Bihotz bi, hilobi bat

 

ELKARBIZITZA EZKORRA
Bi bihotz, hilobi bat  liburuan, umore beltza eta tentsioa dira nagusi. Idazlea, Ramon Saizarbitoria, euskal literatura modernoaren sortzailea da, askoren ustez.
Protagonista hiztegi entziklopedikoen saltzailea da, eta lehenengo pertsonan kontatzen ditu bere gorabeherak. Hasieran, emaztearekin eta amaginarrebarekin izandako liskarrak agertzen dira. Horretarako, familia tradizionalen estereotipoetan sakontzen du idazleak.
Istorioak aurrera egin ahala, senar-emazteen arteko harremana gero eta krudelagoa da. Momentu horiek deskribatzeko, egoera latz-latzak eraikitzen ditu Saizarbitoriak, errealtasun handiz eraiki ere.
Laburbilduz, bikote baten ibilbide ilun eta hitsa kontatzen du Saizarbitoriak, maitasunetik gorrotora.
Jon (2018)

 

Liburu honetan, senar-emazteen arteko harreman zalapartatsuak eta haien arteko istiluak oso nabarmenak dira. Protagonistak ez daki bideratzen emaztearen mendekotasuna, ez du ulertzen emazteak berarengandik espero duena. Flora, emaztea, baserriko emakume fededuna da eta amak esandakoa betetzen duen horietakoa. Florak pentsatzen du bere gizona liburu-saltzaile gizajo bat baino ez dela: beti liburuez hitz egiten, beti ezohikoak diren gauzetan ibiltzen, beti bere jakinduria agerian uzten… Berarentzat ez da benetako gizona, alproja hutsa baizik.
Floraren aitaren gorpua non eta nola lurperatu da narrazioaren atal nagusia, baina protagonistaren ezintasunak eta koldartasuna ere obra osoan zehar agertzen dira.
Liburuak, ironiaren eta tarte barregarrien bidez, giza harremanak aurkezten ditu, gugandik guztiz hurbil daudenak. Estiloa narratiboa, erraza, arina eta ordenatua da. Elkarrizketa gutxi daude; gehienetan,  gaztelaniaz, eta horien itzulpena, besterik ez. Deskribapenak ere urriak dira. Orokorrean, protagonisten sentimenduak, pentsamenduak eta bizipenak dira obra honen ildo nagusia.
Marta (2017
)

 

Eleberria  gustatu egin zait, erraza da  irakurtzeko. Nobela beltza dela esan dezakegu, baina, ez oso ohikoa. Idazleak pertsonaiak egoera erdi komiko batean jartzen dituen arren,  gaia sakonak plazaratu nahi ditu aldi berean; horrexegatik,  lerroen artean bizitzaren tristezia adierazi nahi duela iruditu zait. Liburua gomendatu zidanak barre egiteko zela esan zidan, irakurri ondoren,  ostera,  ez nator bat ideia horrekin. Umorea bai, badago, baina krudelkeriaz batera  agertzen da gehien bat. Egileak harremanei buruz idazten du liburu honetan. Bikote bat dugu protagonista eta ikusten dugu nola gaiztotzen den  haien arteko harremana: maitasuna itzaltzeaz batera, harremana hautsi eta amildegi sakon batera heltzen da.

Eloisa

 

“Ez da posible... Ezin liteke...“ Ruper Ordorikaren abesti bat ekarri dit gogora Bihotz bi, hilobi bat liburuak. Emakumeak eta gizonak, bikoteak, familia, harremanak… Elkarren artean loturik dauden gaiak tratatzen ditu Ramon Saizarbitoriak liburuan. Nor gera daiteke horien inguruan sortzen diren sentimenduetatik at? Inor ez.
 
Protagonista Lur entziklopedia-saltzailea da, eta Flora (emaztea) etxekoandrea. Pertsonaia nagusia eta Flora urteak direla ezkondu ziren, eta Floraren etxera joan ziren bizitzera. Bikote harremana ez da ona, ilusioa galdu dute, eta elkartu zituen maitasunaren falta dago. Hala ere, protagonistak badu euskarria familian bertan: Benito, Floraren aita. Lagunarteko harreman horrek ez du luze iraungo, tamalez, Benito hil egiten da eta. Handik aurrera,  familiako emakume biek bat egingo dute pertsonaia nagusiaren kontra egiteko. Hark ihesbideren bat beharko du ilusioa mantentzeko. Bioletari esker galdutako interesa berreskuratzen hasiko da, baina…

Protagonista antiheroia da; tipo grisa eta pasiboa da. Bere ideiak eta gurak defendatu ezinean dabilen pertsonaia. Emakumeen menpekotasun horretatik ateratzeko gai ez dena. Umorez jositako eleberria dugu; umore beltzez, sarkasmoz… Gizonaren irudi patetikoa eskaintzen du, baina oso modu dibertigarrian; beraz, nahiz eta errefusa sortu, barre-algarak ere eragiten ditu. Ez hori bakarrik, hausnarketa egitera ere eroaten gaitu. Zer-nolako pertsonaiak gara gure bizitza propioan? Menperatuak, menperatzaileak, ilusioaren bila goazenak, etsipenak harrapatzen dituen horietakoak…?

Bizitza bakarra dugu, eta ondo aukeratu behar dugu zein modutan egin nahi dugun aurrera. “Zaindu maite duzun hori…” izan daiteke (bukatu ere Ruperrekin egiteko) liburu honen mezua.


Cris (2015)