Bizitza homeopatikoak


Xabier Mendiguren Elizegik liburu hau kaleratu du: Bizitza homeopatikoak. Bi kontakizun bildu ditu: «Bizitaren sentimendu homeopatikoa» eta  «Bizitzako garairik onena».
 Lehenengo narrazioa  umorezkoa da: ironiaz eta  sarkasmoz beteta dago. Protagonista gizon bat da, Mirande izeneko liburu-dendako jabea. Egun batean, mediterraneoan zehar bidaia egiteko aukera sortu zaio. Han, gertatutako pasadizoak azaltzeaz gain, protagonistaren ogibidearen  zenbait kontu kritikatzeko ere aprobetxatzen du; besteak beste, argitaletxeak, banatzaileak, idazleak eta unibertsitatea (hark irakasleak kontratatzeko dauzkan sistemak). Narrazioan zuzen aritzen zaio idazlea irakurleari; berari zuzendutako gutun luzea dirudi.

Bigarren kontakizuna, berriz —«Bizitzako garairik onena»—, dramatikoa da. Protagonista Mertxe da, eta Bruselan —Europako Parlamentuko itzulpen-zerbitzuan— lan egiten du. Bat-batean telefono dei bat jaso du. Aitari ebakuntza larria egin behar diote, baina amak zerbait gehiago ere esan dio: bera —ama— asper-asper eginda dagoela beti zaintzen egoteaz, eta etxetik alde egiteko asmoa duela. Kontakizun serioa da. Bizitzari buruzko gai potoloak agertzen dira bertan, hala nola guraso eta seme-alaben arteko harremanak, gurasoak zahartzen direnean seme-alabek hartu beharreko jarrera, bizitzaren oinarriak, altruismoa edo egoismoa...
Bi kontakizunek ez daukate aparteko zailtasunik ulertzeko; bietan idazleak hizkera erraza erabiltzen du. Atsegingarria eta entretenigarria izan da eleberria, benetan. Guztiz gomendagarria da.

Agurtzane, 2016