Behi euskaldun baten memoriak

Liburu hau aspaldian idatzitakoa izanik, IRALEko kide batek liburu bitxitzat jotzeak erakarri egin ninduen. Ikastolako garaian plazaraturiko liburua da, baina ez zitzaigun irakurtzea egokitu, eta, garai hartan, normalean, Euskara eta Literatura ikasgaian agintzen zigutena irakurtzen nuen, soilik.
Baneukan, ordea, Atxagaren beste liburu bat irakurrita; Bi anai, hain zuzen ere, eta garai hartako gaztetasuna zela ala gogo falta zela, ez nuen gustukoa izan. Orain, berriz,  Atxagaren liburu hori irakurtzeko gogoa sentitu dut, eta ez naiz egindako aukeraz damutzen.
Liburuaren izenburuak berak deskribatzen du nobela honetan zer kontatzen den; makala ez den behi baten memoriak, alegia.
Deigarria da protagonista eta narratzailea animalia bat izatea: Mo behia. Behiari gizakion ezaugarriak ematen zaizkio eleberrian: pentsatzea, ondorioztatzea eta erabakitzea; barneko ahots bat izatea, hots, kontzientzia; memoriak idaztea... 
Beste pertsonaia garrantzitsu batzuk ere badaude: Setatsua, Mo behiaren barneko ahotsa; La Vache, haren laguna den eta  basurde sentitzen den behi azkarra; Pauline, iparraldean topatzen duen moja, hots, bere bigarren jabea.
Eleberriaren kokapenak, espazioan zein denboran, hurbiltasuna ematen dio istorioari, Euskal Herrian eta gerra zibilaren garaian gertatzen da eta.
Liburuaren estiloa oso anitza iruditu zait eta gustuko izan dut: istorioak kontatzen dira, pertsonaien burutazioaren bat ere badago, esaera zahar mordoa, deskribapenen bat, baita narratzailearen eta beste pertsonaiaren baten arteko elkarrizketak ere. Horietan zuka aritzen dira, baita hika ere (gutxiago bada ere).
Nagore (2016)