Biodiskografiak


Music is more than enough
James Rhodes


Jaten duguna gara gu. Eta irakurtzen duguna. Eta entzuten ditugun diskoak. Kulturak arima zaintzen du. Arteak sentimenduak babesten ditu. Musika aterpe bat da. Hanxe bertan sortzen da euforia. Hanxe bertan miazkatzen ditugu bizitzako zauriak. “Play fuckin' loud” entzutean, bizitzak zentzu osoa hartzen du. Sabelak agintea lortzen duenetik aurrera hobe da testuak zu eramaten uztea. Harrapatuta zaudelako. Ez baitago atzera joaterik.

Basauri. 1988an. Hamabi urte nituen eta Musibas musika dendan erosi nuen Mecanoren Descanso dominical, nire lehenengo diskoa. Biniloa ireki eta libretoaren usaina nabaritu nuen. Ordutik aurrera beti jarraitzen dut erritual bera. Musika usaimenarekin hasten da. Gero, argazkiak begietsi eta kreditoak irakurri nituen. Gozatzeaz gain, ikasi nahi nuen. “It's only rock and roll, but I like it”.

Kaseteak grabatu ohi nizkien (neska)lagunei John Peel eta Jesús Ordovás ezagutu aurretik. Come as you are, Debaser eta Common people; Segundo premio, Perfect day eta I remember you. Kontzertuak laster agertu ziren Kafe Antzokia tenplu sakratuan: Stereolab, Yo La Tengo eta Luna; Los Planetas, Lisabo eta John Cale. “Third verse, different from the first!”.

Iban Zalduak bidaia bat proposatzen digu berrogeita bi diskoetan zehar, non musika fikzioaren eta oroitzapenaren arteko transmisio-uhala bihurtzen den. Album bakoitzaren oinarriak mahai gainean ipini eta zimendu hauekin berrogeita bi ipuin sampleatzen ditu, The Beatlesen Revolvertik Paul Welleren 22 Dreams arte. Erdian, bitartean, amodioa eta heriotza; zoria eta harridura; gogaitasuna eta poza. “I’m a shoe… and so are you”.

Biodiskografiak-ek musika zaletasuna pizten du, baina ororen gainetik, literatura da; izan ere, jaten duguna gara gu. Eta irakurtzen duguna. Eta entzuten ditugun diskoak.

“That's my speech, that's my song”.

Josean, 2016