberri beltza da Ahaztuen mendekua.
Estilo horretako liburuak  gustuko ditudala eta, gelakide batek gomendatu zidan Ahaztuen mendekua irakurtzea.
Baina… nortzuk dira ahaztuak? Nork/nortzuek nahi du/dute mendekua? Bada, horri erantzuteko, eleberria irakurri behar duzu.
Hona aurrerapen txiki bat.
Pertsona bat desagertzen da, eta hipotesiak sortzen hasten dira. Horren nondik norakoa argituko dela ematen duenean, beste kontu bat agertzen da, eta istorioak hirurehun eta hirurogei graduko buelta ematen du.
Istorioa 28 kapitulutan kontatzen da. Kapitulu bakoitzaren hasieran, aurreko kapituluaren aipamenak egiten ditu idazleak; horrek irakurketa errazten du, eta, liburua egun batzuetan alboratuta utzi arren,  haria gogorarazten digu.
Erritmo arinean eta bizian idatzita dago, eta suspenseari eusten dio hasieratik amaieraraino. Deskribapenekin batera pertsonaien arteko elkarrizketak tartekatzen dira. Umorea eta ironia ere ageri dira.
Hasieratik harrapatzen zaituen eleberria da. Entretenigarria eta irakurtzeko arina. Gomendagarria. Agian, amaierako kapitulua laburregia gerta daiteke.
Inma (2016)


 Nobela beltza da nire gogoko literatura; hori dela eta, literaturako irakasleak liburu hau irakurtzea gomendatu zidan. Ahaztuen mendekua Alberto Ladron Aranak idatzi zuen eta 2009. urtean argitaratu zen. Hainbat gai lantzen duen nobela poliziakoa da: bikoteen arteko harremanak, lan-harremanak eta Nafarroan Gerra Zibilaren garaian gertatutako istorio bat ere agertuko da.
Ana eta Oskar senar-emazteak protagonistak dira. Bikotea Iratiko oihanera doa, eta bertan eztabaidan hasiko dira. Anak bere senarrak engainatzen duen jakin nahi du. Eztabaida gogorra izan ondoren, Anak mendian gora jarraituko du eta Oskar kotxera bueltatuko da. Oskarrek aparkalekuan itxarongo dio, baina Ana bueltatzen ez dela ikusita poliziari deituko dio. Egunak pasako dira eta Ana ez da agertuko. Poliziak ikerketa hasiko du eta Oskar hartuko dute susmagarri nagusitzat. Oskar bere kabuz ikertzen hasiko da eta egun baten, Ana hilda agertuko da. Ikerketak aurrera egin ahala, Oskarrek ikusiko du ezer ez dela dirudien bezalakoa.
Asko disfrutatu dut liburu hau irakurtzen: batetik, idazteko moduagatik, erraza eta arina da,eta hori oso lagungarria izan da; bestetik, erritmo biziko nobela da, akzio eta tentsiozko egoerak daude eta ironiarik ere ez da falta.
Alberto Ladron Aranak irakurlea istorioaren barnean sartzea lortzen du, eta amaiera zur eta lur gelditzekoa da. Nobela beltza gogokoa baduzue, irakurtzea gomendatzen dizuet.

Agurtzane