Aulki-jokoa

Eleberri honetan Uxuek kontatzen digun istorioa kostaldeko herri baten kokatuta dago; Kantoietan, hain zuzen.
Protagonista nagusiak adineko hiru emakume dira: Eulali, Martiña eta Teresa, nagusiena. Liburuan zehar, haien umezaroko, gaztaroko eta zahartzaroko bizipenak uztartzen doaz. Bigarren mailako pertsonaia asko ere agertzen dira nobela honetan: txurreroa, Eutimio, Ixabel… Pertsonaia guztien laguntzarekin, Uxuek gai mordo bat jorratzea lortzen du: bizitza, heriotza, amodioa, familia-harremanak, gerra zibila, sinesmenak… Hori dela eta, liburu hau ez da erraza laburtzen: istorio eta gorabehera asko agertzen dira. Oso erraz irakurtzen da, ordea. Alde batetik, kapituluak laburrak direlako eta, bestetik, narratzailea eta elkarrizketak nahasian agertzen direlako.
Hizkerari dagokionez, hauxe iruditu zait nabarmendu beharrekoa, bereziki: hitanoz idatzita daude zenbait pasarte, eta lexiko aberatsa eta onomatopeia ugari erabili ditu idazleak.
Eta izenburua, zergatik? Heriotza itxaroten daukagu, eta, denbora agortzen zaigunean, lekua (aulkia) libre uzten dugu beste pertsona bat bizitzarekin jolastu ahal izateko.
Liburua polita eta hunkigarria da. Oso gustura irakurtzen da. Nire iritziz, gehiegi kontatzen du orri gutxitan, eta, amaitutakoan, pena apur batekin gelditu naiz. Uste dut ehun bat orri falta zaizkiola eleberri honi.
Esther (2018)


Liburu bat irakurri behar nuela esan zidatenean, guztiz galduta sentitu nintzen, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dudalako, baina, irakaslearen aukerak eta gomendioak entzunda, Aulki-jokoa liburua irakurtzea erabaki nuen.
Titulua irakurri nuenean, gure auzoan txikitan ospatzen ziren jaietara bueltatu nintzen nahitaez; beti jokatzen genuen joko honetan, eta oso alaia eta dibertigarria iruditzen zitzaidan.
Liburua irakurtzen hasi nintzenean, ez nuen oso ondo ulertzen eta arretari eustea kostatu zitzaidan; eta horixe gertatu zait liburu osoan, amaieran izan ezik, agian istorioak lotzen hasi nintzelako.
Liburua kostaldeko herri batean kokatzen da, Kantoietan konkretuki. Protagonistak hiru neska eta mutil bat dira: Teresa, Martiña, Eulali eta Eutimio. Teresa eta Eulali lagun minak dira, eta Eulali eta Eutimio, bikotea. Protagonistak orain zaharrak dira eta arratsaldero batzen dira herriko gozotegian kafea hartzeko. Hor beren bizitzari buruz hitz egiten dute, txikitan eta gaztetan gertatutako istorioei buruz.
Garaia gerra zibila da, baina ez da gerra zibilari buruzko liburua. Hainbat istorio kontatzen dira maitasunarekin, gerrarekin, askatasunarekin, errebeldiarekin… lotuta.
Irakurketa ez da lineala, ziklikoa baizik, eta kapituluak ez daude lotuta haien artean. Idazleak atzera eta aurrera jotzen du denbora osoan, eta, horregatik, zoratuta sentitu naiz askotan, eta ulertzen zaila izan da.
Liburuaren titulua bizitzaren metafora bat da: aulkia edukitzeak eta jesarrita egoteak bizirik egotea adierazten du; aulki bat falta bada, pertsona bat hil dela esan nahi du, jokotik kanpo geratu dela.
Maria Prieto (2017)

 

Izenburua  irakurtzean, ume-garaiko jokoa  etorri zitzaidan gogora. Kanpoan euria barra-barra ari zuenean, maiz ibiltzen ginen sukaldeko aulkiak hartuta jolasean.
Idazleak, liburu honetan, aulki-jokoko protagonistak aldatu egiten ditu: umeak izan beharrean, 80-90 urteko lagun-taldea jartzen du.
Umetan, musika amaitzen zenean,  zirrara berezi bat sortzen zitzaigun: urduritasuna,  aulki bat ahalik eta azkarren hartzeko. Inork ez zuen jokotik kanpo geratu nahi; halere, kanpoan geratuta ere, bagenekien beste  batean jokoan  aritzeko aukera izango genuela.
Liburu honetako protagonistek (Teresa, Martiña eta Eulali)  badakite ez daukatela aukera hori. Egunero gozotegian jesartzen diren aulkiak mugituz gero, bizi-jokotik kanpo geratuko dira; alboan jolasean dabilenak  irentsiko ditu: heriotzak.
Uxue Alberdik kostaldeko herri txiki batean jaio, hezi eta bizi diren hiru emakumeren bizimodu latzak estilo arin eta xumean kontatzen ditu, denbora (aurreko garaiak eta gaur egungoak) eta pertsonaiak nahastuz. Egoera gogorrak (gerrako eta gerraosteko garaiak, emakumeek  jasandako askatasun eza, errebeldia, ikarak…) modu errazean kontatzen ditu.
Hasieran, zaila egin zait irakurketa —ez nago ohituta estilo arin  horretara—, baina, berehala, bai gaiak eta bai hiru emakumeek ere, erakarri egin naute. Haurdun gaudenean sentitu arren esatera ausartzen ez garen honako sentipen hauek  hain modu naturalean idatzita ikustean, hunkitu egin naiz: ”Baina ez da erraza ezezagunak maitatzea. Are gutxiago ezezagun hori tripan badaramazu. Nik ez nekien sabelean neramanari nola hitz egin, ez nekien zer izen zuen, nor zen. Baina banekien maitatu egin behar nuela, laztanak egin behar nizkiola, eta egunen batean besoetan hartu beharko nuela(…) Ezagutuko al nuen jaiotzen zenean?”.
Merezi du liburua irakurtzea;  batik bat, adinekoak gustuko badituzu. 
Esti Gogenola(2016)

Marielik esan zigunean liburu bat irakurri behar genuela eta guk aukeratu behar genuela, ez neukan ideiarik zein aukeratu. Berarekin joan nintzen liburutegira, eta hor, eskaini zizkidanen artean, hau interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Ez nengoen oker; nahiz eta hasieran ulertzea ez zen erraza izan, gustatu zait, eta irakurtzera animatzen zaituztet.
Oso gomendagarria da, amaitu eta gero, idazleak egindako liburuaren aurkezpena ikustea. Orduan ulertu nuen liburu baten atzean zenbat lan dagoen, nola egin zuen Uxuek pertsonaiak eraikitzeko eta nola bihurtu zituen benetako gertaerak fikziozko. Liburutik harantzago zer dagoen jakitea oso interesgarria da. Gehiago gustatu zait liburua, hori ikusi ondoren.
Liburua kostaldeko fikziozko herri batean kokatu dago: Kantoieta du izena. Gerra zibilaren garaian garatzen da istorioa, baina ez da gerra zibilari buruzko liburua. Protagonistak hiru emakume dira: Martiña, Teresa eta Eulali; eta gizon bat: Eutimio. Orain zaharrak dira, eta taberna batean elkartzen dira egunero, beste zahar batzuekin kafe bat hartzeko.
Liburua ez dago modu linealean idatzita; ziklikoa da. Orain, antzinako zerbait kontatzen du; gero, gaur egunekoa, eta horrela liburuan zehar.
Ez du gertaera konkretu bat kontatzen. Haien bizitzak, haien bizimoduak, eta haien istorioak agertzen dira. Amodiozko istorioa: Martiña eta Eutimioarena, txikitatik lagunak zirela. Adiskidetasun-istorioa, hau da, Martiña eta Teresarena: Martinak ez zeukan gustatuko litzaiokeen erlazioa bere amarekin, eta Teresak hutsune hori betetzen zuen. Eulaliren istorioa: gor geratu zenez, haren barruko mundu berezia eraiki zuen.
Liburuaren izenburua bizitzaren metafora bat da. Norberak dauka bere aulkia arratsaldero batzen diren gozotegian, eta aulki bat edukitzeak bizirik daudela adierazten du. Aulkia pertsona da. Aulki bat kentzen badute, hitzak ez dira beharrezkoak; norbait kanpoan geratu dela adierazten du, norbait hil dela esan nahi du.

Begoña (2015)


“Liburu bat aukeratu behar duzue”, esan zigun Marielik. Liburutegian geunden, hamaika aukera, baina euskaraz irakurtzeko ohitura falta. Azkenean, Aulki-jokoa hartu nuen, zerbait hartzearren.
Liburuan, hiru emakume protagonistaren elkarrizketak, bizipenak eta gogoetak, iraganeko oroitzapenak eta oraingo bizipenak tartekatzen dira. Liburuan zehar, lehengo eta oraingo gertakizunen bidez, jakingo dugu nolakoak izan ziren haien arteko harremanak, zein izan ziren haien bizitzako pertsona garrantzitsuenak eta zer moduz konpontzen ziren familiakideak; hori guztia haurtzaroko eta gaztaroko gertaeren bidez.
Eleberria bizitzaren metafora bat da: aldiro —hiltzen garenen— gutako bat lekurik gabe geldituko da, aulki-jolasean gertatzen den moduan, musika gelditu, eta bat jolasetik at geratzen denean.

Luzea eta oso zaila ez izan arren, onartu behar dut kostatu egin zaidala irakurtzea eta amaitzea. Istorio lineala ez izateak askotan nahastu egiten  ninduen. Ez dut gogoko hartu, baina, liburuaren aurkezpena prestatu behar izan  nuenean, idazleak egindako aurkezpenaren bideoa ikusi nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Oso interesgarria iruditu zitzaidan jakitea nola suertatu zitzaion eleberria idaztea; zein prozesu duen eleberriak, hasierako idazkietatik irakurlearen eskuetara heldu arte, eta nola lotzen dituen errealitatea eta fikzioa. Interesa piztu dit jakiteak idazle batek nola planteatzen eta egiten duen guk gero irakurriko dugun eleberria.
Uste dut ez zela liburu hori irakurtzeko nire unea, baina  Alberdi ezagutu dut eta beste momentu batean gogotsu hartuko dudalakoan nago, liburuak sentitzeko irakurlearen gogoak garrantzi handia baitu.

Miren (2015)

 

Nork ez du umetan  aulki-joko batean parte hartu? Badakigu musika gelditutakoan aulki gabe gelditu dena betiko geratzen dela kanpoan. Bada, Uxue Alberdik bizitzaren metafora dakarkigu bere “aulki-jokoarekin”. Aldiro gutako bat gelditu da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Baina, umeen jolasean ez bezala, aulki-jokoan aulki bat libre geldituko da, gure protagonistekin batera heriotza ere jolasean dabil eta.
Hiru emakume dira protagonistak: Teresa, Martiña eta Eulali. Arratsaldero elkartzen dira lagunekin Kantoietako gozotegian. Egunen baten, aulkiak soberan geratzen hasten dira, eta badakite ez direla berriro beteko. Hurrengo aulkia kendu bitartean, hiru protagonistek orainaldiko elkarrizketak (hikan), bizipenak eta gogoetak iraganeko oroitzapenekin tartekatzen  dituzte. Lehen pertsonan kontatzen dituzte hiru protagonistek beren umezaro eta gaztarokoak, eta narratzailea ere aldatzen da.
Era xumean bada ere, garai hartako familietan, gizartean edo gerra sasoian gertatutakoak islatzen ditu. Nire ustez, aipagarriak dira gerra eta gerraosteko pasadizoak.
Hasieratik bukaerara, istorio xumeen handitasuna erakusten digu Uxue Alberdik irakurtzeko erraza eta gustagarria izan zaidan eleberrian.

Belén (2014)

                                                            ************************************

 

Interneteko bilatzaile batean Uxue Alberdi idatzi, eta dagoen informazio zabala ikusi eta gero, berarenganako interesa piztu zitzaidan. Ondoren, haren lanen kritika batzuk irakurri nituen, eta irakurketen ostean eta irakasle baten aholkua jaso ondoren, Uxueren liburu bat irakurtzera animatu nintzen. Erabaki ona, benetan!
Izenburuak berak pista txikia eman arren, aurretiaz pentsatutakoa baino pauso bat haratago eramaten zaitu Uxuek. Umetan hainbestetan jolastutako jolasa oinarrian hartuta, kostako edozein herritako kafetegi batean elkartzen den emakume hirukote baten bizitza kontatzen du: Martiña, Teresa eta Eulali. Kontaketa ez da kronologikoa. Denboran saltoak ematen ditu, protagonisten umetako sasoiak eta gaur egunekoak tartekatuz: txikitako jolasak, maitasuna, gerra-denbora, gaur eguneko gertakizunak…
Eta gertakizun horien artean, kafetegiko ahulki bat libre gelditzen denekoa. Lagun bat joaten denean uzten duen hutsunea deskribatzen du, hutsune fisikoa, batez ere: orain gutxi arte lagun batek betetzen zuen ahulki hori ezezagun batek hartzen duenean, eta aldameneko mahaira eramaten duenean…
Idazteko era bizia dauka eta irakurtzeko erraza da. Hasiera batean pertsonaiak identifikatzea kosta egiten den arren, bukaera heldu ahala, ez duzu liburua amaitzerik nahi. Oso gomendagarria: arratsalde euritsu bat irakurtzen pasatzeko plan ezin hobea.

Miriam (2014)