Azken tranbiaren itzala

                 
Azken tranbia hartu zuen Maria Uriartek 1938ko uztailaren 30ean   Basurtuko ospitaletik etxera joateko, eta tranbia bera hartu zuen Jazinto Basabek ere gerra zibilaren garaian (1936-1938) espetxetik etxeratzeko. Eta nor dira Maria eta Jazinto? Zer-nolako  garrantzia du tranbiak haien bizimoduan? Hori guztia eta gehiago argitzeko, Maria eta Jazintoren garaitik 70 urte pasatu direnean, haien iloba Jose Santos Basabe dokumentu eta argazki zaharrak arakatzen aritu da Otxategiko baserrian, hau da, Maria eta Jazinto senar-emazteena izan zen baserrian.
Egia esan, gerra zibilaren garaiari buruz hainbat kontakizun, liburu, pelikula eta dokumentalen berri izan dugu aspalditik. Baina Jose Santosek bere aitita-amonak bizitakoa kontatzen duenean, inoiz baino gertuago sentitu dut nik gerra-garaia. Beharbada, kontatzen dena  geografikoki nire inguruetan kokatuta dagoelako. Bilbo, Basurtuko Ospitalea, Garellanoko kuartela, Arratiako tranbia, Bolueta, Lemoa… leku guztiz ezagunak dira niretzat.  Beharbada,  Maria eta Jazintok Otxategiko baserrian egiten zuten bizimodua,nire aitita-amonak euren baserrian egiten zuten bizimoduaren antzekoa  izan behar duelako.
Narrazioak ez du marra kronologiko ordenatu bat jarraitzen. Alde batetik, gerra-garaiko gertakizunak daude (eta hor ere saltoka ari da narratzailea) eta, beste alde batetik, Jose Santosen garaia. Azpimarratzekoa da, gerra- garaiko gertakizunak protagonismo handiagoa dutela narrazioan. Baina hor ere bi istorio ezberdin txertatzen dira: Jose Santosen familiak bizi izan zuena Bilbotik gertu kokatuta zegoen baserrian eta militar frankista batzuek  Bilbotik Bordelera auto batean egiten duten bidaia. Liburua  puzzle bat bezalako 36 ataltxo laburretan zatituta dago.  Narrazioaren puntu batean bi istorioak, kasualitate hutsez, konektatu egingo dira. Azken batean, interesa argumentuak baino gehiago argumentuaz aritzeko moduak pizten du. Liburu guztiz gomendagarria.
BEGOÑA (2015)