Beti iparralderantz
       
Arretxeren ohiko lanak nobela beltzak izan arren, oraingoan haur eta gazte literaturan kokatzen du eleberri hau idazleak. Cristina Fernandez-ek irudi guztiak egin ditu eta oso erakargarriak direla esan behar da; bai erabilitako koloreengatik, bai margotutako moduagatik.
Liburu honen bidez, Afrikako hainbat errealitate ezagutu ahal izango ditu irakurleak. Eleberrian gaurkotasuna dago (Saharako gatazka, europarrok nola ikusten dugun etorkinen egoera, prostituzioa, horko emakumeen trataera…).
Protagonista, Drissa, Senegaleko hamaika urteko mutikoa da. Haurtzaroko oroitzapen polit-politak ditu, baina haren bizitza guztiz aldatuko da  aitak lana galtzen duenean. Familiako kide guztiak lan bila hasiko dira, baina ez da nahikoa izango eta aitak Europara joatea erabakiko du. Bi urte pasako dira aitaren azken berria izan zutenetik eta bere urtebetetze egunean, Drissak aitaren bila joatea erabakiko du. Amari idatzitako ohar batean bere erabakia idatzi ondoren abiatuko da. Bidaia luze eta gogorra izango da Senegaletik Bermeora egingo duena. Etsaiak eta lagunak egingo ditu eta hainbat leku ezagutaraziko dizkigu.
Deskribapen itzel politak topatu ahalko dira liburuaren zehar. Egileak erabiltzen duen hiztegia eta gai batzuk oso modu egokian landuta daude.
Guztiz gomendagarria da eleberri hau.
MARTA (2015)