Belarraren ahoa

 

Belarraren ahoa izeneko liburua aukeratu nuen klaseko batek gomendatu zidalako. Nik oso gutxitan irakurtzen dut euskaraz, eta Harkaitz Cano ez nuen ezagutzen, nahiz eta 2005ean Euskadi Literatura Saria jaso, liburu honekin hain zuzen ere.
Zaila da esatea liburu hau nobela laburra edo ipuin luzea den (idazleak berak ere ez dauka oso argi); baina, orrialde gutxi baditu ere, liburu korapilatsua eta mamitsua da. Canok dikotomiaz betetako lan bat eskaintzen digu: historia eta istorioa, pertsonaia errealak eta fikziozkoak, libertatea eta mendekotasuna…
Hasieran bi istorio kontatzen dizkigu. Alde batetik, Hitler, Bigarren Mundu Gerra irabazi ondoren, itsasoz doa New Yorkera, Amerika menderatzeko asmoz. Itsasontziko sotoan preso  eramaten du Charles Chaplin. Bestetik, 1886an, Askatasun Anderea New Yorkera eramaten duen itsasontzian,  Oliver Legrand izeneko polizoia doa. Baina, Hitlerren itsasontzia Manhattanera heltzen denean, hasierako bi istorioek bat egiten dute.

Nobela hau askatasunaren alegoria da eta, hori adierazteko, sinbolo asko erabiltzen ditu: Askatasun Anderea, Olivieren bidaia, komediantearen ihesaldia eta idazkia…

Estilo aldetik, esan behar dut ez dela oso nobela erraza, euskaraz irakurtzeko ohitura handirik ez baduzu. Prosa poetikoa erabiltzen du. Esaldiak oso luzeak dira, oro har, eta irudiz, pertsonifikazioz eta ironiaz josita dago. Baina, oso eleberri interesgarria eta desberdina denez, irakurtzeko denbora ematea merezi du. Irakurri ahala, mota askotako sentimenduak esnatzen dira zure barruan, eta zure arreta bereganatzen du, azken orrialdea irakurri arte.


Marian