Aurpegirik gabeko hiltzaileak

Liburu hau irakurtzea erabaki nuen El Correo egunkarian irakurritako gomendio batengatik.
Mankell mundu osoan famatu egin duen Kurt Wallander polizia-nobela serieko lehenengoa da hau.
Istorioa 1990. urtean kokatzen da, Eskanian (Suedia). Kurt Wallander-ek, polizia inspektoreak, hilketa-ikerketa bati aurre egin beharko dio; baserri batean bizi ziren Maria eta Johannes Lövrgrenen hilketak, hain zuzen ere. Horretarako, poliziakide batzuen laguntza izango du.
Azken kapitulua irakurri arte ez da argitzen nor edo nortzuk diren hilketa basatiaren errudunak. Hortaz, hasieratik, ezinbestekoa da arretaz irakurtzea ildoa ez galtzeko. Wallander-laguntzaile sentituko gara eta, beraz, intrigaz beteriko irakurketa izango dugu.
Horretaz gain, arrazakeria arazoen inguruan sortzen diren egoerak, Kurt Wallanderen bizitza pertsonala (bere familiarekin duen harremana, alkohola…) eta polizia-lana zertan datzan azaltzen dira kapituluz kapitulu liburu honetan.
Guztiz gomendagarria da Aurpegirik gabeko hiltzaileak irakurtzea, thriller estiloa gustukoa baldin baduzue.
Hikaz idatzia egon arren, ulerterraza da edozein irakurlerentzat.


Laura