Atsekabe zaitut

Liburua esku artean hartzerakoan, lehenengo-lehenengo haren irudiek emango digute atentzioa. Iratz Inziarteren ilustrazioak orrialde osokoak dira, zuri-beltzean daude eta ilunak eta probokatzaileak dira.
Horiek emango digute istorioaren fantasiazko munduaren berri; izan ere,  irudimenezko mundu batean kokatzen da kontakizuna. Katu bihurtzen diren gizakiak edo, alderantziz, gizaki bihurtzen diren katuak ditugu protagonista. Katu Kalen bizi dira, Bilbotik zehar zabaltzen den irudimenezko hirian, eta euren eginbeharra hasieran aipatutako irudiak bezain iluna da: atsekabea zabaltzea. Pertsona arruntak bulegora, ikastetxera edo fabrikara beharrean doazen moduan, giza katuek, biktimak aukeratu, eta nahigabe eta oinazearen hazia ereiten dute haien bihotzetan.
Eme eta Hamar dira giza katu protagonistak, ikasle garaitik elkar ezagutzen duten aspaldiko lagunak. Parranda itzelak egiten dituzte oraindik ere elkarrekin, baina Emek, jadanik, ez du gustuko bere lana. Borroka latza bizi du bere barrenean, tristura barreiatzeak, jadanik, ez duelako zoriontsu egiten. Bere horretan jarraitu edo bizimodua goitik behera aldatzea erabaki beharko du, horren dakartzan ondorioekin.
Aitortu beharra dut, hasieran kostatu egin zitzaidala fantasiazko munduan murgiltzea, eta bigarren saiakera egin behar izan nuela horretarako. Hala ere, behin pertsonaien eraldaketak eta joan-etorriak ulertuta, erraz eta gustura irakurri dut.


Aiala