Arotzaren eskuak

 

Arotzaren eskuak 2006ko martxoaren 9an plazaraturiko suspense-eleberria da (Ladron Aranak ohikoa duen generoa).
Ane Duhalde dugu pertsonaia nagusia, eta ezezaguna zuen aitona Matiasengandik herentzian hartutako baserri zaharra, Eguzkienea, txukuntzen ari dela, zerbait aurkitzen du: hildako baten gorpua. Nor ote da hiltzailea? Bilaketa horretan datza liburu honen mamia.
Fikzioa da, baina errealismo-puntua ere badu, oso sinesgarria. Bigarren Mundu Gerra aipatzen du etengabe, orduantxe hasi baitzen katramila guztia, eta benetan jazotako gertaerek sinesgarritasuna ematen diote idazlearen sorkariari.
Gustuko izan dut ukitzen dituen gaien gaurkotasuna ere: pertsonen arteko harremanak, sentimenduak, nortasun-zalantzak, elikadura-arazoak, Bigarren Mundu Gerrako erresistentziakoek pasatzen dituzten kalamitateak, ahuleziak…
Suspense eta misteriozko eleberria denez, gustura eta erraz irakurtzen da: entretenigarria hasieratik amaierara arte, tentsioa ondo baino ondo  jorratuta baitago. 
Miren (2018)

 

Arotzaren eskuak Alberto Ladron Aranaren laugarren eleberria da, eta nobela beltza generoan sailkatuta dago.
Liburuak, hasieran, arraro samarra dirudi. Ia liburuaren erdira arte pertsonaia nagusia bakarrik agertzen da. Beste jendearen aipamenak egiten dira eta beste batzuekin telefonoz hitz egiten du, baina ez da inorekin elkartzen. Hasieran, ezer ez dela gertatzen dirudi. Baina istorioa aurrera joan ahala, gaiak harrapatzen zaitu.
Bestaldetik, liburua oso ondo ulertzen da eta erraza da istorioa jarraitzea. Arina suertatzen da.
Istorioaren protagonista Ane Duhalde da. Ane Iruñean bizi da, hogeita bi urte ditu eta Psikologia ikasketak amaitu berriak ditu. Langabezian dago eta gurasoen etxean bakarrik bizi da. Ama txikitan hil zitzaion eta aita orain dela bi urte. Bost urteko erlazioa izan du mutil-lagunarekin; baina, orain dela sei hilabete, utzi dio harekin harremana izateari. Mutilak nahiko txarto tratatzen zuen; baina, bera bakarrik geratzearen beldur zenez, ez zuen uzten, ausartu den arte. Hori guztia, bere bizitzaren oraingo egoera da; eta hemendik aurrera, ez du oso argi zer egin.
Egun baten, dei bat jasotzen du. Haren aitona hil dela esaten diote. Bere aitona hiru urte zituenetik ez zuen ikusten. Aitari aitonagatik galdetzen zionean: “Aita joanda zela”, esaten zion. Ez zekien non bizi zen, ezta haren bizitzari buruz ezer ere ez.
Aitonaren etxea herentzian geratu zaio. Etxea, Eguzkienea izenekoa, mendian nahiko baztertuta dagoen baserria da. Hasieran, etxea saltzea pentsatzen du; baina azkenean, bere oraingo bizitza ez zaionez gogobetetzen, aldaketa bat egitea erabakitzen du. Eguzkienera doa. Etxea oso txarto dago: oso zikin, gauzaz beteta… Etxea bizitzeko prestatzen dagoenean, gauza bat aurkitzen du. Aurkikuntza horrek bere mundua bertan behera erortzea ekarriko du; eta hortik aurrera, berak ziur dituen gauzak zalantzan jartzen hasten da, eta polizia erretiratu baten laguntzarekin esperientzia asko biziko ditu…
Nekane, 2017

 

Aneri, eleberriko protagonistari, aitonak —Anek ez zuen apenas ezagutzen— herentzian Nafarroako mendi batean galdutako baserri bat utzi zion, eta hara joan zen Ane, ordura arte bere bizimodu grisa eten nahian. Baserrian aurkikuntza lazgarri bat egin zuen, eta aurkikuntza horrek aitonaren iraganaz galdetzera behartu zuen.

Egun batean lurrak lantzen ari zen bitartean, zerbait arraroa aurkitu zuen. Lurra kentzen hasi zen, eta harriturik geratu zen bere begi aurrean zer zegoen ikusita: gizon baten gorpua; gainera, eskuak moztuta. Momentu horretan, Anek pentsatu zuen aitonak Matias hil zuela. Lur guztia kentzean, biktimaren diru-zorroa aurkitu, eta Carlos zuela izena baieztatu zuen. Lehenik poliziari deitzea pentsatu zuen, baina, azkenean, misterio hori bere kabuz argitzea erabaki zuen.

Misterioaren sokak Frantziako Erresistentziaraino eraman zuen Ane, II. Mundu Gerraren garaira; berrogei urte geroago, Europako hainbat lekutan gertaturiko hilketa sorta izugarri batek ere harrapatu zuen, eta bere burua arriskuan egon zitekeela sentitu zuen azkenik. Bordeleko polizia erretiratu batekin saiatu zen Ane korapiloa askatzen.

Liburuak lehenengo orrialdetik harrapatzen du irakurlea, eta, ekintzak nahiko azkar gertatzen direnez, ez da aspertzen. Liburua nahiko luzea izan arren, azkar irakurtzen da. Nik gomendatzen dut.
BEGO A., 2016

Arotzaren eskuak Alberto Ladron Aranak, idazle nafarrak, idatzitako suspensezko eleberria dugu.
Ane Duhaldek, hil berria den eta ia ezagutzen ez duen aitonaren herentzian, mendian galdutako baserri bat jasotzen du. Baserri inguruetan lanean ari zela, esku biak falta zaizkion gorpu lurperatu bat aurkitzen  du. Hasiera batean aitonak gizon hori erail duela pentsatzen  badu ere,  haren ikerketak ustekabeko emaitza izango du amaieran.
Esan beharra dago Ane, gure protagonista, hori guzti hori gertatzen denean, krisi-egoera batean sartuta dagoela haren mutil-lagunarekin erlazioa amaitu duelako; misterioaren inguruan sortzen diren gertakariak, ordea, haren bizitzari buruz hausnartzeko oso baliogarriak izango zaizkio, eta  baita bizitza beste ikuspuntu  batetik begiratzeko lagungarriak ere.
Amaitzeko, orain arte euskaraz gutxi landutako generoa den hau zuen gustukoa bada, liburu hau guztiz gomendagarria da.
Bego(2015)

 

Alberto Ladron Aranak suspense-, misterio- eta polizia-nobela idaztea erabaki zuen, batetik, genero horren zale amorratua delako eta, bestetik, euskaraz ia ezer idatzita ez zegoelako. 
Arotzaren eskuak  liburua Anek aurkezten digu,  azken bikotearekiko harreman hauskor batetik atera berria, eta bizimodu zuri-beltz batean hondoratua. Orain lasaitasuna baino ez du behar, jasotako zauriak miazkatzeko, eta aitonak herentzian utzitako Eguzkienea baserrira abiatzen da bakearen bila.
Baina han aurkitzen duena ez da batere lasaigarria, baizik eta justu kontrakoa. Ezezagun baten hezurdurarekin topo egiten du eta bere aitona haren hiltzaile delakoan  geratzen da.
Pentsaera hori saihestu nahian, Ane aitonaren bizitzan sakontzen hasten da, eta horrek behartzen du Bigarren Mundu Gerran, Frantzian eta aitonari gertatutako gauza are korapilatuagoetan sartzera.
Nobela amaieran, sorpresa itzela hartuko du irakurleak. Alberto Ladron Aranak oso ondo ikertzen ditu nobelaren arlo guztiak, eta suspenseari eta misterioari eusten die amaiera arte.
Eleberri honen helburua entretenitzea baino ez da eta nik uste dut nahiko eta soberan lortzen duela. Zuzen eta argi idazten du Albertok, eta bertute hori goraipatu beharra dago, euskaraz irakurtzen hasi berrientzat ona baita. 

Fernando (2015)

Eleberri beltza da Arotzaren eskuak. Ane Duhalde protagonista Iruñeko neska gaztea da, eta, bizitza-krisialdia igarotzen ari den unean, galdu berri duen aitonaren baserria herentzian jasotzen du. Haren amodio-harremana apurtuta, erabakitzen du aitonak herentzian utzi dion  baserrira denboralditxoa pasatzera joatea, lasaitasun bila eta haren bizitzaz hausnartzeko asmotan. Baserria Nafarroako mendietan kokaturik dago eta, lasaitasuna barik, aitonarekin zerikusia duen gertakizun latz eta izugarriarekin egiten du topo.

Baserriko lurretan lurperatuta, mutilatutako pertsona baten hezurdura topatzen du, eta,  gertakizun horretatik abiatuta, protagonista Frantzian ibiltzen da, Bigarren Mundu Gerran izandako gertakizun batzuen misterioa argitu nahian.

Argumentuaren haria hasieran geldoa da, baina, gertaerek aurrera  egin ahala, suspensea areagotu egiten da eta jakin-mina pizten du irakurlearengan, hiltzailea nor ote den argitzeko. Narrazioak amaieraraino eusten dio tentsioari, eta bukaerak ezustekoan harrapatzen du irakurlea.

Bestalde, idazkera nahiko sinplea eta argia da, eta pertsonaien profil psikologikoak ez daude oso zehaztuta.

Beraz, nobela irakurterraza eta udarako oso aproposa.

Mentxu

 

Alberto Ladron Aranak idatziriko Arotzaren eskuak eleberri beltza da; beraz, ikerketa, suspensea, heriotzak eta abarreko osagarriak ditu.
Liburuaren protagonista Ane Duhalde neska gaztea da. Horri aitona hil berriak bizi zen baserri zaharra uzten dio herentzian. Bikotekidearekiko harremana berriki apurtuta, Anek baserrira bizi izatera joatea erabakitzen du. Hasten da ingurua apaintzen, eta, zuhaitzak landatzeko lurra prestatzen duenean, hildako bat aurkitzen du, eskuak moztuta dituela. Zalantza pizten zaio: aitona hiltzailea ote?  Eta horrela hasten da aitonaren iragana arakatzen, baserrian gordeta zituen paperak eta argazkiak interpretatzen.
Arakatzen ari den bitartean, pertsona onak eta txarrak aurkitzen ditu Anek: benetan onak direnak eta baita on diruditen txarrak ere; baina, liburu beltzekin gertatzen denez, ezin da gehiago kontatu, ez bada dena argitu nahi.
Liburua arras interesgarria dugu, arin irakurtzeko modukoa. Gainera, Ladron Aranak, kontatzeko moduari esker, irakurlea harrapatzen du eta, gertaerak bata bestearen atzetik arin azaltzen direnez, ez du arnasa hartzeko denborarik ere ematen.
Guztiz gomendagarria da liburua, irakurtzen disfrutatzeko aukera ematen duena. 

Javi