Alkasoroko benta

Alkasoroko benta  Mikel Tabernaren 3. eleberria da. Alkasoro Lesaka eta Beraren artean dagoen herrixka bat da. Hor bizi da istorioaren protagonista; Martin Irazoki, 50eko hamarkadaren amaieran jaioa. Martin Irazokiren gurasoek herrixka horretan dagoen benta bakarra daukate; lokalaren erdia, oinarrizko gauzak saltzera zuzenduta dago (olioa, ogia, arrautzak…) eta, beste erdia, taberna da. Benta, elizaz aparte, herrixka horretako erdigunea da, eta, hortik hainbat pertsonaia, bakoitza bere izaerarekin, pasatuko dira (Javier, Xole, Veronique, Fermin, Kondea…) Martin Irazokik,  eleberriaren protagonistak, pertsonaia horien argazkia egiteaz gain, bere bizitzan gertatutako lehenengo 20 urteen berri emango digu, freskotasun handiz; haien artean, bere txikitako zaletasunak, Jaunartzea, lehenengo musua, aldizkari pornoak lortzeko Hendaiarako bidaiak, lehenengo porroak, lehenengo mozkorraldiak… kontatzen ditu. Eta gero Iruñean, unibertsitatera iritsi ordukoak: pisukideak, manifestaldiak, grebak, lehenengo harreman sexualak, poliziaren errepresioa, euskara…
Beraz, protagonistak bere bizitzaren eta bere inguruan daudenen erretratua egiten duen bitartean, 60 eta 70eko hamarkaden berri ematen digu. Bi hamarkada oso interesgarriak, bai ikuspuntu sozialetik, bai ikuspuntu politikotik: alde batetik, diktaduraren erregimenaren aztarnak (errepresioa, zentsura, torturak, debekua, beldurra, elizaren pisua...); bestetik, herriaren mugimendua diktaduraren kontra (manifestaldiak, grebak, bilerak klandestinitatean...).
Guillermo, 2017