Connemara gure bihotzetan

Bidaia-liburu honetan, zortzi ipuin eta zortzi argazki tartekatzen dira. Ipuin laburrak dira eta dolu, atsekabe eta sentimendu ugariz osatuta daude; laburrak izan arren, bizipen latzak, tristura eta nekea biziki transmititzen dute. Tartean, ipuinetako pertsonaien argazki adierazkorrak agertzen dira. Hasieran, ez nekien nobelarekin zerikusia zutela; gero, argi izan dut aparteko istorioak direla. Istorio bakoitzak pertsonaia batzuen bizitzaren atal bat kontatzen digu. Gustukoak izan ditut hain hitz gutxitan hainbat sentimendu transmititzen dituztelako.
Udan Irlandara joatea pentsatu dugu eta, liburu honen bidez, bertako kontuak ezagutu nahi nituen; baina, nobelan Irlandako leku zoragarriak aipatzen badira ere, gehienbat  pertsonaia nagusien barneko bidaia da. Nobela Eider Irlandara doanean hasten da. Bertan, Bitakora egunerokoa idazten du aterpetxeetako izenak pasahitza eran erabiliz. Eider hiltzen denean, Txemak Bitakora irakurri nahi du Eiderri azken agurra emateko. Pasahitzak aurkitzeko, Irlandara doa neska-lagunak egindako bidaia bera egiteko asmoarekin, baina, Irlandan,  bere bizitza zeharo aldatuko duten ezuste ugari izango ditu.
Julen Gabiriak estilo zuzena eta arina erabiltzen du; batuan idatzi arren, bizkaierako hitzak erabiltzen ditu eta erraz irakurtzen da. Liburuan politika, harremanak, engainua... aipatzen dituen arren, ez ditu niri gustatuko litzaidakeen bezain sakon aztertzen; gainetik so egiten die. Batzuetan, emozioei kanpotik behatzen diela iruditu zait eta ez dut lortu pertsonaiek sentitzen dutena neure egitea.
Inma (2017)

 

Liburu hau aukeratu nuenean, ez nuen aurretik inolako erreferentziarik, baina esan behar dut  izenburuak (Connemara gure Bihotzetan), berehala erakarri ninduela, ni aspaldi Irlandan bizi izan nintzelako.
Irakurtzen hasi bezain laster, Txema eta Eiderren gorabeherek harrapatu ninduten, eta irrikan nengoen noiz hartu liburua, beste zatitxo bat  irakurri ahal izateko.
Liburu honetan, Julen Gabiriak oso ondo islatzen ditu pertsonaia guztien sentimenduak, eta, haiekin batera, norberak ere bizi ditu emozio horiek guztiak: bai sufrimendua, bai zoriontasun-uneak.
Istorioaren gai nagusiak engainua eta horrek dakarren ustekabea eta sufrimendua izan arren,  tartekatzen diren ipuin sinbolikoek istorioaren ildotik ateratzen zaituzte, nahiz eta haiek ere sentsazio sentibera eta goibela utzi.
Irlandako tokiak eta paisaiak ezin hobeto deskribatzen ditu Julenek, eta hainbat pasartetan , nik bertan bizi izandako sentsazioak gogora ekarri dizkit, eta hara bueltatzeko gogoa berriro piztu.
Liburu hau irakurri ondoren, Connemara nire bihotzean izenburua jarriko niokela aitortzen dut; zeren eta ,bene-benetan, nire bihotzera heldu da.
E.E. (2016)


Lagun batek gomendatuta animatu nintzen irakurtzera Julen Gabiriaren Connemara gure bihotzetan eleberria. Haren esanetan, arin irakurtzen daeta liburu entretenigarria da oso. Gainera, gai nagusia maitasuna zela esan zidan, eta horrekin guztiz konbentzitu ninduen.
Hasiera tristea duen arren, istorioak aurrera egin ahala, idazleak irakurlea harrapatzea lortzen du, pertsonai nagusienetariko batek maitasunak itsututa Irlandara bidaia prestatzen hasten denean.
Eleberriak aurrera egiten duen heinean, liburua irakurtzeko gero eta irrika handiago sentitzen dugu; izan ere, maitasun istorioak, ezusteak, engainuak, Irlandako egoera politikoa eta abarrekin topo egiten dugu.
Aldez aurretik Irlanda ezagutzeko gogoa banuen, baina orain, Connemara gure bihotzetan eleberria irakurrita, bertara bidaiatzeko nahia handitu zait.
Izugarri gustatu zait Julen Gabiriaren eleberria, guztiz gomendagarria euskaraz irakurtzera animatu nahi duenarentzat.

Saioa