Aulki bat elurretan


Uxue Alberdik  idatzitako lehendabiziko ipuin-liburua da hau. Idazlea Suedian egon zen Erasmus egiten, eta testuinguru berezi horretan kokatu ditu bizi-istorio horiek. Ipuinak independenteak dira, baina haien artean badira zenbait lotura: batzuk, nabarmenak; beste batzuk, aldiz, sotilagoak. Ipuin horiek guztiak ingurune hotz batean daude kokatuta, Suediako Karlstad hirian. Ingurune hotz horretan, eta elurraren azpian, bizipen beroak ere izaten dira: pertsonen nahiak, maitasuna, bizitzarekiko desilusioa, bakardadea, kanpotik etorritako pertsonen bizipenak, alkoholismoa... Halaber, eromenari eta horren mugari buruzko hausnarketa ere egiten du idazleak.
Ipuin batzuen artean lotura argia dago: pertsonaia berberak agertzen dira; istorio bat  bestearen jarraipena da, edo beste ikuspuntu batetik kontatzen da, eta espazioak eta denbora bat egiten dute zenbait kontakizunetan. Hauek dira: “Xake Mate”  eta “Aulki bat elurretan”,  “Oihua”  eta  “Madonna”. 
“Bon Jovi” ipuinaren barruan bi istorio ezberdin azaltzen dira: testuaren lerroak tartekatuta azaltzen dira, baina ipuinen pertsonaiak  berbera izanda. Oso egitura bitxia eta interesgarria da, nire iritziz. Aipatutako horiek ez ezik,  “Gurutzegrama”, “Oilo Azala” eta “De Rita” ipuinak ere nire gustukoak izan dira bereziki.
Uxue Alberdi oso emakume gaztea zen liburu hau idatzi zuenean, baina primeran aztertzen du, nire iritziz,  pertsonen bizipenak, sentimenduak, desioak…  Pertsonen eta inguruaren arteko aldeak ondo nabarmentzen ditu. Euskararen aldetik, hizkuntza aberatsa erabiltzen du. Gomendio bat:  ez izutu lehendabiziko ipuina ulertzea gatza egiten bazaizu (hitanoz idatzitako bakarra baita) eta ez baduzu ezer ulertzen. Aurrera jarraitu, eta “Xake Mate” irakurri ondoren, berrirakurri  lehendabizikoa: “Aulki bat elurretan”, hain zuzen ere.
Bego

 

Uxue Alberdiren lehenengo ipuin-liburua da Aulki bat elurretan. Uxuek, beka bati esker, Suedian urtebeteko egonaldia egin zuen. Liburu honetan kontatzen dituen istorio guztiak Suedian bertan gertatzen dira.
Idazleak mendebaldeko herrialde horretan ikusitako eta ezagututako gaitz eta gaixotasunei buruz nahiko era poetikoan hitz egiten du. Metaforak erabiliz, barneko mundua deskribatzen du: bakardadea, sentimenduak, depresioak eta abar.
Istorio guztiak negu beraren azpian eta elur beraren gainean gertatzen dira.
Ipuinek hainbat eratako loturak dituzte beren artean. Batzuetan, oso detaile txikiak dira; adibidez, Xake mate eta Aulki bat elurretan istorioetan, pertsonaia berberak agertzen dira. Beste ipuin batzuetan, berriz, aipatu dudan lotura denborari eta espazioari dagokie.
Alberdik Aulki bat elurretan liburuan jolasa proposatzen digu, besteak beste,   Bon Jovi ipuinean, lerro artean irakurrarazten digulako. Narrazio horretan taxi-bidaia batean gidariaren eta bezeroaren arteko harremana eta egoera irudikatzen da, baina bi pertsonaia horien ikuspuntuak lerroka tartekatzen dira, lerro bakoitietan bezeroarenak  eta lerro bikoitietan taxilariarenak. Ikaragarri gozatu dut pertsonaia batetik bestera jauzika ibiliz, eta lerroetan gora eta behera nahierara ibiltzeko aukeraz. 
Nire ustez, Uxue Alberdiri izugarri gustatzen zaio hitzekin jolastea, eta joko horretan irakurleok parte har dezakegu  liburu honetako hainbat istoriorekin.
Marian, 2015