Amaren eskuak

Karmele Jaioren  eleberri honetan, Nerearen eta Luisaren bizitza kontatzen da. Nerea arazoz gainezka dabil: ama —Luisa— zaindu beharra dauka, gaixorik jarri baita; alaba txikia zaindu behar du; senarrarekiko harremanak ez daude une onenean, ez baititu konpondu iraganeko-kontuak.
Denborak garrantzi handia dauka liburu osoan zehar. Ama txarto ikustean, bien arteko erlazioa agortzear dagoela uste du Nereak, hain hurbil egon arren, Luisak gauza asko ezkutatzen baititu. Doloresek lagunduko dio Luisaren hitz eta ideia solteak lotzen eta ulertzen. Ikerketa-prozesu horrek gero eta estuago egingo du ama eta alabaren arteko erlazioa, amodio-historia oso antzekoak izan baitzituzten gaztetan. Azkenean, Nerearen oraina eta Luisaren iragana nahasi egiten dira. Nahiz eta momentu zailak izan, baikortasunez eta maitasunez gainezka dago liburua.
Autore gasteiztarraren  idazteko moduak asko errazten du irakurleon lana. Txalotzekoa da ideia eta sentimendu konplexuak hiztegi sinple eta erakargarriz erabiltzeko duen gaitasuna. Liburua biziki gustatu zait, primeran konektatzen du-eta irakurleon edozein familia-erlaziorekin. Harreman horien muinean jotzen du, eta nahitaez kontakizunaren harian sartzen da irakurlea.
Bego C., 2016

Amaren eskuak eleberria gelako lagun batek gomendatuta animatu nintzen irakurtzera. Erraz irakurtzen zela eta sentimendu handiz idatzita zegoela esateak konbentzitu egin ninduen.
Liburu honetan, Karmele Jaio idazleak emakume askok bizi duten  egoera kontatzen du idazkera erraz eta samurrean. Narrazioa da nagusi, baina sentimenduen deskribapenak garrantzi eta indar handia du. 
Eleberri honetan, Nerea protagonista eta narratzailea da. Nerea 30-40 urteko emakumea da, kazetaria; senar jatorra du, eta alaba ere zoragarria. Hala ere, egun batean Nerearen ama gaixotu egiten da, eta ingresatu egiten dute.
Ama ospitalean dagoenetik, haren bizitza hankaz gora jartzen da, estresaturik eta itota sentitzen hasten da, bizitzari zentzua aurkitu ezinik: batetik, ama zaindu beharra, alaba ikusteko denbora falta, senarrarekiko komunikazio falta, lanean estu eta larri; bestetik, amaren maitasun-istorio ezezagunaren eta gaztetan erbesteratua izan zeneko mutil-lagun ohiaren berria.
Iragana (amaren bizitzako gorabeherak) eta oraina (Nerearenak) nahasi egiten dira. Belaunaldi desberdinak izan arren, kezkak eta arazoak berdinak izan ahal direla agertzen da nobelan.
Eleberri hunkigarria da, eta sentimendu asko agertzen dira. Irakurtzean, hasieratik amaierara protagonistaren bizipenetan murgiltzen da irakurlea, eta erraz identifikatzen da protagonistarekin.
Biziki gustatu zait; oso gomendagarria da, benetan.
Nuria, 2016


Nerea da  Amaren eskuak eleberriko protagonista nagusia. Ama ospitalean dauka zehaztu gabeko gaixotasun batekin, eta ez du jendea errekonozitzen.
Nerea  nazkatuta dago: amaren gaixotasuna, lana, senarrarekin komunikazio falta, alaba ikusteko denbora gutxi eta, horrez gainera, iraganeko mamu bat agertuko  da, aspaldiko lagun bat.
Izeko Dolores  Alemaniatik dator Nereari laguntzera. Dolores, Luisaren, Nerearen amaren, ahizpa da. Luisak hitz batzuk esango ditu eta Nereak ez du ezer ulertuko, aspaldiko gauzak dira eta. Doloresen laguntzarekin, Nerea badoa apurka-apurka zer edo zer ulertzen. Gaztetako amodio bat, aspaldi gertatutako egoerak eta desio bat, iraganeko desio bat, orain bete nahi duen desio bat.
Zer uste duzue lortuko duela? Zein izango da desio hori?
Liburua laburtzen duen atal bat dago, oso argia. Horretan, armairu bat hartzen du adibide bezala; armairua bizitzaren islatzat hartzen du idazleak, atalez betetako bizitza. Urteak pasa ahala, bizitzako atalak berriro datoz  gure burura, gauza batengatik edo besteagatik ezagunak eta ezezagunak izango direnak eta, beharbada, garai batean dena delakoari erreparatu ez geniolako. Horixe gertatzen zaio Nereari; amaren iraganeko gauza asko ez ditu ezagutzen, eta gaixotasuna aitzaki jarrita, iraganeko kontuak ezagutuko ditu; horrez gainera, berari gertatzen zaizkion gauzekin bat egingo dute amak eta berak, garai desberdinetan bizi izan diren arren. Nereak eten bat behar du bere burua kokatu ahal izateko. Halakoetan denok sentitzen gara berdin, arinegi bizi gara eta ez diogu horri erreparatzen, ez diegu gure alboan ditugun gauza guztiei arreta jartzen.
Liburua asko gustatu zait eta gomendatzen dut, baina  pertsonalki ondo egon behar da, nahiko gogorra da eta.
Filma ikusita nuen eta nahiko ondo islatzen du idazleak liburuan esan nahi duena. Oso erraz irakurtzen da.
Ainhoa (2015)

 

Durangoko  disko eta liburu azokan nengoela, hainbat libururen artean, Amaren eskuak  izenburua zeukan liburuak arreta eman zidan. Nik  aspaldi  galdu nuen ama, eta ordutik, asko oroitzen naiz berarekin pasatako momentu atseginez eta ahaztezinez. Gainera, liburuko protagonistetako batek (Nereak) nire adina dauka, eta liburuko hainbat gertaerekin identifika nintekeela pentsatu ondoren, erostea erabaki nuen. Liburua hilabete batzuetan etxeko apaletatik noraezean izan nuen, eta Mari Elik liburu bat irakurri behar genuela esan zigunean, ez nuen zalantzarik izan, “hau da irakurri behar dudan liburua” esan nuen.
 Nereak ama gaixo dauka ospitalean. Egoera horren  aurrean, izeko Dolorez Alemaniatik dator laguntza eskaintzera. Baina amarena ez da izango Nerearen kezka bakarra. Bikotearekin komunikazio falta, alaba ikusteko denbora eskasa, erredakzioko lana edota konpondu gabeko iraganeko maitasunak ez diote  bizitza zoriontasunez gozatzen utziko.
 Karmele Jaio idazleak hiztegi erraza eta ulergarria erabiltzen du istorioa idazteko,  esaldi laburrez eta elkarrizketez betea. Sentimendu handiz  idatzita dagoen  eleberri honek  berehala konektatzen du irakurlearekin. Nire ustez, guztiz gomendagarria.

Gorka (2015)


Nerea kazetaria da, baina garai batean gustuko zuen lanak, egun, estutu egiten du. Nereak, baina (amaren alabak eta alabaren amak), ez du denborarik bizitzak eskatzen dizkion zereginak betetzeko: ama zaindu beharra (ospitalean dago, oso gaixorik), 6 urteko alaba zaindu behar du, senarrarenganako urruntasuna, iraganeko konpondu gabeko maitasuna…

Amaren eskuak eleberriak iraganean konpondu barik utzi ditugun gauzek gure baitan uzten dizkiguten zauri mingarriak islatzen ditu.

Karmele Jaiok, liburu honetan, emakume askok bizi duten egoera itogarria kontatzen digu, era xumean eta hurbilean. Amaren eskuak eleberri intimista eta baikorra da, guztiz gomendagarria. Iragana eta oraina ondo uztartzen ditu: iraganak maite ditugun pertsonak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko digu; orainak, berriz, antzinako gertaera mingarriak konpontzeko aukera emango digu.

Amaren eskuak eleberriak irakurketa erraz eta entretenigarria eskaintzen digu; hasieratik amaieraraino protagonistaren bizitzan murgilarazten gaitu, eta erraz lortzen du irakurleok Nerearekin identifikatzea.

Ederra, benetan.

Ikerne (2014)

                             **************************************************


Duela denbora asko ez nuen liburu bat euskaraz irakurtzen, eta, zaletasuna piztu nahian, erraz irakurtzen denetarikoa dela aldez aurretik jakinda, liburu hau aukeratu nuen.

Zer gertatuko litzateke egunen batean zure ama ospitalean dagoela eta ezer gogoratzen ez duela esateko deituko balizute, eta horrek hankaz gora jarriko balizu ordura arte zorigarritzat zenuen bizitza? Zer gertatuko litzateke une horretan konturatuko bazina ospitaleko gela horretan dagoen andre hori ez duzula guztiz ezagutzen? Berak ere, jakina, zure ama izan baino lehen, iraganean utzi zituen hainbat istorio, eta zuk ez duzu inoiz horien berri izan… Eta konturatuko bazina amari esan ez dizkiozun gauzak inoiz ezin izango dizkiozula esan? Eta bera ondo ez zegoela lehenago konturatuz gero, agian zer edo zer gehiago egitea posible izango zela? Zer gertatuko litzateke gaztetan mutil-lagun batekin izan zenuen kapitulua itxita ez dagoela ohartzean?

Nerea liburu honen protagonista da, kazetaria, eta, kanpotik ikusita, bizitza zoragarria du: oso senar jatorra, alaba maitagarria,  txikitan espero zuen lana… Egunen batean, ospitaletik dei bat jaso zuen, eta esan zioten ama han zegoela, orientazioa galduta, eta, une horretan, konortea ere bai. Gainera, ez dakite berriro esnatuko den ala ez.

Beste bi pertsonaiaren eskutik konturatuko gara amak eta alabak gaztetan aurrera egin ez zuten amodio-historia bana izan zutela. Alde batetik, izeko Doloresek amaren berri kontatu digu, eta, beste alde batetik,  Nerearen lagun Maiteren bidez haren kontuei buruz gehiago jakingo dugu.

Liburuan agertzen diren amaren iragana eta oraina, eta, alabaren iragana eta oraina oso ondo nahastuta daude. Bi mundu desberdin dira: alabarena eta amarena, baina, azken finean, ez dira hain desberdinak.

Hau edozeinen istorioa izan daiteke. Liburua oso erraz irakurtzen da: esaldi laburrak eta elkarrizketaz beteta dago. Sentimenduz gainezka dagoen eleberria eta irakurlearekin berehala konektatzen duenetarikoa da. Nire ustez, guztiz gomendagarria.

Ana (2014)