Auzoak

Auzoak izeneko liburua irakurri dut, Urtzi Urrutikoetxeak 2005ean idatzitakoa.
Urtzi Urrutikoetxea Bilbon jaio zen 1977an eta idazle, kazetari, bertsolari eta blogaria da. EITBko albistegietan eta hainbat kazetatan aritu da: Euskaldunon Egunkaria, Berria, Gara, eta Bertsolari, besteren artean. Horrez gain, Euskaltzaindiari buruzko dokumentala ere egin zuen, Letoniako telebistak Euskal Herriari buruz egindako erreportaian parte hartu zuen eta Berlinen berriemaile ere izan da. Gainera, munduko hainbat herrialdetan egin du lan: Guatemala, Mexiko, Haiti...
Bere lanei dagokionez, hiru poesia-liburu, bidaia-liburu bat eta eleberri bat argitaratu ditu. Bertsolaritza ere landu izan du, eta Xabien Amurizaren gidaritzapean Bizkaiko Bertsogintza IV liburuan parte hartu zuen 2006an. Aipagarria da ere Euskal PEN Klubeko kide dela.
Auzoak liburua Mari Elik gomendatu zigun eta hori dela eta aukeratu nuen. Irakurri ostean gomendagarria dela esan dezaket, liburuan zehar istorio laburrak agertzen direlako eta pertsonaia ezberdinen bidez Bilboko zenbait zonalde ezagutu ahal ditugulako. Hiria ikusteko eta ezagutzeko modu asko azaltzen ditu Urtzik eta, nahiz eta istorioen artean loturarik ez egon, era sinesgarrian kontatzen du. Horretarako, pertsonaiak, paisaiak, gertaerak edota hizkerak aukeratzen lan handia egin da.
Ez nuke esango liburuak hasieratik bukaerara irakurlea harrapatzen duenik. Ez da ihes egiteko liburu bat, ez dauka argumentu ikusgarri bat; hala ere, Bilbo ezagutzen duenarentzat zein Bilbo sakonean ezagutzen ez dutenentzat gomendagarria da.

Amaia (2015)