Bilbao-New York-Bilbao

Nobela honen izenburuak joan-etorriko bidaia bat iradokitzen digu. Eta hori aurkituko dugu eleberri honetan: familia baten, herri baten, gizarte baten eta hainbat pertsonaiaren joan-etorriak, eta hori guztia liburuaren idazketa-prozesuarekin lotuta, prozesua bera bidaia bat izango balitz bezala.
Idazlearen familia abiapuntu izanda, hiru belaunalditako kontakizunak txertatzen dira: gerra-garaikoak, frankismoaren garaikoak eta gaur egungoak. Askotan, istorio hunkigarriak dira, eta, gehienetan, itsasoarekin eta arrantzaleekin erlazionatuak. Horien guztien lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat eta haren inguruko gorabeherak.
Liburuan zehar, pasadizo horiek ez ezik, idazlearen gogoetak, oroitzapenak eta hainbat pentsamendu ere  agertzen dira. Horretarako, era askotako formatu edo elementuak erabiltzen dira: gutunak, posta elektronikoak, poemak, ahozko tradizioan oinarritutako testuak, eguneroko baten pasarteak, Wikipediako sarrerak, hegazkinetan agertzen diren informazio pantailak…
Izan ere, idazleak esan bezala, tramarik eta intrigarik gabeko liburua da, baina, lehen aipatu dugun moduan, hainbat pasadizoz eta gogoetaz osaturiko eleberria. Horren eraginez, nire iritziz, liburuak momentu batzuetan korapilatsu samarra bilakatzeko arriskua du; pasarte eta hausnarketa batzuk derrigorrean sartuta daudela dirudi, eta horrek naturaltasun eza sortzen du.

Ainhoa González, 2016


“Bidaiatzea gustuko dut, joan-etorriko bidaiak batez ere; leku ezezagun batera joan, toki garrantzitsuak ikusi, eta buelta”.  Bilbao – New York – Bilbao eleberria nire eskuetara heldu zenean, hitz horeik irakurrita,  nobela horrexetaz arituko zela pentsatu nuen, zeharo desberdinak diren bi hirien arteko erlazioaz, hain zuzen ere.
Liburua irakurri ahala konturatu nintzen bi hirien historia ez ezik, hiru belaunaldiren historia ere kontatzen zitzaigula; tradizioa eta modernismoa, arrantzaleen errealitatea eta Internet, Bilbao eta New York. Liburuaren hasiera ere, ezberdinak diren gauzen artean erlazioa bilatu nahian egiten da: “ Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute”.
Material ugarirekin (gutunak, emailak, egunerokoak, poemak...) ohiko gertaerak azaltzen ditu Kirmen Uribek. Pertsonaiak sare batean egongo balira bezala, errealitatearen zatiak azaltzen ditu gauzen eta hitzen arteko zubiak eraikiz.
Aitortu beharra daukat eleberria ez dela nire gustokoa izan; pertsonaiak eta gertaerak korapilatu egiten dira eta horiek, nolabait, ulergarritasuna eragozten dute.

Sonia (2015)


     Kirmen Uribe 1970ean jaio zen Ondarroan. Haren lana euskal tradizioan oinarritzen da, eta itsasoarekin eta arrantzaren munduarekin lotura estua dauka.

Bilbao New York Bilbao Elkar argitaletxeak 2008an argitaratu zuen. Kirmen Uriberen 1. eleberri honek 2008an Kritika Saria eta 2009an Espainako Literatura Saria lortu zituen. Horretaz gain, hainbat hizkuntzatara izulia izan da.

    "ARRAINEK eta zuhaitzek elkarren antza dute. Antza dute uztaietatik (...). Eta uztaiak arrainetan legez, gertaera latzak geratu egiten dira gure memorian,(...)". Paragrafo berezi eta interesgarri honekin ematen dio hasiera Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao nobelari. Arrainen eta zuhaitzen uztaiekin gertatzen den bezala gertatuko da idazlearen familiaren, lagunen, ingurukoen... gertaerekin; gure memorian geratuko dira, errealitateak eta fikzioak bat eginez.
Baliabide ugari erabiliz (gutunak, egunerokoak, olerkiak, mezu elektronikoak...) hiru belaunaldiren oroitzapenak kontatuko dizkigu Kirmenek, Bilbotik New Yorkera egiten ari den hegaldian; gerra garaia, frankismoa eta gaur egungo garaiak uztartuko ditu egileak.
Oroitzapen batetik bestera istorio unkigarriak eskaintzen dizkigu. Liborio Uribe (aitona), Aurelio Arteta (margolaria), Ricardo Bastida (arkitektoa), Jose Uribe (aita), amona Ana, izeba Maritxu eta hainbat eta hainbat pertsonaia agertzen doaz Ondarroa eta itsasoari lotutako kontakizun honetan.

    Eleberrian agertzen diren istorioak korapilatu egiten dira. Pasarteak, gehienetan, interesgarriak eta unkigarriak iruditu zaizkit, baina haien arteko lotura faltak  ildoa galtzera darama bat. Autofikzioan oinarritzen bada ere, fikzioaren eta errealitatearen arteko lotura lausoa da oso.

Irakurtzeko erraza dela eta ondo idatzia dagoela iruditu zait. Irakurketa ezohikoak eta  istorio korapilatsuak gustoko badituzu, irakur ezazu.

            
     Karmele

*****************************************


Egundo pentsatu duzue ea posiblea den denboran bidaiatzea? Horrela izango balitz, gustatuko litzaizueke bidaia hori egitea? Hala bada, sano aukera ona daukazue Kirmen Uribek idatzitako liburuan. 
Bilbao-New York-Bilbao izeneko eleberriak gerraurrean, frankismoan eta gaur egungo garaietan bidaiatzeko aukera eskaintzen digu, idazlearen familiaren hiru belaunaldi (aitona-amonak, gurasoak eta idazlea) ezagutuz. Horregatik, denbora da liburu honetan dauden kontakizunak josten dituen haririk potoloena; hain zuzen ere, denbora bihurtzen da fikziozko leku oniriko. 
Beste aldetik, Kirmenen idazteko trebetasunak denbora eta espazioaren arteko mugak ezabatzea lortzen du; beraz, lekuak eta garaiak nahasten dira, eta fikziozko leku idiliko bihurtzen dira. Hori dela eta, bera egiten ari den bidaia (Bilbao-New York–Bilbao) egiten du irakurleak, berarekin doa irakurlea hegazkinean; eta, aldi berean, berarekin bizi ditu liburuko istorioak: haren familiaren hiru belaunaldikoak.
Aipatutako bi bidaia horiek  egiteko laguntzarik onena lirikotasuna da; hain zuzen ere, eleberria irakurri beharrean olerki luze bat irakurtzen ari zarela ematen du. Lirismoa ezinbestekoa da lekuak eta denborak idealizatzeko; horregatik eta horrela (lirikotasunaren bidez) lortzen du Kirmenek irakurleak bizi ditzala gaur egun desagertuta dauden mundua eta bizimodua: itsasoarekin lotutako mundua eta bizimodua.
Azkenik, lekuaz eta denboraz aparte, itsasoa da hirugarren elementurik inportanteena, beste pertsonaia bat baita. Itsasoa izaki biziduna da istorioetan, eta bizia ematen die beste pertsonaiei. Halaber, idazlearen bidaia Loiun hasten da, eta New Yorken amaitzen, Ozeano Atlantikoa zeharkatuta. Horretaz ere baliatzen da Kirmen adierazteko itsasoan ez dagoela mugarik; beraz, lekuek eta denborak marrazten dizkiguten mugak itsasoak ezabatzen ditu, muga horiek buru-asmatze baino ez baitira.

                           Laura